Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/02/10 16:52:24.667 GMT+1

Ikurrak

"Unibertsitatean zapia baimentzeko lehen urratsak eman ditu Turkiak.- Cevher-eta eta Tugç-ek goi mailako ikasketak egiteari uko egin zioten. Arrazoia, 1998tik indarrean zegoen debeku bat. Urte horretan, unibertsitatera beloarekin joatea debekatu zuten eta beraiek, musulmanak izanik, zapiarekin janzteko eskubidea aldarrikatzen zuten. Atzo, TurkiakoLegebiltzarrak lege hura indargabetzeko bi emendakin onartu zituen". Gara, 08-2-10.

 

Atentzioa eman zidan joan zen egunean Eibarren hogei urte inguruko neska batek zelako estiloarekin zeraman aurtengo modako poltsoa, “it bag”a, aurretik sekula ikusi ez bezala: besoa ukondotik tolestuta, esku-ahurra itxita, eta poltsoa ukondo parean katiatuta, gorputzari pegatu barik. Aurten modak agintzen duen arren, zaila estilo piska batekin eramaten, adibidez Sarah Jessica Parkeren argazkiren bat ez baduzu ikusi.

 

Poltsa ukondoan zintzilikatuta, eta burua zapi beltz batez estalita, musulmana. Harrez gero gehiagotan ere ikusi dut, batzuetan lagunekin, denak zapia buruan, denak modako poltsoarekin, baina estilotsuena, bera.

 

Euskal Herri osoan oro har, ez dago, momentuz, inolako arazorik nahi duten emakumeek burua estalita eraman dezaten. Ez eta nahi duten gizonek eraman dezaten: txapela ondo onartuta dago. Ez dago, ezta ere, trabarik monjek euren beloak, apaizek lepoko zuria, umeek urrezko kateak, futboleko kamisetak, eskolako uniformeak eraman ditzaten, neskatxoei jaioberritan belarriak zulatu diezaieten. Hori guztia onartuta daukagu eta normaltasunean sartzen dugu. Baina zer gertatuko litzateke, adibidez guraso batzuk behin eta berriro mutikotxo bat gonaz jantzita eramango balute? Gizarte-zerbitzuek esku hartuko al lukete neska jantzita daramaten mutiko baten gurasoen kontra?

 

Garai batean kaikuak debekatuta egon ziren, etorkizun hurbilean ez dakigu. Arropa guztiak dira ikur, tangak, markako arropak, modan dauden zapi palestinarrak, praka gainetik ikusten diren kaltzontziloak. Gainean daramagun gehiena da ikur. Galdetu bestela zergaitik datozen beti politikoak audi ilunetan, eta zergaitik horren beste gizonek (ia beti gizonak dira) imitatu nahi dituzten. Egiten ditugun gauza gehienak dira ikur edo sinbolo, kontua da zenbateraino egiten ditugun libre edo behartuta. Eta libreki egiten ditugula erantzuten badugu, zenbaiteraino garen zintzo geure buruarekin.

 

Horregaitik ez dit trabarik sortzen nire ondoko emakumeek zapia eraman ditzatela. Beraiek libreki erabaki badute, ez naiz ni izango ikur batzuk beste  batzuren gainetik ipiniko dituena. 

Nork: elena.2008/02/10 16:52:24.667 GMT+1
Etiketak: ikur zapi musulman moda | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Epa, Elena!
Nik zure moduan pentsatzen dut, baina beti libreki denean. beti kontatzen dut historia bera: Eibarren ezaguzten nuen emakume musulman bat ilea solte eta bere senarraren besotik ibiltzen zena umea paseatzen. Gero imana etorri, eta emakume horrek arropa luzeagoak eta zapia jantzi behar izan zituen. Imana etorri aurretik zapiak txikiagoak ziren, eta arropak arruntagoak.
Ez dakit zein puntura arte den euren borondatea, eta zein familiakoa. Badakit Eibarren neska asko oso presionatuta bisi direla bere familia eta komunitateagatik. Eta ez dezagun ahaztu guk estetikaz eta modaren tiraniaz janzten duguna, eurek jainkoaren izenean egiten dutela. Aspaldi elizetan mantelinarekin gertatzen zena. Modestia eta dekoroa ez zaie gizonezkoei eskatzen. horrek amorrarazten nau.
A, zelako sermoia. Muxu bat, guapa!

Nork: leire.2008/02/12 21:26:50.671 GMT+1
www.eibar.org/blogak/leire

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak