Fernando haurrak hezur-muina behar du

Fernando Aretxabaletan jaio zen orain 9 hilabete, baina arazo larri bat du, eta aukera bakarra bizitzeko: hezur-muineko transplantea. Hori dela-eta haurtxoaren gurasoek blog bat sortu dute, Fernando necesita médula, dei ozena emaileak bilatzeko.

Ni ere hezur-muinaren transplante bati esker bizi naiz. 2003an izan zen hori. Urtebete lehenago, linfoma bat aurkitu zidaten, odolean agertzen den minbizi mota bat, eta ia urtebete kimioa eta beste terapia batzuk jaso ondoren, hezur-muinaren transplantea egin zidaten, ziurtatzeko minbizia ez zitzaidala berriro agertuko. Sekulako zorte ona izan nuen, neure familian aurkitu bainuen emaile bat: Fatima arreba. Bost neba-arreba gara, eta bakarra aurkitu zuten konpatiblea nirekin: bera.

Fatima eta biok egun berean joan ginen ospitalera. Odol transfusio bat bailitzan atera zizkioten zelula amak arrebari. Handik bospasei egunera niri sartu zizkidaten, odol transfusioaren teknika erabilita. Egun haietan beste bi euskaldun ezagutu nituen Santanderko Ospitalean, ni moduan hezur-muinaren transplantea egiten: batak bere familian zeukan emailea; besteari, berriz, Alemaniatik ekarri zioten berak behar zuen hezur-muina, bere familian eta Euskal Herri osoan ez zutelako emaile egokirik aurkitu.

Transplante horien problemarik handiena ez da teknikoa izaten, baizik eta emaileak aurkitzea, konpatibleak izango direnak gaixoarekin. Horregatik, oso inportantea da ahalik eta emaile gehien egotea, kasu horretan areagotu egiten baita emaile egokia aurkitzeko aukera. Hortik Fernandoren familiaren angustia, oraindik ez du-eta aurkitu inor konpatible bere semetxoarekin.

Nik bat egiten dut Fernando txikiaren familiarekin, eta gonbita egiten dizuet anima zaitezten hezur-muinaren emaile izatera. Horretarako, Jose Carreras Fundazioan duzue informazio gehiago.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude