Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/06/24 21:09:09.881 GMT+2

Gasteizko Euskal Filologiagatik auzo lotsa

Gaurko Berria-k gaiari buruzko gutun zorrotz bat dakar, Xabi Etxabek sinatuta. Horrela dio:

Gasteizko Euskal Filologiagatik auzo lotsa

Oraintsu hauteskundeak izan dira Erresuma Batuan. BBC telebistak hautagaiak elkarrizketatu nahi izan zituen, bakoitzaren proposamenak ezagutzeko, kontrastatzeko, haien arteko aldeak ikusteko, besteak beste. Eskoziarren edo galestarren hautagai nazionalistak ez zituen gonbidatu, zertarako? Nahikoa zuten Cameron, Clegg eta Brownekin. Hiru horietako inork ez zion uko egin telebistako eztabaida publikoan parte hartzeari. Izan ere, horietako batek ezetz esan izan balu, zer irudi emango zukeen? Hautesleek zer pentsatuko zuketen?
Arabako Iruñako ostraken inguruan bi joera argi ikusten ari gara. Batetik, Arabako Aldundiak izendatutako batzarkide gehienek faltsuak direla diote, 2008. urte amaieran argitaratutako txostenen bidez -500 orrialdetan jasota dagoena-. Bestetik, zientzia arlo berberetatik, alegia, hizkuntzalaritzatik, geologiatik, historiatik eta arkeologiatik, ostraka horiek egiazkoak izan daitezkeela adierazi dute 15 txostenek -1.500 orrialde dituztenak-.
Idazkunen datazioak egingo balira, gaia argituko litzateke. Baina ez dituzte egin nahi. Horrez gainera, gaia eztabaida zientifikoaren bidez ere ez dute argitu nahi. Herrietan hainbat hitzaldi izan dira, baina, orain arte, ez dira hitzaldi berean bi alderdiak aritu. Batzordekideak ziren eta Gasteizko Euskal Filologian dauden Lakarrak eta Gorrotxategik uko egin diotelako. Baita beste Aldundiko batzordekide batzuek ere.
Azkena Donostiako OHO Eskolan antolatutako hitzaldietan gertatu da. Harritzekoa Deustuko edo Gasteizko Euskal Filologiakoek antolatu ez izana. Nortzuk eta OHOkook? Zorionak antolatzaileei, baina penagarria filologiakoek ezertxo ere egin ez izana. Harritzekoa da, era berean, bi hitzaldi izan zirela, batean Elexpuru eta Iglesias, eta bigarrenean Lakarra eta Gorrotxategi. Bigarren hitzaldikoek horrela eskatu zutelako.
Ez ziren ausartu egiazkoak izan daitezkeela defendatzen duten bi hizkuntzalariekin aurrez aurrekoa egitera.
Ez hori bakarrik. Bigarren hitzaldian, lehenengoan ez bezala, Lakarrak eta Gorrotxategik hitzaldiko bi orduak hartu zituzten azalpenak emateko, galderak egiteko ia denborarik utzi gabe.
Zer irudi ematen ari dira? Hauxe da etorkizunean euskara teknikari edo euskara irakasle formatzen ari diren irakasleen maila? Hauxe da EHUk, unibertsitate moduan, gai garrantzitsu horretan duen maila?

Xabi Etxabe

Gasteiz

Nork: elexpuru.2010/06/24 21:09:09.881 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak