Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/07/07 08:00:08.607 GMT+2

Ba ote egiazko historiarik?

Liburu bat hasi naiz irakurtzen, El blog del Inquisidor, eta bertan esaldi hau aurkitu dut:
  • Ez dago, eta sekula ez da egongo, egiazko Historiarik, zeren eta inoiz inori ez baitzitzaion egia interesatu, ez bada bere bertsioa nagusitu zedin gainerakoen artean. (20. or.)
Esaldia gordina da, baina nik gauza bera sentitu nuen ikasketak amaitu eta gutxira, Gaur Egungo Historia ikasi bainuen Deustuko Unibertsitatean. Bakoitzak bere erara erabiltzen zuen historia, bere interesak justifikatzeko: inperialistek, iraultzaileek, espainol zaleek, abertzaleek… Nazkatu egin nintzen, eta utzi egin nuen. Gaur egun, distantziatik begiratzen diet historia kontuei.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/07/07 08:00:08.607 GMT+2
Etiketak: historia liburuak literatura | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Nire ustez (eta ez da nirea bakarrik), egiazko Historia ezinezkoa da (idazten den egiazko Historia bakar eta guztiz objektibo bezala ulertzen badugu behintzat).

Izan ere, edozein historialarik subjektibotasun kutsu bat sartuko dio idazten duen Historiari, gehiago edo gutxiago, nahita edo nahigabe... baina saihestezina dela iruditzen zait.

Hasi hautatzen dituen gaietatik eta alboratzen dituenetatik, segi kontuan hartzen dituen eta baztertzen dituen datuekin (ezin den-dena ezagutu, eta ezagutzen den guztitik dena aintzat hartu daiteke?), edo kontaketan jartzen dituen enfasietan, etab.

Nik pixka bat landu dut hizkuntzalaritzaren historia eta, hor behintzat, bada jendea proposatzen duena historialariek ez dutela objektibo izan behar; subjektibotasuna aldarrikatzen dute, saihestezina izanik zintzoagoa delakoan zein non kokatzen den jakitea eta hasiera-hasieratik argi uztea (hizkuntzalaritzaren zein korrontetan kokatzen duen bere burua, alegia, eta historia ikuspegi horretatik egitea).

Aldiz, beste batzuek subjektibotasuna onartuta ere, gutxienez datuekiko begirunea gorde behar dela (ez izkutatu, ez aldatu, ez manipulatu...). Inork inoiz esan zuen bezala, datuekiko begirune horrek bereizten ditu historialariak eta nobela historikoen idazleak.

Barkatu txapagatik, baina zure mezuak gogora ekarri dizkit aspaldiko gogoeta batzuk.

Nork: Ricardo.2009/07/07 21:09:01.449 GMT+2
http://www.blogari.net/filoblogia

Eskerrik asko, Rikardo. Ez da inolako txapa izan, ondo bilbatutako hausnarketa baizik. Ondo iruditzen zait subjektibotasuna aldarrikatzea eta ezinbestekoa datuekiko begirunea. Hala ere, urrun ikusten dut historia gaur egun. Ondo segi.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/07/08 09:59:24.472 GMT+2

Orain gutxi Stefan Zweig-en Magallanes liburua irakurri nuen, bibliografia bat. Bertan Elkano traidore moduan jartzen du (gainerako kapitain espainiarren moduan). Hemen ordea Elkano heroi moduan ikusten da. Pertsonaien eta historiaren bi ikuspegi ezberdin.

Nork: Mikel.2009/07/08 15:01:50.378 GMT+2
http;//eibar.org/blogak/lizarralde

Hori izan daiteke adibide bat, Mikel, eta ondo ekarria, bide batez esanda. Eta horrelako asko dago. Mila esker!

Nork: Joxe Aranzabal.2009/07/09 19:02:45.658 GMT+2
http://goiena.net/blogak/faroa

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak