Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/10/14 08:33:02.369 GMT+2

Gabriel Arestiren urteurrenean

Atzo lanetik irtendakoan, autoan sartu eta Angel Zelaietari entzun nion Euskadi Irratian, Gabriel Arestiren gainean hitz egiten. Aspaldi irakurria nuen Zelaietak idatzitako biografia Arestiri buruz; hala ere, gustura entzun nuen atzokoa. Gogora etorri zitzaizkidan Gabriel Arestiren irudiak hitzaldi bat ematen Deustuko Unibertsitatean: irakurri egin zuen euskaraz, azentu arrotzarekin. Baten batek esan zuen ordurako oso gaixorik zegoela. Handik gutxira, hil egin zen.

Kontakizunean aurrera, Zelaietak ELA berri aipatu zuen, Eladioak, eta aipatu zituen orduan oso gogor egin zutelako Arestiren kontra. Aurpegia ilundu zitzaidan orduan, garai hartan neu ere hantxe ibili bainintzen, nahiz eta artean oso gaztea nintzen. Lotsatu egiten naiz orduan izandako jarrerarekin, bidegabea zelako, eta jarrera hark elikatu dituelako, neurri handi batean, gerora etorri diren muturreko beste asko.

Lotara egiterakoan, liburu apalategian arakatu, eta Gabriel Arestiren poema liburu bat hartu nuen. Argia itzali aurretik, hark sortutako munduan barrena abiatu nintzen. Nire omenaldi xumea izan zen, Gabriel jaio zela 75 urte betetzen diren honetan.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/10/14 08:33:02.369 GMT+2
Etiketak: zelaieta aresti euskadi_irratia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak