

Aurten irakurritako liburuen artean bereziki hiru nabarmenduko nituzke, hirurak gustura irakurtzen diren pisuzko nobelak, mardulak (liburu digitalik ez dut dastatu oraindik), azkenera arte gogoz eta aldi berean penaz (bukatzearren hain zuzen) irensten direnak. Niri dagokidanez behintzat, Urteko Liburuaren saria ex-aequo hirurentzat.
La fiesta del Chivo (2000). Aspalditik neukan irakurtzeko gogoa eta pazientzia handiarekin nire zain izan dut etxean urtetan. Azkenik, udaberrian heldu nion, kasualitatez Trujilloren hilketaren 50. urteurrenean. Beldurgarria benetan Vargas Llosak kontatzen duen istorioa, lehen orrialdetik akaberara arte harrapatzen zaituena. Ez nuen ezagutzen Trujilloren ibilbidea, Galíndezen hilketarengatik zeharka ez bazen ere. 1961ko maiatzaren 30eko Trujilloren kontrako atentatuari buruzko orrialdeak biziki hunkigarriak dira, eta gogorra benetan Uraniak amaieran egiten duen aitorpen modukoa. 2010eko Nobel Saridunaren maisu-lana, zalantzarik ez. Benetan zuzen zebiltzan liburua behin eta berriz gomendatu zidatenak.
Viaje con Clara por Alemania (2010). Bidelagun izan nuen (Clara ez, liburua) udan Alemaniara egindako bidaia baten. Clara, Alemaniari buruzko gida idazten ari den idazlea eta Ratón, haren senarra, dira protagonistak eta Ratón bihurriak egiten duen kontakizuna da haria. Bikote baten harremana ederki islatzen duen nobela. Bide batez, Alemaniako gida moduan ere erabili daiteke. Fernando Arambururen libururik ez neukan irakurrita eta egilearen argazkia ikusita, ez nuen uste hain dibertigarria izan zitekeenik. Narratzailearen hainbat konturengatik berehala identifikatu nituen Ratón eta Aramburu bera, Javier Cercasen nobeletan gertatu izan zaidan moduan. Joan den abuztuan bereziki lagungarri gertatu zitzaizkidan Hanburgon kokatutako pasarteak. Guztiz gomendagarriak. Liburua zein Hanburgo.
El hombre que amaba a los perros (2009). Liburua irakurtzen nenbilela, Fernando Arambururi zera irakurri nion artikulu batean: "Raro será que a una obra rica en pensamientos complejos, en datos históricos, en aciertos formales y hondura humana no la preceda un sostenido esfuerzo que fácilmente pudo prolongarse por espacio de varios años". Leonardo Paduraren lana baino adibide hoberik, zaila...
Trostki, haren hiltzaile Ramón Mercader eta Kuba maisuki gurutzatzen ditu egileak. Utopien hutsegiteen eta gupidaren gaineko orrialde hunkigarriak daude liburuan eta Iván protagonistaren belaunaldiaren ametsak zelan zapuztu ziren/zituzten ikustea mingarria gertatzen da. Trotski hil zuten etxean (goiko argazkian) egon nintzen orain dela urte mordoa eta orain Asaltar los cielos dokumentala berriro ikusteko gogoa piztu zait. Bere garaian, aipatutako dokumentala zerrenda hartan gehitzea ahaztu nuen.
Fernando Arambururen liburu ederrean aipatzen den moduan, blam uneak izan ditzazuela 2012an eta ondo-ondo pasa Gabonak. Besarkada handi bat hona gerturatu zareten guztioi.
Idatzi artikulu bat