
Atzo ilunabarrean burka bat ikusi nuen Eibarren. Burka bat zeraman emakume bat, ume karrotxo bati bultzaka, gaztea beraz. Eibarren, Kalbetoi kalean, kalea erosketak egiten diharduen eta txikiteoan dabilen jendez josita zegoen ordu horretan.
Burka begiak bistan lagatzen dituen horietakoa zen, argazkikoa bezalakoa. Zapi beltz handi bat, azpian zegoen emakumea ia erabat estaltzen. Eibarren ikusten dudan lehena.
Lehen ere burua estalita daramaten emakumeak badabiltza herrian. Neska gazte asko ikusten da ilea estalita, beste apaingarri bat ematen du. Jatorria arabiarra daukate, euretariko asko herrian jaio edo hazitakoak dira. Iruditzen zait zapi hori ondo txertatuta dago kaleko arropatan. Atzoko burka, ez.
Laurogei euroko orrazkeradun buruak, modako ileapaindegi guztietan ipini dizkiguten flekillo zuzenak, kapelak modernoenentzako, txurroak, buruko zapiak lepoaren aurrekaldean lotuta, buruko zapiak lepoan buelta eta atzekaldean lotuta, denetik ikusten da Eibarren. Orain gainera, burka.
Zer pentsatuko ote du begiak bistan baino ez dituen zapi beltz horren azpian doan emakume gazteak Eibarko Kalbetoi kalean?
Erantzunak
Eibarren zapiak ikusten dira, azken bi hamarkadetan batez ere. Lehenago, bazeuden musulmanak, baina ez zeukaten erlijio-gizonik euren artean. Ekarri zituztenean euren abade edo dena delakoak, orduan hasi ziren zapiak.
Horrez gain, ez dakit jatorri arabiarrekoak ote diren Eibarko musulmanak. Batzuk izango dira, baina Marokoko emigrazioaren parte handi bat berberea da, amazigh etniakoa.
Nork: luistxo.2007/12/10 09:50:50.266 GMT+1
http://eibar.org/blogak/luistxo
Beste alde batetik, esan bihar dot entzunda nekala Eibarren be bazebillela holan emakume bat. Ze inpresiño egin zetsun holako bat ikustiak? Nik lehelengoz oporretan ikusi neban, Vienan, eta haluzinauta geratu nintzan. Gero Jordanian gehixago eta diferentiaguak ikusi nittuan. Egoera batzuk nahiko barregarrixak, gaiñera.
Zeure eritxixa zein da?
Nork: leire.2007/12/10 17:10:39.303 GMT+1
www.eibar.org/blogak/leire
Luis eta Leire,
igual azakarregi esan dot jantziaren izena, jakiteke. Nik ikusi nebana bi piezako jantzia zen, zapi handi beltza buruan eta soineko beltza, monjena-edo antzekoa. Sekula Eibarren ikusi barik neukan, ni kotxez nindoian Kalbetoitik, eta ia kotxea geratu neban, inpresioa egin zoztan.
Lehenengo burka-edo (gorputz osoko jantzi beltza), Londresen ikusi neban, Harrods-en, orain dela hamazazpi bat urte. Inpresionantea zen beltzez estalitako emakume talde harek Harrods-eko barruko erropa eder eta garestia aukeratzen.
Neure iritzixa, Leire? Lehenenik esango nuke ez dela arroparen morrontzarik onartu behar, ezeren izenean, eta beraz gaizki iruditzen zaidala pertsona bat horrela estalita joatera behartuta egotea.
Hori esanda, bigarrenik buelta: moda, estetika, zer-esango-dute, horietxen morrontzapean inoiz sentitu ez den emakume eibartarrak (adibidea ipintzeagaitik) bota beza lehen harria. Depilazioak, takoiak, bularretako akoltxatuak, makillajeak, taila baten barruan egon beharrak... Obligazio horretxek normalak dira, emakumeok denbora, energia, kezka eta sufrimentua ere eskaintzen diogu horri. Eta inork ez du esaten, zapiaren, beloaren edo burkaren kasuan ez bezala, gure askatasuna murrizten dutenik.
Nork: .2007/12/11 09:57:44.027 GMT+1
Nork: Elena.2007/12/11 09:58:26.679 GMT+1