Lehenengoa Garbiñe izan zen, San Blas egunean. Gero Iñaki, Santa Agedan. Egun gutxiko aldearekin, denak hil berean, tokatu zitzaien Maite, Kontxi, Belen eta beste Garbiñeri. Otsaileko txanda nik bukatuko dut, 23an. Etorriko dira gero apirilekoak, ekainekoak, abuztuan Iñigo bera, Arrate egunean Bea, Blanca, Mitxel, Jon Ander, Tere, Maria, Ernesto.
Guztiak 1966an jaioak, aurten 40 urte betetzen ditugu. Hogei urte hogei urte geneuzkala. Borobil.
Ematen digu zer esana, bai guri bai berrogeitik goitik eta behetik gertu dabiltzan lagunei: balantzeak, atzera begiradak, aurrerako prebisioak, nola gauden, zer nahi genuen, non gauden, nola gauden, zergaitik gauden, zer egiten dugun, nola sentitzen garen, zer daukagun egiteko, zer laga dugun egiteke, berrogeiak mugarri diren ala ez.
Erantzunak, denetarako. Badago inporta ez zaionik, beste edozein urtehurrentzat duenik, halako batean presa sartu zaionik, bizi-nekea sentitzen duenik, erabat ilusionatuta dagoenik, bere buruarekin konforme bizi denik, guztiarekin kritiko agertzen denik, nahi zuen tokian dagoela-eta pozik dagoenik, frustrazio puntu bat duenik, heldutasunean dagoela uste duenik, hogei urteetako inseguritate berak dituela uste duenik, gorputzaren hasierako deklibeaz kezkatuta dagoenik.
Eta badaude ezaugarri hauek guztiak eta oraindik gehiago, guztiak batera, betetzen dituztenik. Ez dakit esan ote daiteken ezaugarri komunik dugunik. Ni behintzat ez naiz ausartzen horrelakorik esaten, behar bada kanpotik begiratuta beste konklusio bat atera daiteke. Bakoitzak bere bidea egin du, nahi zuen bezala, ahal zuen bezala, laga dioten bezala, tokatu zaionarekin. Eta horren guztiaren ondorio dira lehen berrogei urteak gutaz jabetu direnean aurkitu gaituzten lekuak.
Nire kasuan, berrogei urteek harrapatu nauten leku horietako bat, beste askoren artean, blog apal eta kasu-gehiegirik-eginbako hau da. Seguruasko berrogei urteko (edo gehiagoko) neska batek euskal blogosferan egiten duen bakarra. Horrexegaitik bada ere.
Erantzunak
Elenak: Seguruasko berrogei urteko (edo gehiagoko) neska batek euskal blogosferan egiten duen bakarra.
Ba horretxagatik, eta batez ere gustura irakurtzen dugulako ondo legoke idazten jarraitzea. 40 urte dituenak eskarmentua du gai askotan. Jarraituko dugu ikasten plazer hori ematen badiguzu.
Animo eta zorionak!
Nork: Iban Arantzabal.2006/02/20 12:09:17.410 GMT+1
http/www.goiena.net
Nik iaz bete nituen 40 urte eta blog bat zabaldu nuen; beraz, ez zara bakarra....
Nork: Arantzatxu.2006/02/20 13:07:33.253 GMT+1
Nik pozez beterik irakurtzen ditut zure idazlanak. Aipatzen dituzun pertsona horiek 40. urte betetzera doaz, zu ere bai. Nahikoa alai eta baikor egoteko. Segi apal-apal, nik behintzat egingo dizut kasu.
Nork: Txori.2006/02/20 18:54:30.086 GMT+1
Luistxok eta Marijek ere aurten. Marijeri bloga oparitu behar diot... ea apailatzeko denborarik hartzen dudan.
Nork: Luistxo.2006/02/21 09:13:26.970 GMT+1
http://www.eibar.org/blogak/luistxo
Aupa, Elena!
Nik urte bi barri egingo dittut berrogeixak, baiña zure kasuan moduan Garbiñe izan da lelehengo laguna egin dittuana! Uf! Neri be gogorra egin jata. Badirudi balatziak egitteko sasoia dala, oiñ arte bizi izandakuaz hausnartzeko mugarrixa. Heavy-heavy!
Beste alde batetik, askotan emon izan detsaraz bueltak zuk esandakuari: Seguruasko berrogei urteko (edo gehiagoko) neska batek euskal blogosferan egiten duen bakarra. Zergaittik gure edadeko hain emakume blogari gitxi? Ni banabil teorixa bat biribiltzen, baiña oiñ hori baiño ez da, teorixia
Nork: leire.2006/02/21 12:56:20.502 GMT+1
www.eibar.org/blogak/leire
Leire, nik be badaukat nire teorixia, baina egixa esan ja ez jata inporta jakitia, aztertzia eta komentatzia zergaittik ez dagoen nire edadekide eta sexukiderik gauza publikoan, internet eta blogetan barne. Denok daukagu edadia eta kriterixua, eta bakoitzak jakingo dau zergaittik egitten daben ala ez daben egitten. Ni ia beti ohittu naiz bele zuri samar izaten.
Luis, zu abenduan, egia da. Jakingo duzue Marijek eta biok orduan zertaz ari naizen. Egin opari Marijeri eta gustora irakurriko dugu haren bloga.
Txori, eskerrik asko.
Arantzatxu, parkatu, ez nuen zure blogaren berririk. Pozten nau, dena den.
Iban, zu bai zarela plazer bat!
Nork: Elena.2006/02/21 13:30:06.800 GMT+1
Egia esan inoiz ez dut izan publikoa egiteko asmorik. Aurten 40 urte betetzear dagoen lagun batek , berriz, bultzatu nau hori egitera. Eta, egia esan, pausu hori emateak egunero mimatzera (hau da, idaztera) behartuko nau. Beraz, mila esker. Bide batez, zurea sartu dut nire harpidetzen artean. Edade bereko kluba edo osa dezakegu birtualki bada ere. "Adin ertaineko" emakumeak ginen lehen. Nik, dena den, ez dut 40ko emakumerik ikusten izpiluan, baina ez dut egun bat ere ukatzen... Gaztea naiz, oraindik.
Nork: Arantzatxu.2006/02/21 15:15:40.204 GMT+1
Elena, Berbairera zatotzen bakoitzean elkar ikusteko aukera izango dogu eta zintzo dinotsut, nahiko nukela ni bi bider hogei egiten ditxudanian zure freskotasun eta gaztetasunari eustia. Portzierto, egun bat aurretik bada be, Zorionak, neska!!
Nork: Desplazatua.2006/02/22 11:28:13.361 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/marijo