Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2011/09/26 19:20:30.939 GMT+2

Hitzak eta isiltasuna

Zinemaldian ohi baino gutxiago ibili naiz aurten eta beraz bitan pentsatu dut zer ikusi. Horrenbeste film egoten da aukeran, eta tartean somnifero ugari egoten denez... Bi kasutan behintzat bete-betean asmatu dut. Bertsolari dokumentala ikaragarri gustatu zitzaidan. Momentu benetan ederrak ditu: filmaren hasiera, Miren Amurizak zinema aretoko ikusleei zuzendutako bertsoa botatzen duenean; amildegiko irudiak (nire ustez unerik politena, aukeratzea zaila izan arren); Zarauzko hondartzakoak, Oteizaren hitzekin lagunduta, Amuriza uretan sirenatxoa balitz agertzen denean; Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña jendearen kontra dabiltzanean; Principal antzokian harrizko bertsolariak baino ez agertzen direnean; BECeko finala eta hango emozioa; txapela egiteko prozesuarenak...

Herrikojak taldearen musika ere nabarmentzekoa da eta bereziki gustatu zitzaidan baita bertsotan hasi aurreko isiltasun-tentsioa nola islatzen duen Kixik. Barrea ere eragin zidan, Andoni Egaña ikerketa baterako makina barruan bertsotan hasten denean edota kosmonauta itxurarekin azaltzen denean gero, burua kablez josita... Egaña Gagarin! Hitzek, nola ez, berebiziko garrantzia daukate filmean eta Egaña, Lujanbio eta Jon Sarasua hirukotearenak txapela kentzeko (ala janzteko?) modukoak dira. Txaloak, era berean, Zinemaldiarentzat, filma sail ofizialaren barruan botatzeagatik.

The artist filmean, berriz, ez dago hitzik, lan mutua da, zuri-beltz dotorean filmatutakoa eta soinudun zinemaren agerpena eta honek eragindako kalte kolateralak islatzen duena. Zein ondo dagoen girotua orduko Hollywooden eta zelako zinema areto dotore agertzen diren! Protagonistek elkar ezagutzen dutenean eta handik gutxira, errodaje platoan, George Valentin zinema mutuko izarrak neska dantzan harrapatzen duen unea mundialak dira. Baita kamerinoan, protagonistak soinua, zarata deskubritzen duenean. Jean Dujardin aktorearen lana saritu zuten azken Canneseko jaialdian eta ez da harritzekoa. Bérénice Bejo aktorearena ere saritu zezaketen..., eta Uggy txakurrarena, zergatik ez. Noizko interpretazio sari bat animali batendako? Sinestezina txakurrak egiten dituenak. Edozelan ere, chapeau! filmeko guztiendako. Publikoaren saria eskuratu dute Donostian. Aspaldian ez nuen film batekin horrenbeste gozatzen.

Nork: edu mendibil.2011/09/26 19:20:30.939 GMT+2
Etiketak: kixi zinemaldia herrikojak bertsolari theartist asieraltuna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak