Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/12/22 00:28:07.161 GMT+1

Komuneko grafologoak (3) Alde egin zuten grafologoen kasua

2007ko urtarrilean beren borondatez joan ziren langabeziara, Lurmenen lau urtez lan egin ondoren. 2007ko eta 2008ko haien berri handirik ez dugu, bakarrik EHUko Arkeologia Sailean sarri ikusi izan zituztela hirurak.

2009ko urtarrilaren 14an (2008-XI-19an eman zuen Batzordeak epaia) Eliseo Gilek Arabako Batzar Nagusien aurrean hitz egin zuen aurkikuntzen benetakotasuna beste behin ere aldarrikatuz. Agerraldiaren ondoren, lagun batek hiru arkeologoak ikusi zituen Batzar Nagusietatik hurbil dagoen sagardotegi batean trago bat hartzen, Julio Nuñez, Santos Yanguas, Lorena Lz de Lacalle eta Otsoa Eribekorekin batera. Pensatzekoa da Eliseoren agerraldia jarraitzetik zetozela.

Handik bi egunera, urtarrilaren 16an, hiru arkeologoek eta Lorena Lz de Lacalle diputatuak prentsaurrekoa eman zuten: “Arqueólogos que trabajaron en Veleia tiran de la manta” titulatu zuen Correok hurrengo egunean. Egunkari honek dionez,  Lorenaren eskariz agertu ziren prentsaren aurrera. Beste gauza batzuen artean esan zuten ez zutela grafitorik ikusi lurretik irteten, eta iradoki zuten Eliseo zela faltsutzailea. Hitzerdirik ere ez komuneko grafitoez. Eliseo Gil eta Idoia Filloyk berehala erantzun zieten veleia.com webgunean ipinitako idatzi baten bidez. Puntuz puntuz gezurtatu zituzten salatarien esanak.

2009ko maiatzean, larunbat eguerdi batez, beste lagun batek bazkaltzen ikusi zituen Apellaniz eta Berjón arkeologoak El Portalón jatetxean, Lorena Lz de Lacalle, Otsoa Eribeko, Nuñez, Santos Yanguas, Gorrochategui eta Lakarrarekin batera. Zerbait ospatzen ari zirela zirudien. Eta bazuten horretarako motiboa. Eureka!, bonba bat zuten esku artean, froga definitiboa: 2004an egindako letrina. “Baina nola ez zitzaigun lehenago bururatu!?”. Bost urte behar izan zituzten konturatzeko.  Handik gutxira, ekainaren hasieran jakingo zen berria. Pozik ageri da Correo letrina salatariaren berri ematean: “Ludi Veleienses” delakoetarako egindako komuna, urrezko froga, epaitegiaren esku zegoen dagoeneko. Orain grafologoak kontratatu eta lanean jartzea besterik ez zen falta.

Urriaren 19an deklaratzera deitu zien arkeologoei epaileak, eta urtarrileko  prentsaurrekoan esandakoa berretsi zuten hirurek puntuz puntu.

2009ko udatik aurrera, eta indusketak bukatu ziren arte, hiru arkeologoetatik bi, Apellaniz eta Berjón, Julio Nuñezen zuzendaritzapean ikusiko dituzte lanean  Mariturri induskatzen.

Grafologoen gorabeherak hurrengorako utziko ditugu. Baina ez nuke atala itxi nahi aurrekoan plazaratutako galderari erantzun gabe. Zer gertatu zen hiru arkeologoak lana bat-batean uzteko? Gerora gaiak izan duen bilakaera ikusita, zilegi bekigu beren motibazioak asmatzen saiatzea. Hona hemen nire eta beste askoren ondo oinarritutako susmoa:

2006ko bukaera aldera honelako zerbait esango zien EHUko Arkeologia Saileko bururen batek (edo batzuek). “Eliseo Gilen aroa amaitzear dago. Ez dakigu grafitoak faltsuak diren ala ez, baina bost axola. Aztarnategia EHUren eskuetara pasatuko da denbora asko baino lehen. Baina ez da gauza erraza izango, eta zuen kolaborazioa beharrezkoa dugu. Urtetarako lana eta ardura garrantzitsuak ziurtatu dituzue, baldin eta lana utzi eta txintxo portatzen bazarete.”

Eta oso txintxo portatu ziren.

Nork: elexpuru.2010/12/22 00:28:07.161 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

Errenferentziak:

...straka.mundua.com/2010/12/22/komuneko-grafologoak-eta-joan-ziren-arkeologoak/">Komuneko grafologoak eta joan ziren arkeologoak Juan Martin Elexpururen bloga Erreferentzia: Ostraka euskalduna » Blog Archive » Komuneko grafologoak eta joan ziren arkeologoak 2010/12/22 16:07:24.318 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak