Egunkariak hauteskunde-kanpainaz beteta daude, hemengo ekitaldia, hango debatea, toki guztietako ego-puztea (onenak gara), ondokoentzako mespretxua (besteek gaizki egingo dute), berriketaren zarata baino ez da ikusten. Kalea ere politika giroaz josita dago, zakarrontziak paretetako karteletan, oldartzeko moduez inguratuta gaude. Egunkari eta kaleko paisaiari erreparatuz gero, irudiko luke politika eta hauteskundeak direla herritarron burua bueltaka ipintzen duena.
Baina badaude herrietan bertan beste toki batzuk, non politika esistitzen ez den, non herritarren kezkak erabat bestelakoak diren, herriaren eskizofrenia (ala osasun ona) islatzen dutenak: bidai-agentziak eta edertze-aretoak. Lehenengoak lepo daude, nekeza garai honetan Aste Santuko oporretara joateko txartel bat topatzea. Bigarrenak, edertze-aretoak, sotilagoak dira oraindik, sekula ez delako jende asko ikusten barruan, baina sinistu, bertako erabiltzaile guztiek hauteskundeetan botua emango balute, porrota galanta abstentzioaren aldekoena.
Topikoa da gure gizartean irudiak duen garrantzia azpimarratzea. Denok ez dut esango, baina gehienok kezkatzen gaitu irudiak. Lehen emakumeok bakarrik, orain gizonak ere bai. Eta kezka nagusien artean dugunez, irudiak denbora eta dirua gastatzeko prest gauzka. Gorputz eta arpegirako tratamenduak, beltzaran ipintzeko bideak, guapo, dotore eta, ahal bada, gazte egotea da jende askoren helburu (ez dut esango bakarra) urte sasoi honetan.
Irudi-kanpainak baina ez gaitzala engaina. Demi Moorek erakuslehio horretatik kremak saldu nahi dizkigunean, Monica Beluccik standetik sensualki makillatzera gonbidatzen gaituenean, haueskundeetako eskaintzak bezain faltsuak dira. Eskaintza ederragoak, bai, baina ez errealagoak.
Zeren edertasunaren kontu honetan (eta ez dakit politikaren kontu honetan ere ez ote den hala izango) plaentxiarrek zapatuan Elgetan kantatu zuten fadoak dioen moduan, “todos temos nosso fado e o que nasce mal fadado melhor fado nâo terá”. Daukaguna daukagu, eta hoberik, ba, ez dut uste edukiko dugunik.
Erantzunak
Kontzertu elegantea ikusi genuen beste behin. Plaentxian ez dira gerrarako kanoiak eta torlojuak bakarrik egin, musikari onak ere eman ditu herriak.
Nork: Iban Arantzabal.2008/03/03 00:14:56.494 GMT+1
http://www.arantzabal.com
Edertasunan presiñua haundixa dala esango neuke, baiña gero eta konbenziduago nago momentu onak edertasuna emoten dabela, Elagetan bizi izan genduanak modukoak. Relajau eta ondo pasatziak zimurrak etarako deskuz, baiña azalak argi haundixagua izango dau, ez da hala?
Nork: leire.2008/03/10 21:21:36.586 GMT+1
eibar.org/blogak/leire