Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/10/02 09:53:46.028 GMT+2

Zinez, Zinemaldiaz

Donostiako Zinemaldiaren  palmaresak polemika esan nahi du. Susmoa daukat Donostiakoa lagunarteko jaialdia bihurtzen ari den: lehen ere sarituak izan diren Bhaman Ghodabi eta Carlos Sorin zuzendariak izan dira irabazle nagusiak aurten,  Mons fils à moi film frantziarrarekin eta Nathalie Baye  eta Juan Diego aktoreekin batera. Ataskatuta balego bezala, berrikuntzaren bat eskatzen du Zinemaldiak eta datak aldatuko ote dituen entzuten hasi da. Hala ere, aukera hori ezeztatu du Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendariak. Edozein modutan, beste jaialdi batzuen aurrean badirudi gurea indarra galtzen ari dela.

Betiko moduan kritika eta epaimahaia ez dira bat etorri aurten. Epaimahaikideak ez ziren nolanahikoak: Jeanne Moreau, Bruno Barreto, Isabel Coixet, Sara Driver, Bruno Ganz, Manuel Gomez Pereira eta Jose Saramago Nobel Sariduna. Ustez gustu zinematografikoa garatua duten gizon eta emakume jantziak. Kritikak gogor astindu zuen Mons fils à moi filmari eta Ghodabiren Niwemang saritu dituzte Urrezko Maskorrarekin. Ez dakit bi film ex-aequo saritzeak Zinemaldiari mesederik egiten dion... Eta 2002an bezala, Carlos Sorin argentinarrak eraman du Epaimahaiaren Saria. Film hobeagoak ekarri dituzte aurrekoetan Ghodabik zein Sorinek: Las tortugas también vuelan irandarraren kasuan eta Historias mínimas eta Bombón, el perro Sorinek. Argentinarra errepikakorra bihurtzen hasi da, Zinemaldia bezala.

Zinemaldia serioa da

Tom DiCillok esana: "Zinemaldietan balio handiagoa ematen zaie negarra eragiten duten filmei barrea eragiten dutenei baino". Eta ez zaio arrazoia falta DiCillori: berak ekarritako Delirious komedia Urrezko Maskorra eskuratzeko faboritoen artean zegoen, baina zuzendari onenaren eta gidoi onenaren sariarekin konformatu behar izan da. Logikoa da zuzendari onena eta gidoi onena irabazi duenari sari potoloa ezeztatzea? Kontsolamendu eskasa DiCillorentzat (eta Steve Buscemi aktore txiki eta handiarentzat). Badirudi gaur egun ez dela politikoki zuzena komedia bat saritzea, are gutxiago Estatu Batuetatik baldin badator. Lars von Trier  zuzendari ospetsuak komedia bat nola egin ederki azaltzen du The boss of it all bitxian. Eta bertan esaten da zinemaren helburuetako bat entretenitzea dela. Diru gutxirekin baina irudimen handiarekin hori posible dela erakusten du zuzendari danimarkarrak. Gauza ona litzateke zenbait zuzendarik Von Trierren lezioa jarraitzea.

Saririk gabe ere geratu da Forever dokumental zoragarria. Zinemaldian banatzen diren horrenbeste sarien artean ilogikoa da Forever esku hutsik geratzea. Artearen eternitatearen gaineko hausnarketa bikaina egiten du Heddy Honigmannek, Pariseko Père-Lachaise hilerri famatuan Edith Piaf, Chopin, Yves Montand eta Simone Signoret, Proust edo Apollinaireren (eta beste anonimo batzuen) hilobiak ikustera doan jendea elkarrizketatuta. Hilobietan bizitza aurkitzen du Honigmannek. Ez da gutxi.

Izan dira beste perla batzuk ere Zinemaldian: Babel, Cashback, Neil Youngen kontzertua pantaila handian, The art of crying, Paris, je t´aime, Little Miss Sunshine, Nömadak Tx, La distancia, Lubitschen komedia hura..., eta aurrerago, lasaiago ikustea espero dugun beste asko. Eta datorren urtean berriro ere aretoak lepo beteko dira Donostian, eta euskal filmaren bat izango da tartean, eta glamour falta salatuko dute betikoek, eta polemika piztuko du epaimahaiak, eta Julian Schnabelen beste lagunen bati emango diote Donostia Saria. Eta badirudi hala izango dela beti. Forever.

Nork: edu mendibil.2006/10/02 09:53:46.028 GMT+2
Etiketak: sorin forever ghodabi theartofcrying zinemaldia dicillo vontrier parisjetaime cashback littlemisssunshine ladistancia babel nomadaktx julianschnabele lubitsch stevebuscemi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak