Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/09/18 08:05:00.820 GMT+2

Glosategi bat tipografiaz

Egun hauetan glosategi bat osatzen ibili naiz, tipografiaren gainean. Horretarako, hiru erreferentzia erabili ditut:
  1. ESNAL, Pello & ZUBIMENDI, Joxe Ramon (1993): Idazkera-liburua. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen-Zerbitzu Nagusia. Gasteiz.
  2. BERRIA (2006): Estilo liburua. Berria. Andoain.
  3. WILLIAMS, Robin (1994): How to boss your fonts around. Peachpit Press. Berkeley.
Laster, beste glosategi handiago batean txertatuko dugu hau, Komunikazio glosategi bat egingo dugu-eta Huhezin, nahi duenak erabil dezan. Bitartean, hona hemen lehen emaitzak.

Aipu marka. Ortografi ikurra, balio dute hitzez hitzeko adierazpenak eta aipuak txertatzeko, edo hitz bereziak markatzeko. Aipu markak bakunak izan daitezke, eta erabiltzen dira adierazpenen barruan beste inoren hitzak markatzeko.

Alargun.
Paragrafo bateko azken lerro oso laburra, laburregia paragrafoaren zabalera kontuan hartuta. Akats bat da, konpondu beharrekoa. (widow).

Autoedizio. Ordenagailuak erabiltzea argitalpenak sortzeko (aldizkariak, berripaperak, esku orriak...). Edozeinek erabil dezake autoedizioa, ez soilik hedabide handiek. (desktop publishing).

Azpimarra. Lerro bat da, eta egiten da idatzitako zerbaiten azpian, hura nabarmentzeko. Ordenagailuetan, oso itsusi geratzen da azpimarra, testuari itsatsita geratzen delako. Horren ordez, gomendatzen da beste baliabide batzuk erabiltzea: letra italikoa, letra lodia edo beste letratipo bat. (underline).

Azpiletratxo. Letra txiki bat da, eta jartzen da arrunt idatzitako letraren, zenbakiaren edo hitzaren beheko saihetsean.

Behe mutur. Zenbait letraren zatiak, x alturatik behera jaisten direnak, adibidez letra hauek: g, p, q, y. (descenders).

Bola. Biribil handi honi esaten zaio bola: • eta erabiltzen da informazioa sailkatzeko, zenbakiak bezala. (bullet)

Erreka. Letra arteko hutsune nabarmen eta itsusiak, agertzen dira ezker-eskuin lerrokatutako testuetan. (river).

Familia tipografiko. Biltzen ditu letratipoak, diseinu ezaugarri (eta izen) berdinak dituztenak. Adibidez, Garamond, Garamond Bold, Garamond Italic, Garamond Bold Italic, Garamond Condensed eta Garamond Ultra Condensed. Denak dira familia bateko kide.

Gainletratxo. Letra txiki bat da, eta jartzen da arrunt idatzitako letraren, zenbakiaren edo hitzaren goieneko saihetsean.

Goi mutur. Zenbait letraren zatiak, x alturatik gora daudenak, adibidez letra hauek: b, d, h, l, t. (ascenders).

Hutsune soil.
Une huts bat da, hitz bitartekoa. Hutsune soilari takateko bakarra dagokio.

Hutsune zatiezin. Hutsune berezi bat da, esaldi batean loturik beharko lukeen osagairen bat bi lerrotan ez apurtzeko. Ordenagailu askotan, hutsune zatiezina, neurriz, izaten da takateko bakarreko hutsune soila baino zabalagoa, eta bi takatekoz sortutako hutsunea baino estuagoa.

Irakurgarritasun. Letrakeraren bereizmen maila. Alegia, erraz ala zail egiten zaigun letrakerak bereiztea, adibidez, "n" eta "h". (legibility).

Karakter. Izan daiteke letra bat, puntu bat, zenbaki bat, takateko bat. Testu prozesadoreak agertu zirenetik, hainbat hedabidek karakterretan eskatzen dituzte artikuluak, berauek neurri jakin batera moldatu behar direnean.

Kerning. Letren arteko espazioa ajustatzea, letrartekoa kontsistentea ager dadin. Hori egin behar izaten da batez ere izenburuetan, "Ta" edo "Vo" letra multzoetan, adibidez, berez tarte handiegia dutelako letren artean.

Koska. Hutsune berezia da, eta joaten da lerrokadaren hasieran, letra larriaren aurrean. Puntu eta aparte bakoitzaren ondoren, hurrengo lerroan atera behar da koska, lerro hasieran. Berez, ez da hutsune ortografikoa, hutsune tipografikoa baizik. (sangría, indent)

Koska frantses. Alderantzizkoa ere esaten zaio. Koska frantsesa ateratako lerrokadan, lehenengo lerroa izaten da beti luzeena. Zenbait kasutan, oso erabilgarria izan daiteke.

Lerroarte. Tarte bat da, dagoena lerropeko marra nagusi batetik bestera. Lerroartea oso garrantzitsua da, beronen araberakoak izaten baitira letra alturak: bai letra xehearen altura (x altura), bai letra larrien altura, eta baita lerroarteko hutsuneak ere.

Lerroarteko hutsune. Bi lerroren artean dagoen hutsunea. Lerroarte jakin bakoitzari lerroarteko hutsune jakin bat dagokio: berezkoa.

Lerrokatu. Lerroen saihetsak antolatzea, goitik behera datorren ezkutuko marra baten arabera. Lau eratara lerroka daiteke testu bat: ezkerrean, eskuinean, erdian edo ezker-eskuin.

Lerropeko marra. Ezkutuko marra bat da, eta horren gainean antolatzen dira letrak eta espazioak, lerro baten barruan. (línea de base, baseline).

Letra beltz. "Gotikoa" ere esaten zaio, edo "letra beltz alemana", herrialde hartan eutsi egin baitiote letratipo horri, nahiz eta irakurtzeko zailagoa izan. (black letter).

Letra etzan. Horrela deritzo ordenagailuak etzanarazitako letra normalari. (oblique)

Letra hustu. Bakarrik erakusten du letraren soslaia, barruan ezer ez duela. Gutxi erabiltzen da.

Letra italiko. Eskuinera dago makurtuta, eta irudikatzen du eskuz idatzitako letra mota. Bereziki diseinatua da, eta ez du zerikusirik letra etzanaraziarekin. (italic)

Letra kapitular. Letratzar bakarrari esaten zaio, atal baten hasieran erabiltzen dena. Dezente handiagoa da inguruko letrak baino. (initial cap).

Letra larri. Esaldien eta izen berezien hasieran ipintzen da. Maiuskula ere esaten zaio. (capital).

Letra larri motz. Irudiz, letra larria da; baina letra xehearen alturakoa. (versalita, small cap).

Letra lodi. Marra lodikoari esaten zaio, eta erabiltzen da hitzak nabarmentzeko. (negrita, bold).

Letra lodi samar. Lodia baino estuagoa. (demi bold).

Letra oso lodi. Lodia baino gizenagoa. (extra bold).

Letra xehe. Tamaina txikiko letra. Minuskula.

Letra zuzen. Letrakera normala. (roman).

Letratarte. Letra bitartea. Letratipo bakoitzak era jakin batera antolatzen ditu letratarteak eta letren zabalerak. Courier letratipoak, esate baterako, espazio berdina ematen die letra guztiei, m izan ala i izan, idazmakinaren garaian bezala. Beste batzuek, berriz, Times kasu, letra bakoitzari antolatzen diote lekune bat, bere zabaleraren arabera. Hemen, i letrak halako hiru hartzen du m letrak. Lerroartea puntuka neurtzen da, eta letrak ere bai. Hamabi puntuko letra, esate baterako, da hamabi puntuko lerroarteari dagokion letra.

Letratipo. Letra multzo bat, eta biltzen ditu ezaugarri tipografiko bereko letra guztiak.

Letratipo kamuts. "Serif gabea" ere esaten zaio kategoria honi, letrak ez duelako ertzik, ez eta trantsiziorik loditik mehera. Letra mota honetan marra guztiek lodiera bera dute alde guztietan. Zenbait adibide: Helvetica, Arial eta Frutiger, besteak beste. (sans serif).

Letratipo zorrotz. "Serifduna" ere esaten zaio kategoria honi, bertako letrak ertzak dituztelako bukaeran —serif horixe da, ertza—, eta beronen marrak lodi-mehe trantsizioak dituelako. Adibideak: Times, Garamond eta Baskerville, besteak beste. (serif).

Ligatura. Bi letra edo zeinu, batean. Sortzen dira konpontzeko espazio edo diseinu arazoak. Adibidez, “fi” eta “fl” bikoteen arazoak konpontzeko sortzen dira ligatura bereziak, eta hor letra biak modu dotorean uztatzen dira.

Marra. Erabiltzen da akotazioak egiteko. Marratxoa baino luzeagoa da.

Marratxo. Hitzak-eta lotzeko erabiltzen da, esaldi honetan bertan bezala.

Ontza. Neurri mota bat da, sei dozena puntuz osatua. (pulgada, inch).

PostScript. Hizkuntza grafiko bat da, eta erabiltzen da ordenagailuetan, inprimatzeko letrakera eta grafiko konplexuak.

Puntu. Didot puntua ere esaten zaio. Bera da oinarrizko neurria tipografian.

QWERTY. Diseinurik ohikoena teklatuetan, bai idazmakinetan, ordenagailuetan eta baita sakelako telefono zenbaitetan ere. Berauetan, lehen sei letrak dira q, w, e, r, t eta y.

Takateko. Kolpe bat da, eta ordenagailuaren espazio barrari ematen zaio, hitzak bereizteko. (spaceband).

Tipografia. Arte edo prozesu bat da sorkuntza lanak egiteko, irar-letrak edo kaligrafia erabilita. Halaber, izen hori erabiltzen da izendatzeko zer itxura duen inprimaturiko lan batek: "diseinatzaile horrek oso tipografia dinamikoa erabiltzen du".

x altura. Letra xehearen altura; x altura handiago, eta muturrak laburrago; letratipoak handiagoa dirudi. x altura txikiago, eta muturrak luzeago. Letratipoak txikiagoa dirudi. (x-height).

Zizero. Neurri unitate bat, eta aspaldi asko erabili zen. Hamabi puntu zituen: 4,23 milimetro. (cicero).

Zurtz. Paragrafo bateko azken lerroa, bakarrik geratzen denean hurrengo zutabearen goialdean, edo paragrafo bateko lehen lerroari, bakarrik zutabe baten hondoan. Akats bat da, konpondu beharrekoa. (orphan).

Nork: Joxe Aranzabal.2008/09/18 08:05:00.820 GMT+2
Etiketak: glosategia tipografia | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (2)

Erantzunak

Lan politxa egin dozuna, "copiar y pegar" egin ondoren nere karpentan gorde dot geroxeago irakurtzeko ta ondo ikasteko.

Mila esker

Nork: MARIJO.2008/09/18 08:31:05.825 GMT+2

Lan ona!
Eskerrik asko-

Nork: Goio A..2008/09/18 13:04:01.864 GMT+2

Eskerrik asko zuei. Jendeak erabilgarri ikusten badu, ederto. Ondo segi.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/09/19 23:00:23.857 GMT+2
http://goiena.net/blogak/faroa

Errenferentziak:

...uta. Prestatzen nabil beste proiektu bat, glosategi bat komunikazioaz, eta egun hauetan horrek kendu dit denbora. Egindako lanaren zati bat, tipografia glosategia, joan den astean argitaratu nuen hementxe bertan, baina baditut ta...

Erreferentzia: Blogariok, nagiago? - Faroa 2008/09/21 20:33:14.938 GMT+2

...href="http://komunikazioglosategia.pbwiki.com/FrontPage">Glosategia Komunikazioaren gainean, aurrekoa baino askoz ere osoagoa, izan ere, Tipografiaren gainekoa hemen txertatuta baitago. Glosategi honen edukiak irekiak dira.Mo...

Erreferentzia: Glosategia Komunikazioaren gainean - Faroa 2008/09/28 22:30:54.290 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak