2009/09/24 08:35:15.771 GMT+2
Zinekriptikak: Das Weisse Band
Das Weisse Band filma bai da benetako perla bat. Urrezko Palmondoa eta Fipresci saria eraman zituen Michael Hanekeren filmak Cannesen eta ez da harritzekoa. Oso dotore filmatuta (zuri-beltza ederrean) eta kontatuta dago eta gustura jarraitzen den istorioa da, film luzea izan arren. Badaude askoz ere astunagoak gertatzen diren film laburrak, zalantzarik ez. Lehen Munduko Gerraren atarian girotuta dago, Alemaniako herri txiki batean, eta bertako irakaslea da narratzailea. Medikuaren kontra probokatuta izan den istripu baten erruz, baroiaren eta haien menpe dauden nekazarien artean mesfidantza piztuko da, eta handik aurrera zoritxar gehiago eta zigorrak etorriko dira. Familien barruko sekretuak ere agerian utziko ditu zuzendariak. Fotografia zoragarria eta hainbat plano benetan ikusgarriak ditu, zinemaren museo baten gordetzeko modukoak. Hasiera eta amaiera beltzean, isilean, baina film bikainen arrastoa utzita. Hanekeren pelikulen artean, hauxe gustatu zait gehien. Zoritxarrez, zaila izango da Zinemaldiko sail ofizialean The White Ribbon honen parekorik aurkitzea. Le tour c´est le Tour… eta Cannes Cannes da.
Nork: edu mendibil.2009/09/24 08:35:15.771 GMT+2
Etiketak:
dasweisseband
michaelhaneke
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Idatzi artikulu bat