Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/10/03 07:59:10.384 GMT+2

Euskal blogosferaz Legazpin

Atzo arratsaldean Legazpin izan nintzen, mahai inguru batean, ZingiZango euskara elkarteak gonbidatuta, euskal blogosferaz hitz egiten, Luistxo Fernandez eta Haritz Rodriguezekin batera. Aurretik banuen Haritzen berri, baina atzo ezagutu nuen aurrez aurre: gaztea da, patxada handikoa, eta gauzak oso argi ditu. Moderatzaile lanetan, berriz, Asier Iriondo.

Hamabost bat lagun izan ziren mahai ingurua entzuten. Gure partetik, errepaso bat eman genion euskal blogosferari --arazorekin, baina euskal blogosfera badabil; euskal blogariak dira euskaraz idazten dutenak; inoiz baino gehiago idazten da euskaraz...--, Luistxok hainbat aholku eman zien antolatzaileei ZingiZangoko blog plataforma sustatzeko, berak Sustatun eta Eibar.org-en erabili dituen ebanjelizazio lanak hain zuzen, eta bukaeran, Luistxok berak aipatu egin zuen atzerriko filmak azpidazteko kontua, gai bat bere arreta jaso duena azken aldi honetan. Ez dut zalantza izpirik: Luistxo da gure arteko ebanjelaririk bizkorrena: atzo ere, oso ondo saldu zuen azpidatzien kontua, hain ondo ze Patxitrapero blogariaren anaia batek, entzuleen artean zegoena, konpromisoa hartu zuen urtean gutxienez bi film azpititulatzeko.

Hots aldizkaria gogoan
Etxera bidean, pena hartu nuen ez nuelako Hots aldizkaria aipatu. Hots aldizkaria orain 25 urte sortu zen Legazpin, sei urte iraun zuen hilabetekari moduan, eta benetan aitzindaria izan zen euskal aldizkari lokalen panoraman, zeren sei urte haietan, aldizkariaz gain, produktu asko atera baitzituzten: literatura aldizkari bat, hainbat urtekari, ale bereziak jaietan, etab., etab.

Aldizkaria bere azkenetan zela --1988ko abenduan desagertu zen, Arrasate Press jaio zen urte eta hil berean--, ezagutu genuen Elena, Hots aldizkariko sortzailetariko bat, zeinak Germanekin batera Gertu inprimategia sortu berria zuen, eta hari entzunda jakin genuen Hots aldizkariaren eta hark egindako lan guztien berri. Horrengatik ausartu ginen gu ere urtekaria eta jaietako ale bereziak egiten. Beraz, Hots aldizkaria desagertu egin zen, baina utzi zuen arrastoa Arrasate Pressen eta, horren bitartez, euskarazko aldizkari lokalen artean.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/10/03 07:59:10.384 GMT+2
Etiketak: euskara zingizango legazpi haritz luistxo | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Kronika polita Joxe!
ZingiZangorako aprobetxatu dugu. Hemen:
http://www.zingizango.com/albisteak/euskal-blogosferaz/

Aipatzen duzun pena ea pixka at xamurtzen zaizun.
Eskerrik asko

Nork: ZingiZango.2008/10/03 15:44:49.358 GMT+2

Aupa Joxe berriro,
Hasiera lerro pare bat eta zure blogera esteka jarri dugu baina azkenean Jose Luis Ugartek egindako kronika landua sartu dugu. Erantzunetan zure lanaren aipamena dago, halere.
Eskerrik asko berriro.

ZingiZango

Nork: ZingiZango berriro.2008/10/03 17:48:17.663 GMT+2

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak