Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/12/10 07:41:05.252 GMT+1

Bideo jokoak eskolan

(Artikulu hau Jakin aldizkarian atera dut, 168. zenbakian).

Behin eta berriro aipatzen dugu teknologia berriak zein inportanteak diren, zer betebehar interesgarria duten irakaskuntzan, zelako garrantzia duten euskararentzat..., baina bideo jokoak erabat ahaztuta ditugu, munduan horrelakorik ez balego bezala. Hala ere, estatistikek erakusten digute AEBetan bakarrik 2007an 9.500 milioi dolar saldu zirela bideo eta ordenagailu jokoetan. Hori nahikoa ez-eta, uste dugu bideo jokoak ez direla onak, bakartu egiten dituztela gure seme-alabak, eta biolentziaz josita daudela. Alemanian, berriz, bertako gobernuak erabaki du Bideo Jokoen Garatzaileen Elkartea bertako Kultura Kontseiluan sartzea, eta horrekin ezin garbiago adierazi du bideo jokoak kultura direla.

Errepikatzen ari gara gure gurasoen jokabidea komikien inguruan: haserretu egiten ziren komiki asko irakurtzen genituelako, esanez tontotu egingo ginela, haiek ez zirela gauza serioak. Ez zuten ulertzen oso ondo pasatzen genuela, eta, komikien bidez, irakurtzen ari ginela, eta sozializatzen, behin komikiak irakurrita, trukatu egiten baikenituen. Handik liburuetara pasatzea jauzi naturala izan zen. Baina orain, guraso egin garenean, gauza bera egiten ari gara bideo eta ordenagailu jokoekin. Haserretu egiten gara geure seme-alabak ikusten baditugu pantaila aurrean jolasten.

Hala ere, berandu baino lehen, hobe dugu aurreiritziak astintzea. Bideo jokoak aspaldi sortu ziren, lehena, 1947an. Hala ere, gizarte fenomeno bihurtu zirenetik, era askotako bideo jokoak egin dira, batzuk oso arrakastatsuak, eta milioika lagunek erabili dituzte denbora pasa moduan. AEBetan, batez besteko jokalariak 35 urte ditu eta 12 urte daramatza jokatzen. Ikusita bideo jokoen eragina jende horren heziketan, gero eta jende gehiago ari da eskatzen bideo jokoak erabiltzea irakaskuntzan.

Zorionez, gure artera ere iritsi dira ahots horiek. Uda honetan, EHUren Udako Ikastaroetan, gai hori jorratu zen: "Bideo jokoak: hezkuntza, sozializazioa eta berrikuntza". Eta bertako zuzendariak, Javier Etxeberriak garbi adierazi zuen hezkuntzan bideo jokoei eman beharko zaiela duten garrantzia. Horretarako komeni dela helduei, irakasleei bereziki, erakustea zelan dabiltzan bideo jokoak. “Beste proposamen bat izan daiteke hautazko ikasgai moduan bideojokoak erabiltzen ikastea. Hobe da hau taldean egitea bakarka baino, honela, buruko nahasteak saihestuko bailirateke (...)”. Javier Etxeberria ez da edonor, curriculum zabala du eta CSIC erakundean irakasten du, Zientzia Ikerkuntzen Kontseilu Gorenean. Bada, haren iritzian, “Bideojokoek xehetasuna, azkartasuna, egokitzapena, ikasketa eta gaitasun kognitiboak garatzen dituzte. Gainera, hezkuntzarako, berriztapenerako eta sozializaziorako garrantzitsuak dira. Era berean, hauei esker haurrak autodidaktak eta kooperatiboak dira eta sozializatzen laguntzen die (...)”. Zeri begira gaude bideo jokoak gure curriculumean sartzeko?

Nork: Joxe Aranzabal.2008/12/10 07:41:05.252 GMT+1
Etiketak: bideojokoak jakin eskola | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (1)

Erantzunak

Aupa Joxe!

Arrasaten Infonomiakoak egon zirenean aipatu zuten Gamer Generation delakoa.

Hona hemen bideo bat Antonella Broglia Gamer Generation eta enpresei buruz hizketan.

Glosategira beste terminu bat gehiago ;-) ?

Nork: Mikel L..2008/12/10 15:06:33.791 GMT+1
http://eibar.org/blogak/lizarralde

Bai, izan liteke termino bat gehiago glosategirako. Eskerrik asko, Mikel!

Nork: Joxe Aranzabal.2008/12/11 07:42:40.322 GMT+1
http://goiena.net/blogak/faroa

Errenferentziak:

...p://pravda.fabricadecosas.org/indar-zentripetoak/">beste mezu hau, mikrobloggingaren inguruan. Joxe Aranzabalen beste mezu baten harira, bideojokoak kultura diren ala ez&8230; Autismoa duten...

Erreferentzia: Teknopataren txokoa > Blogariak Amaraunean, 2008/11/14 2008/12/15 08:48:44.073 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak