Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/10/27 10:06:57.547 GMT+2

Negu hotza eta luzea

Udazken Kulturalaren programazioa hasi zen aurreko aste bukaeran Bergaran. Egia esateko, egitaraua ez da oso erakargarria. Kultura arduradunek betetze lana egin dutela dirudi eta erretiratuen kultur hamabostaldiko ekitaldiak gehitu dituzte Udazken Kulturaleko programan. Baita Udal Musika Bandak joan den domekan Valtierran emandako kontzertua ere. Inauguratu berria den Agorrosin kirolgunea dela eta, antza ez dago diru askorik kultur ekitaldietarako... Orain dela urte batzuk abian jarritako Justo Garate Bekaren arrastorik ez aspaldi eta auditorio famatuaren zain auskalo noiztik. Antzerkiarekin eta zinemarekin jai daukagu. Arrasate, Elorrio, Eibar edo Elgetako kultur egitarauekin alderatuz gauza gutxi eskaintzeko. Lehengo asteburuan, esaterako, Eibarren liburu azoka zuten: Bergaran hori ere ez. Gauzak horrela, giroa gero eta motelagoa. Negu hotza eta luzea bizi dugu kultura aldetik.

Kontuak kontu, Orfeoiaren Seussen mundua musikala izango da aurtengo emanaldi nagusia: azaroaren 11n ekarriko du Bergarako Orfeoiak urtarrilean Bilboko Euskalduna jauregian estreinatu zuten ikuskizuna. Kritika bikainak jaso zituzten orduan eta orain herrian gozatu ahal izango dugu, Udal Pilotalekuan bada ere.

Udazken Kulturala beharrean kirol udazkena daukagu: Agorrosin kirolgune olinpikoak 2.000tik gora bazkide berri egin ditu irailetik. Udal arduradunek badituzte pozik egoteko motiboak. Ea orain hurrengo urterako prezioak, lanak eta programa zehazten dituzten. Era berean, ondo egongo litzateke Udalaren aldizkari dotorean, alkateak hain gustuko duen aurrekontu xehatua argitaratzea, zehatz-mehatz zenbat diru kostatu izan duen jakin dezagun.

Bien bitartean, lasai egon gaitezke: Udazken Kulturaleko egitarauan zehazten denez, abenduaren 13an Gabonetako argiak piztuko dituzte. Hasi Olentzerorendako gutuna idazten.

Nork: edu mendibil.2006/10/27 10:06:57.547 GMT+2
Etiketak: agorrosin bergara udazkenkulturala | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak