Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/01/13 12:08:12.844 GMT+1

Ama hil da

Paula biak: 7 hilabete eta 90 urte Urtarrilaren 11n ama hil zitzaigun, Paula Mendizabal, 90 urte zituela, Arrasateko Ospitalean. Bi egun lehenago, joan den asteazkenean, tronbosi batek lurreratu zuen, tronbosi bortitzegia medikuen esanetan, eta hark eraman zuen. Hiru egun izan dira emozioz beteak, bi ospitalean eta bestea beilatokian eta elizan. (Argazkian, Paula Mendizabal, besoetan Paula Alberdi duela, bere birbiloba, 2007an amaren 90. urtebetetzea ospatu genuenean, Esteñibar baserrian).

Uritteko dama
Horrela deitu dio Mikel Irizarrek bere blogean gure amari, izenburuan aipatzen duela jaio zeneko baserria, Gellao auzoan, Eskoriatzan. Izan ere, gure ama baserri batean jaio zen, hamabi neba-arrebaren artean laugarrena. Zaharrena ez izan arren, “bera zen gure bigarren ama, agindu egiten baitzigun, baina ondo aginduta”, egun hauetan gure izeko batek esan digun moduan. Hori zen, hain zuzen, gure ama, lider natural bat, ia eskolatu gabea izan arren (“guk erdaraz jakin ez, eta maisuak euskaraz ulertu eta entzun gura ez, horrela ibili ginen gu eskola urte apur haietan, negargarri”), sen berezia baitzuen arazoei aurre egiteko. Ausarta, praktikoa, indartsua eta diziplinatua zen. Eta guapa.

Gerra denboran neskame ibili ondoren Azkoitia aldean, Julian Aranzabalekin ezkondu zen, Angiozarko soinujole gazte bat, ajustadore moduan zebilena Unión Cerrajeran, Mondragoen, eta hantxe jarri ziren bizitzen, Musakola auzoan. Garai latzak ziren, gerra ondorena, eta gogor egin behar izan zuten lan bost seme-alaba aurrera ateratzeko. Horiek hazi ahala, berriz, moldatu beharra tokatu zitzaien seme-alabek eurek etxera zekartzaten haize berrietara: neskak unibertsitatean ikastea, ezkondu barik bizitzen jartzea…, eta hor ere Paula izaten zen zubia, enpatia gehien lantzen zuena.

Behin erretiroa hartuta eta seme-alabak etxetik joanda, beste bizitza bat hasi ziren senar-emazteak, askoz ere lasaiagoa, eta seme-alaben ondorengoak gozatzen. Aita hil zen arte, laster hamar urte. Orduan amak erabat berrantolatu zuen bere bizitza: independentzia balioesten zuen, eta bakarrik bizi nahi izan zuen, bere aspaldiko etxean. Paseatu egiten zuen egunero, paseatzerik ez zegoenean bizikleta estatikoan ibiliko zen, egunero gimnasia apur bat egingo zuen etxean, bazkaria prestatuko zigun Fatimari eta bioi, eta asteburuetan Begoñaren etxean edo Fatimarenean ibiliko zen, hango ortuari eta mahatsondoei errepasoa ematen. Inoiz ez zen superwoman bat izan, bazituen arazoak belaunetan, bihotzean, begietan…, baina izugarri ondo zekien kudeatzen bere egoera.

Azken orduak
Horrela iritsi zen joan den astera. Lau egun falta zirenean bere urtebetetzerako, 91 urte egingo zituen urtarrilaren 15ean, lurrean aurkitu genuen bere gelan, tronbosiak jota. Ondoan sentitu gintuenean, saiatu zen zerbait esaten, baina ezin. Orduan, atzamarrak erabili genituen elkarrekin komunikatzeko: guk galderak egin, eta berak atzamarrei eraginez erantzun.

Behin ospitalean, medikuek esan ziguten zein zen egoera: tronbosi batek hartu zuen amaren burua, eta erabat blokeatu garunaren eskuin aldea. Ez zegoen atzera bueltarik. Hala ere, lehen orduetan, amak entzun egiten zigun, eta eskuin eskua erabili zuen gure eskuak hartu eta bere aurpegian sentitzeko (gogoratzen, Larraitz?). Bere inguruan geunden, eta banan-banan sentitu gintuen. Halako batean, iluntze aldean, gurutzearen zeinua egin zuen hainbat aldiz: prest zegoen joateko. Ordu batzuk geroago, koman sartu zen, harik eta ostiral arratsaldean, 14:35ean azken arnasa eman zuen arte. Kandela baten antzera itzali zen, sufritu barik.

Hiru egun, gogoratzeko
Pozik nago egun hauetan aukera izan dudalako amaren ondoan izateko. Une hunkigarriak bizi izan ditugu, ama azken segundora arte ahalegindu baitzen gurekin komunikatzen eskua erabilita, maitasunaren beste aurpegi bat bizi izan dugu, berba asko egin dugu heriotzaz eta bizitzaz, hobeto ezagutu dugu elkar, gure arteko gaztetxoenak ere alboan izan ditugu, lagunen eta ezagunen elkartasun beroa jaso dugu… Denbora apur bat beharko dugu hor bizi izandakoa pausatu eta barneratzeko.

Patxi Lurra ezagutu dut
Bai, ama hil zeneko egunean ezagutu nuen Patxi Lurra blogaria, goiz hartan Iñaki Peña doktorea egokitu zitzaigun-eta amaren zaindari. Amaren gelan agurtu genuen elkar. Gero, berriz, ama aztertuta, argi eta gozo esan zigun ama zelan zegoen. Ordurako bagenekin, baina eskertu genizkion argibideak. Gazte eta sentibera ikusi nuen Patxi Lurra, bere idatzietan agertzen zaigun gisara, eta nire familiaren izenean eskertu nahi diot azken orduan eman zigun laguntzagatik.

Eskerrik asko denoi
Mila esker fakultateko lankideei, aukera eman zidatelako egun horiek ospitalean egiteko, eskerrik asko, halaber, Arrasateko Ospitaleko mediku eta erizainei, anbulantziakoak barne, gure ama hain ondo zaintzearren, gure eskerrik beroenak beilatokira eta elizara agertu zineten guztiei, baita Azkoiti eta Tolosatik ere, eta esker mila Amarauna irratsaioko lankideei, Euskadi Irratian. Maite zaituztet.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/01/13 12:08:12.844 GMT+1
Etiketak: ama hil | Permalink | Erantzunak (28) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Saminean lagun, Joxe.

Nork: Jozulin.2008/01/13 15:32:34.308 GMT+1
http://www.blogak.com/jozulin

Goian bego Paula. Eta besarkada handi bat zuretzat, Joxe.

Nork: iturri.2008/01/13 17:33:26.178 GMT+1
http://www.eibar.org/blogak/iturri

Nere animo guztiak zuretzat, Joxe

Nork: David Sanchez.2008/01/13 19:45:29.618 GMT+1
http://dsanchez.blogs.mondragon.edu/

Nahiz eta trantze honetan izan, ilusino handia egin eustan lehenik eta behin Paula Mendizabal zeure ama zala jakitean eta gero zeugaz eta zuekin egoteko aukera. Orduan gogoratu nintzan zeuk berataz idatzitako gauza horietaz, bistan da maite zendutela eta maitasun horregaz joan da.

Egongo gara, Joxe.

Nork: iñaki peña.2008/01/13 19:59:21.888 GMT+1
www.asapala.org/mahatsorriak/patxilurra

2005eko ekainaren 5ean, Olaizolak eta Irujok buruz buruko finala jokatu zutenean, bazkaria egin genuen Esteñibarren. Gogoratzen?

Tartean zen Paula ere, eta emakume argia eta umore onekoa iruditu zitzaigun. Oroitzapen hori gorde dugu guk, eta, zure testua irakurrita, ez dago zalantzarik azken unera arte mantendu duela argitasun hori, oinak non zituen jakite hori.

Plazer bat izan da zure ama ezagutzea. Besarkada handi bat zuri, Fatimari eta familia osoari.

Nork: Olaia eta Julen.2008/01/13 20:54:57.471 GMT+1

Besarkada bat, Joxe.

Nork: Elena.2008/01/13 21:49:52.686 GMT+1
www.goiena.net/blogak/elena

Orain gutxi galdu dut amoma eta badakit zer nolako trantzea den.

Besarkada handi bat eta animo!

Nork: Nahikari.2008/01/13 22:34:47.206 GMT+1
www.goiena.net/blogak/begietatik

Animo, eta besarkada handi bat!

Nork: eneko.2008/01/13 22:36:48.131 GMT+1
http://www.eibar.org/blogak/prospektiba/eu

Animo!

Nork: Demonocrazy.2008/01/13 22:40:40.342 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/demonocrazy

Jaio nintzan iltzeko,

aldi-oro noa iltzen,

ildakoan erabat

asiko naiz bizitzen.

                                Orixe

Goiari eutsi!

Nork: Iñigo Basauri.2008/01/13 22:58:10.084 GMT+1
http://blogligrafoa.wordpress.com

Besarkada handi bat Trapagaran aldetik.

Nork: Janire.2008/01/13 23:06:15.964 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/janire/

Besarkada handi bat, Joxe, eta animo!

Nork: Ricardo.2008/01/13 23:24:43.480 GMT+1
http://www.blogari.net/filoblogia

Nire doluminak Joxe. Animo!

Nork: Josu.2008/01/13 23:42:46.963 GMT+1
jorbe.blogsome.com

Un fuerte abrazo Joxe. Y ánimo.

Nork: Juanjo Brizuela.2008/01/14 00:12:18.598 GMT+1
www.yellowing.net

Bidaltzen dizut nere besarkada beroena.

Nork: Javier Vizcaíno.2008/01/14 05:38:34.860 GMT+1
www.javiervizcaino.net

Animo, Joxe. Muxu haundi bat Irundik.

Nork: lorena.2008/01/14 08:13:27.670 GMT+1

Sentiduten dot, Joxe.

Nork: Sergio.2008/01/14 09:33:41.995 GMT+1

"hiltzen garenean itsasuntziak itsasoan bezela geuretarretatik urrundu egiten gera. Behin aldenduz gero, itsasuntziak desagertu egiten dira. Ez ditugu gehiago ikusten, baina han jarraitzen dute nabigatzen. Guk ikusi ez arren. Itsasoaren bestaldean."

Dikazkan, Iosu Badiolaren blogean ikusia.

Animo familia guztiari, besarkada bat Joxe


Nork: Patxi.2008/01/14 21:53:58.604 GMT+1
http://patxitrapero.blogspot.com

Eskerrik asko denoi, bihotz-bihotzetik. Zuek zarete gure beste familia, blogarion familia, eta zuen hitzak ukendu gozoa izan dira guretzat. Besarkada handi bat.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/01/14 22:21:17.509 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/faroa

Nork: ibai.2008/01/14 23:44:29.030 GMT+1
http://www.3arrano.com

Animo, Joxe. Laboaren kantu bat datorkit burura:

Nahiz eta heriotza
helduko zaidala jakin
ez dut
haatik
horren aurka
buru-bihotzez borrokatzetik etsiko.
ez nau
ustekabean harrapatuko!
Bizi naizeno bizitza kantatuko dut.
Eta behar dudan
denbora baino lehen
hiltzen banaute
nere hortzetan itzaliko den azken antzia
beste batenetan
loratuko den
lehen irria
izango da.

Nork: ibai.2008/01/14 23:49:25.837 GMT+1
http://www.3arrano.com

Besarkada bat, Joxe.

Nork: Josu.2008/01/15 14:39:33.001 GMT+1
http://eibar.org/blogak/josu

Aupa Joxe,

Omenaldi ederra iruditu zait zure post-a.
Egia esan pentsatutakoa baino gehiago ari zait kostatzen pasatakoa digeritzea... astea pixkat aldaz gora egin zitzaidan atzo eta zure blog-ak lagundu nau.

Eskerrik asko bertan emandako besarkadengatik eta oraingo "besarkada" digital honengatik. Denek lagundu didate eta digute,

Besarkada handi bat,
Jon

Nork: Jon Larrañaga.2008/01/15 17:52:13.199 GMT+1

Jonek lehenik esan duena esan behar nuen: "omenaldi ederra". Testua eta argazkia, zoragarriak. Besarkada handi bat, Joxe eta senide guztiok.

Nork: Patxi Petrirena.2008/01/15 19:30:00.805 GMT+1

Joxe:

Paula joan den bezala joan nahiko nuke nik ere: familiaren berotasunean. Gure alaba Garazik ez du hor zehar entzundako "zeruaren" ideia hori ongi-ongi ulertzen baina berak ikusi ikusten duela dio: hodeiak, izarrak, eguzkia...

Muxu bat Andoaindik. Nekanek.

Nork: Nekane Goikoetxea.2008/01/15 22:01:57.126 GMT+1
Nekane Goikoetxea

Holakoetan zer esan ez da erraza erabakitzen. Beraz, hobe isilik egon besarkada zabal-beroa, uhinen bidez, elkarri ematen diogun bitartean.

Amaren maitasunak betiko dirau zuekin. Izan bihotz!

Nork: Koldo Rodríguez Bengoa.2008/01/15 22:27:09.559 GMT+1
http://koldosv.blogspot.com

Besarkada handia, Joxe eta aurrera!

Nork: Kepa .2008/01/16 17:43:17.753 GMT+1
etnomet.blogspot.com

Nire doluminak, Joxe eta jaso besarkada handi bat nire partez. Gogoratu dut, zure kronika leitzen, zuen aita hil zenean Arrasate Pressen ginela elkarrekin lanean; hainbeste denbora pasa zenik ere...
Gorantziak etxeko danoi.

Nork: Marijo.2008/01/16 19:36:29.474 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/marijo

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak