Hogetabost urte bete dira aurten Maradonak Ingalaterrarari, Azteca estadioan, gol gogoangarri hura sartu zionetik. Bueno, partidu hori berean bi izan ziren Pelusaren aparteko jokaldiak, lehenbiziko maltzurkeria Jainkoaren esku utzi bazuen ere... Jaungoiku maitia! Maradonak egun hartan jantzi zuen kamisetak auskalo zenbat balioko zuen gaur merkatuan. Munduan futbol-ero asko dago-eta... Aipatutako kamisetarekin topo egin dut ustekabean udan, non eta Nottinghameko gazteluan. Brian Cloughen arrastoaren atzetik joan Nottinghamera eta Maradonaren kamiseta aurkitu. Harrigarria benetan.
Bost pound eta erdi ordaindu eta gero, saski-naski bitxia aurkitu nuen Nottinghameko gazteluan: koadroak (horietako batzuk benetan ikusgarriak), jantzi eta tresna militarrak (Robin Hood Rifles konpainiaren historiak presentzia nabarmena dauka), publizitateari eskainitako txokoa..., eta ezinbesteko opari denda eta kafetegia, nola ez.
Halako batean, gazteluan barrena nenbilela, eskopeta, kasaka eta bestelakoen artean, Maradonaren armadura ikusi nuen zintzilikatuta. Aibadios! 1986ko
Mexikoko bataila hura ingelesek galdu zuten eta beharbada horregatik
jarriko zuten han, partiduaren kutsu militarrari eutsita. Baina ez.
Hango azalpenari esker, zera jakin nuen: partiduaren ostean Steve Hodge
Ingalaterrako jokalariak Maradonarekin elkartrukatu zuen kamiseta eta
pieza kotizatua eraman zuen etxera. Izan ere, The man with Maradona´s shirt
izenburua jarri zion Hodgek bere autobiografiari. Beharbada Maradonari
bostekoa eman eta haren kamiseta eskuratzea izango zen Hodgeren futbol
ibilbideko lorpenik handiena, auskalo. Ondoren, Britainia Handiko futbol
museoari utzi omen zion kamiseta, ongi ulertu banuen, eta Nottinghamera eraman dute orain. Hango gazteluan
Maradonaren mamua agertu zitzaidan nonbait.
Bisita amaitutakoan, eguraldi ona aprobetxatuta, siestatxoa bota
nuen gazteluko parkeko banku batean, keizpetan. Amets bat ere izan nuen; hurrengo
baten kontatuko dizuet.
PS. Nottinghameko gazteluko saloietako baten esaldi eder hau dago
idatzita: The cure for boredom is curiosity... There is no cure for
curiosity.
2011/09/19 12:09:10.496 GMT+2
The castle with Maradona´s shirt
Nork: edu mendibil.2011/09/19 12:09:10.496 GMT+2
Etiketak:
maradona
enricgonzalez
brianclough
themanwithmaradonasshirt
nottinghamforest
stevehodge
nottinghamcastle
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
Erantzunak
Esaldia, benetan ederra, eta neretako behintzet, egi haundixa be bai.
P.S.: Pozten naiz Mathiasen kopilotua berriz be hegaran ikusten!
Nork: Leire.2011/09/20 09:35:29.904 GMT+2