Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/09/23 13:13:47.495 GMT+2

Itzulpen barik

Asteleheneko Goienkarirako

 

 "Ilunga”, itzultzeko hitzik zailena. Munduan dauden hitzetatik itzultzen zailena “ilunga” omen da, tshiluba hizkuntzekoa, Kongoko Errepublika Demokratikoko hego-ekialdean hitz egiten dena, mila hizkuntzalariek garai batean egindako ikerketa bitxi baten arabera. Esanahia, “gehiegikeria bat lehen aldiz barkatu bai, bigarrenean eraman bai, baina hirugarrenean sekula onartuko ez duen pertsona”. Gara, 07-9-23.

 

Munduan dauden zazpi mila hizkuntzetatik erdia galtzeko zorian omen dago. Alaskatik Australiara, milaka hizkuntza galtzeko arriskuan daudela argitaratu du National Geographik News-ek. Mundu globalizatuan, pertsonen joan-etorriak, komunikabideen zabalkundeak eta inperioen nagusitasunak dira hizkuntza txikiei kalte egiten dizkietenak. Desagertzear dauden hizkuntza hauek ez daukate hiztun komunitate indartsurik, gutxi batzuenak baino ez dira. Kalkulatzen denez, munduko populazioaren %80ak 83 hizkuntz handi hitz egiten ditu, eta aldi berean 300.000 hizkuntz txiki daude populazioaren %0,2ak baino erabiltzen ez dituenak.

 

Madrideko lagun batek antzu irizten zion guk euskara berreskuratu nahiari. Antzu eta zentzubako, berak praktikotasuna esaten zion argudioa erabiliz. Zertako saiatu, zertarako horren beste ahalegin, horren beste diru beti gutxiengo baten hizkuntza izango dena berreskuratzeko? Zertarako hain beste neke euskara erakusten, erreibindikatzen, erabiltzen, jakin baldin badakigu gure lurralde txikitik irtenda, ez digula inorekin ulertzeko balio izango? Frantsesa eta espainola bezalako hizkuntz handiak izanda aldamenean, horrelako literatur tradizioa dutenak, zertarako haien ondoan galtzen dagoen hizkuntza bat berpizten saiatu, lana besterik emango ez digun hizkuntza batekin indarrak xahutu? Praktikotasuna argudiatzen zuen berak, nazionalismo espainiarra deitzen nion nik. Zeren argudio horri jarraituta, hobe munduko biztanle guztiok txinera edo ingelesa besterik ikasiko ez bagenu, munduko biztanle gehienekin elkarulertzeko erarik errazena.

 

Burugogorrak, nonbait, euskaldunak, arnas hestuka dabilen hizkuntza batean saiatu nahian. Burugogorragoak Debagoiendarrak, Bergara aldeko euskara aste honetan interneten ipini dutenean, Donostiara joateko ere balio ez digun euskalkia bultzatzeko. Euskalkia, batua, espainola eta ingelesa ikasi beharra jartzen diogu geure buruari, bizitza askoz errezagoa izan zitekeenean hizkuntza bakarrarekin.  

 

Ezin baina guztia inperioetako hizkuntzetan esan: nik “pottolo” ezin dut beste hizkuntza batean esan, ezin ditut “pa”, “neba”, “matraka” hitzak beste hizkuntza batean esan, ez eta ama hizkuntza dudan gazteleraz ere. “Hau jiria” esateko modu bakarra ezagutzen dut, “politt horrek” ezin didate beste inongo modutan esan. Eta Bergara aldeko hiztegia interneten ipini denetik badakit asteburu hau “andafuerako soiñekua jantzita” nabilela asteburu osoan, zutabe hau idazteko ia denborarik gabe.  Norberaren bizitzak ez daukalako itzulpenik.  

Nork: elena.2007/09/23 13:13:47.495 GMT+2
Etiketak: ilunga arriskua hizkuntza pottolo | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Aitortuko dizut, ezagun egiten zitzaidala artikulua, hasiera kenduta, "betikoa" edo. Baina bukaera borobiltzeko modua... ona!!! Zorionak, eta "pa". ;)

Nork: Josu.2007/09/23 19:06:01.891 GMT+2
http://www.blogak.com/josu

Andafuerako frakekin (?) ibilli naiz ni be, baiña etxera etortziarekin parekatu neike artikulu hau irakurri izana. Etxian sartzia eta idatzi hau irakurtzia hain egin jataz gertuko eta gogoko...

Oso politta, Elena. Pa!

Nork: Iban Arantzabal.2007/09/23 22:48:42.610 GMT+2
http://www.arantzabal.com

Hori ba, Elena, eguneroko bizitza. Matxu txiki bat (musu txiki bat). Ederra idatzi duzuna.

Nork: Andoni Miranda.2007/09/24 19:03:08.843 GMT+2

Español askok zure lagunan moduan pentsatzen dabe, baiña gero Filipinetan eta Estatu Batuetan gaztelania indartzeko eta babesteko hartzen diran erabagixekin bat egitten dabe, eta ondo iruditzen jakue.

Nere ikaslieri esplikatzeko momentuan, gatxen egitten jatan berbia "kolko" da. Danak: pecho, escote, pechuga, busto, canalillo esaten hasten dira, baiña ez dago kolkorik erderaz!

Oso post ederra, Elena. Oso ondo eruanda, eta amaiera polit-politta. Patxo bat, laztana

Nork: leire.2007/09/25 16:50:16.970 GMT+2
www.eibar.org/blogak/leire

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak