Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/12/18 07:49:02.280 GMT+1

Ezin bereiztu webgunea eta web orria

Euskaltzaindiak ere arazoak bide ditu bereizteko webgunea eta web orria. Atzo bertan, abenduaren 17an, Andres Urrutia euskaltzainburuak Plazaberri albiste emaile elektronikoan egindako idatzian, non iragartzen baitigu Euskaltzaindiak "blogaren aldeko apustua" egingo duela --inoiz ez da berandu, nahiz eta lehen bloga erabat euskaraz orain zazpi urte plazaratu zen--, behin eta berriro erabiltzen du "web-orria", adierazteko Euskaltzaindiaren webgunea.

Anglofonoek —beraiek asmatu zuten Internet— oso garbi bereizten dituzte website eta web page, alegia, webgunea eta web orria, eta horrela erabili dituzte hasiera hasieratik. Gaztelaniaz, berriz, jende piloa ari da nahasten sitio web eta página web, eta gaur egun hedabide gehienetan sitio web esan beharrean, asko eta asko, gehienak esango nuke, página web ari dira erabiltzen.

Euskal blogosferan, adibidez, orain gutxi arte jende gehienak ondo bereiztu ditu bi izen horiek, webgunea eta web orria, baina Internet zabaldu denean hedabide tradizionaletara eta ikasgeletara, hasi da nahasketa, kazetari eta irakasle askok gaztelaniazko hedabideetatik edaten baitugu, eta, oharkabean, geure egiten ditugu kazetari espainiarrek gaizki erabilitako moldeak. Ikusten denez, euskal akademikoak ere ez dira libratzen eragin horretatik.

Hitz bien esanahia bereizte aldera, beharbada lagungarri gertatuko zaio Andres Urrutia jaunari jakitea zer dioen gure glosategiak, Glosategia Komunikazioaren gainean, hitz horren gainean:
  • webgune. (Internet) Web orri bilduma bat da, helbide bakarrean batuta.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/12/18 07:49:02.280 GMT+1
Etiketak: orri web webgune | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Elhuyarkoek, hil arte, web gune erabiliko dute, bereiz.

Nork: Luistxo.2008/12/18 09:35:53.342 GMT+1
http://sustatu.com

Behin baino gehiagotan egiten den hanka-sartzea. Horrelakoetan beti erabiltzen dut liburua adibide modura. Pentsatu webgune bat liburu bat dela eta barruan orrialdeak dauela.

Webgunea:
Interneten eskuragarri dagoen web orrialde bilduma bat da. www.euskaltzaindia.net webgune bat da.

Web orria: Webgune bateko dokumentu bat da.
www.euskaltzaindia.net barruan web orrialdeak daude: argitalpenak, organigrama, agerkariak...

Gehiajo jakiteko:

Nork: imamon.2008/12/18 09:40:11.620 GMT+1
http://goiena.net/blogak/klikbikoitza

Beste harrikada bat: pantailen munduaz ari garela, orri-orrialde erabiltzea ez al da arraro xamarra? Ez al zegoen papera hilda? ;)

Nork: Marti(n).2008/12/18 10:19:10 GMT+1
http://www.asapala.org/mahatsorriak/1976

Marti(n): beste arlo askotan bezala, idatziaren esparruan aspaldi-aspalditik erabili dira aurreko garaietako izenak berrikuntzei deitzeko (birziklatu, esango genuke gaur).

Adibide tipiko bat aipatzearren, liburu hitza latinezko librum-etik dator (liber, libri-ren akusatibotik alegia). Eta liber hitzak, hasiera batean, 'enborraren azalaren barruko partea' esan nahi zuen, enborraren azala idazteko euskarri oso zaharra izanik. Geroago izena euskarri berriago bati deitzeko erabili zen.

Hizkuntzen baliabide honi "metonimia" deitzen zaio, eta hitz berriak sortzeko baliabide oso erabilia da munduko hizkuntzetan.

Barkatu parrafada.

Nork: Ricardo.2008/12/18 16:47:00.266 GMT+1
http://www.blogari.net/filoblogia

Eskerrik asko denoi. Imamonen eta Rikardoren ekarpenak oso argigarriak egin zaizkit. Segi ondo.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/12/18 22:18:47.237 GMT+1
http://goiena.net/blogak/faroa

Eskerrik asko argibideengatik, Rikardo.

Nork: Marti(n).2008/12/19 00:31:19.095 GMT+1
http://www.asapala.org/mahatsorriak/1976

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak