Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/04/03 10:00:04.811 GMT+2

Biberoiaren alde

Irakurri berri dut haur jaio berri baten eta bere amaren artean harreman berezia sortzen dela, batik bat amak titia ematen badio haurrari. Seguru baietz. Hala ere, bularra eman barik ere, seguru nago amaren eta haurraren arteko harremana beti izango dela berezia.

Gure kasuan, ezin izan genion bularrik eman Mireni, hau jaio berria zenean. Biberoia, berriz, bedeinkazio moduko bat izan zen guretzat. Batetik, bularra hartzerakoan haurrak zeuzkan arazoak derrepentean desagertu, eta Mirenek gustura asko edaten baitzuen botilatxoan emandako esnea. Bestetik, neuk ere aukera izan nuen gure txikiari biberoia emateko, eta garbi esan dezaket: niretzat une haiek gozamen hutsa izan ziren. Aldi berean, biberoiari esker, Begok denbora gehiago eta askatasun handiagoa zuen beste gauza batzuk egiteko.

Biberoiak hurbildu egin ninduen haurrari. Hala ere, Mirenen eta Begoren arteko harremana beti izan da berezia, biberoia gorabehera.

Nork: Joxe Aranzabal.2007/04/03 10:00:04.811 GMT+2
Etiketak: bego miren biberoia | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Medikuek diotenez, argi dago ama esnea dela lehen hilabeteetarako onena. Baina ezin denean, ezin da. Eta Joxek ondo azaldu ditu biberoiak izan ditzakeen alde onak.

Askok alegatzen dute haurraren psikearentzat ona dela amarekin lehen aste edo hilabeteetako kontaktu hori; alabaina, inoiz ez dut ikusi aitak ere esnea emateko prozesuan parte hartzeak ekar ditzakeen onura psikikoaren inguruko azterketarik. Igual, ez du merezi aztertzea ere, batzuentzat, antza, hor ustekabean pasatzen den gixaixo bat besterik ez da aita.

Badakigu haurraren eta amaren arteko lotura berezia dela eta izango dela, aitak ezin baitu sabelean sortu umerik eta ezingo baitu jakin zer den erditzea... Baina, hortik gora...

Nork: Lutz Long.2007/04/03 10:40:20.125 GMT+2
www.blogak.com/lutzlong

Makina ba ume hazi da eta hazten da gaur egun ere amaren bularrik hartu gabe, eta osasuntsu eta pozik. Amaren esnea da onena, ados, baina hori gabe ere primeran hazi daitezke umeak. Baina amaren bularraren aldeko presio soziala izugarria da eta ezin dut hori ulertu.

Umeari bularra ematea aukera bat izan beharko litzateke, eta orain obligazio sozial bat da. Onuretaz hitzegiten da, baina kalteetaz ez. Eta umeaz hitzegiten da , baina amaz eta aitaz ez. Ume gehienak berdin-berdin hazten dira amaren esnearekin ala biberoiarekin. Baina amak umeari kateatuta geratzen dira edoski beharrak eraginda eta aitak erabat alboratuta bere inutilidadeak bultzatuta.

Eta ez dezala inork pentsa bularreko esnearen aurkako itsua naizenik. Gure Izarrek 16 hilabete arte hartu zuen esnea amaren bularretik, baina askatasunez hartutako erabakia izan zen, eta ez zait bidezkoa iruditzen inori kargu hartzea bere bizitza beste modu batean antolatu eta umeari biberoia ematea erabakitzeagatik. NI ere biberoiaren alde Joxe!

Nork: oier.2007/04/03 11:37:16.400 GMT+2
http://www.dantzan.com/blogak/oier

Bibeioaren beste ikuspegi bat, euskarari buruzkoa, Lizardiren testu batean oinarriturik, Mitxelenak emana:
"Gero eta ugariago, ez dira euskaldunak "amarenetik arituak" Lizardik zioenez (Itz-lauz, 1934,85), "amaren bularretik aziak". Biberoiari esker dira euskaldun".

Nork: anjel.2007/04/04 09:49:13.940 GMT+2

"Inoiz ez dut ikusi aitak ere esnea emateko prozesuan parte hartzeak ekar ditzakeen onura psikikoaren inguruko azterketarik. Igual, ez du merezi aztertzea ere, batzuentzat, antza, hor ustekabean pasatzen den gixaixo bat besterik ez da aita."

Oso ona, Lutz. Eta Mitxelenarena be, oso metafora ona.

Bestela, bularra edo biberoia? Ahal izanez gero, biak ala biak, bakoitza bere momentuan. Eta bularragaz arazoak egonez gero, botilatxoa (ez "botiloia") eta kitto.

Oso komentario interesgarria, Joxe.

Nork: patxi lurra.2007/04/04 10:55:51.128 GMT+2
www.asapala.org/mahatsorriak/patxilurra

Eskerrik asko denoi. Zuen ekarpenak oso dira interesgarriak. Besarkada bat.

Nork: Joxe Aranzabal.2007/04/04 14:06:59.891 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak