Euskaltzaindiak Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean argitaratzen duen Erlea aldizkariaren 2. alean nire artikulu bat argitaratu da 28. orrialdean, Jose Mari Iturraldearen lan baten barruan. Joan zen abenduan idatzia da eta honela dio:
OSTRAKAK ETA OSTRUKAK
Gaztetan, Erroman ikasle nintzelarik, egunero pasatzen ginen Campo dei Fioritik unibertsitatera bidean. Plaza erdian dagoen Giordano Brunoren irudia ikustean, “hementxe erre zuten, Lurra ez zela unibertsoaren erdigunea esateagatik”, azaltzen zigun taldeko zaharrenak. Aspalditxoan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plaza zeharkatzen dudalarik, begitanzinoa egiten zait, Eliseo Gilen estatua ikusten dut orain gerra-monumentua dagoen lekuan.
Grezia zaharrean agintariek pertsona bat begitan hartzen zutenean, batzarra deitu eta ostraka (zeramika zatia) batean idatziz erabakitzen zuten pertsona hori ostrazismora bidali ala ez, erbestera, alegia. Hemen ere, agintariak bildu eta gizon jakintsuei entzunda gero, foru-dekretua idatzi, aztarnategitik kanporatu eta epaileetara bidali zituzten Eliseo Gil eta Idoia Filloy. Epaileek oraindik ezer esan ez duten arren, urtebete daramate pikotan lotuta, hedabideen listukadak eta aurretik pasatzen direnen isekak jasanez.
Ezinezkoa da lerro gutxitan gertatutakoa laburtzea. Gaian sakondu nahi duenak badu nora jo. Egunkarietan berriki agertu diren lau argazki komentatzera mugatuko naiz. 1) 2009ko urriak 7, herri plataforma bat manifestua plazaratzen. Eskakizun nagusiak: grafitoen analisi eta ikerketa zientifiko berriak egitea, eta parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak burutzea. 2) Urriak 30, Eliseo Gil eta Idoia Filloy prentsaren aurrean, lehenbizikoz ia urtebetean, beren aldeko 13 txosten aurkezten. Harris arkeokogo estatubatuarrarena, Ulrike Fritz egiptologo alemaniarrarena, R. Colmenero epigrafista galiziarrarena, Hector Iglesias filologo lapurtarrarena, tartean. Ia 1.300 orrialde. Inork ez du euro bat ez eskatu eta ez kobratu lanagatik. 3) Azaroak 5, Bibat Museoan Kultura Diputatua eta EHUko Erretoreordea Iruña-Veleiako hurrengo hamar urterako “Plan Zuzendaria” sinatzen. 100.000 euro jartzen dira bi hilabetean plana idazteko. EHUri ematen zaio aztarnategiaren kudeaketa eta faltsutasunaren aldeko txostengile bat izendatzen da zuzendari. “Erreleboa” gauzatzen da. 4) Azaroak 21, Correo egunkariaren lehen orriko titularra: “Grafólogos apuntan a Eliseo Gil como el autor de las falsificasiones”. Barruan bi orrialde ostraka “faltsuen” argazkiekin eta Eliseori buruzko komentario gozoekin. Txostena ezagutzen dugunok ez dakigu negar ala barre egin.
Auzia lehertu zenetik urtebete luze igaro denean, harrigarria da goitik datozen bertsioak sinesten oso zalea ez den gizarte honen isiltasuna, eta batez ere “euskaldungoa” deituriko sektorearena. Inork ez daki ezer, ezta filologorik filologoenak ere, inor ez da espezialista euskara zaharrean, iritzia emateko edo gutxienez zalantza astintzeko protoeuskaran katedratikoa izan behar balitz bezala.
Nolanahi ere, gauza buelta hartzen ari dela dirudi, eta ez harritu hemendik denbora batera Iruña-Veleia toponimoa “esaten nuen nik” esaldiarekin oso lotuta agertzen bada. “Zenbat aldiz esan nizun nik, e, Joxepa?”
Erantzunak
Nork: XABI.2010/04/13 00:23:18.123 GMT+2
http://euskalpoesiablagabloga.blogspot.com/
Nork: Juan Martin Elexpuru.2010/04/14 08:25:44.083 GMT+2
Uste nuen aldizkari serioagoa zela Erlea...
Nork: Juanjo.2010/04/14 10:38:47.275 GMT+2