Lehiaketaz kanpo aurkeztu du Rodrigo Garcíak Mother and child, ziurrenik sail ofizialeko filmerik onena. Aurretik ere txundituta utzi ninduen García Marquez idazlearen semeak, batez ere Cosas que diría con sólo mirarla zoragarriarekin. Mother and child honetan ere emakumezko aktoreak primeran zuzentzen dituela erakusten du; Annette Bening ezin hobeto dago (nabarmentzekoa autoan, bere maitalearekin izaten duen elkarrizketa) eta ez litzateke harritzekoa izango Oscar sarietarako-edo izendatua izatea. Bide batez, adinean aurrera doazen aktoreendako rol benetan interesgarriak egon daitezkeela aldarrikatzen du. Naomi Watts ederrak ere primerako lana egiten du, gainerako aktoreek moduan. Haren filmetan poliki-poliki korapiloak askatzea atsegin du Rodrigo Garcíak eta adopzio kontuak eta harreman-loturak aitzaki hartuta, beste horrenbeste egiten du bere azken filmean. Filmeko istorio ezberdinak lotuz doaz, nolabait zirkulua itxi arte. Barreak eta negarrak eragiten dituen filmea da, barruraino hunkitzen duen horietakoa. Esan bezala, amaiera borobila orokorrean nahiko grisa izan den Zinemaldirako. Bi ordu barru emango dute palmaresa jakitera. Ez da polemikarik faltako, urtero moduan. Izan ere, ezinezkoa da zinemazale guztien nahiak asetzea.
2009/09/26 14:01:54.576 GMT+2
Zinekriptikak: Mother and child
Nork: edu mendibil.2009/09/26 14:01:54.576 GMT+2
Etiketak:
motherandchild
naomiwatts
rodrigogarcia
annettebening
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Idatzi artikulu bat