Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2011/07/08 13:47:54.273 GMT+2

Hain da triste la vie de l´artiste

Mikel Hernandez Abaituaren arrastoaren bila feisbuken saiatu behar naiz hurrengo, aspaldian ez daukat-eta haren berririk. Agindutako bezala, gure irakasle ohiaren azken liburua irakurri dut orain gutxi. Di-da baten, irakurketa laga ezinda leitzen da, eta oso gustuko izan ditut Mikelen oroitzapen autobiografiko-sentimentalak, irribarrea piztu didatenak, nahiz eta liburuan zehar badiren batere atseginak ez diren oroitzapenak baita. Hortxe lau apuntetxo, liburua irakurtzeko gogoa emango dizuetelakoan...

Errobiren pop-rocka ere oso gustuko nuen, baina ezinezkoa zen hura gitarra espainiar batekin jotzea. Errepertorio luzea kantatzen nuen orduan euskaraz, ingelesezko abestiekin batera. Berrehunetik gora nekizkien buruz. Ez dakit zein abesti jo nituen azkenean egun hartan, baina klaseekin eta hitzaldiekin baino arrakasta handiagoa lortu nuen zalantzarik gabe. Asko dibertitu nintzen. Lauzpabost aldiz kantatu dut agertoki baten gainean jende aurrean, eta harritzekoa da publikoarengandik jasotzen den energia eta bukatutakoan sentitzen den euforia. Orgasmikoa da ia.

Bergaran pasatu nituen urteak oso onak izan ziren, arrazoi askorengatik, bertako euskara entzuteko eta ikasteko aukeragatik esaterako. Ez zen Elgoibarko bizkaiera bezalakoa. Hori bai, zetak ahoskatzeko eta idazteko zailtasun berbera zuten hango ikasleek ere. Ez nuen modurik aurkitu ongi ikas zitzaten. Erakusleei dagokienez berdin. Gainera, zer gauza bitxia, Bergarakoei ia dena nahiko ongi ulertzen nien bitartean, Osintxu eta Antzuolakoei, ordea, ez nien ia ezer endelegatzen. Hura beste hizkuntza bat zen niretzat. Katalana eta galegoa askoz errazago ulertzen nituen, ezer jakin gabe ere. Bergarako ikasle haiei esker ikasi nuen apur bat eskolak ematen. Zorte ona izan nuen.

[Bergaran, Henry Bengoa inventarium] Ikuskizuna amaitu zenean afaltzera gonbidatu genituen. Horrela Jean Phocas soinu-teknikariarekin hitz egiteko aukera izan nuen, euskal disko bikain askoren grabazio arduraduna eta Errobiren lehen diskoan baxua jo zuena (teknikari lana egiteaz gain). Egun hauetan nire idoloetako bat zen Jean Phocas. Imanol etorri zenean, kontzertuaren bukaeran Mikel Laboaren abesti bat kantatzen ausartu nintzen. Ikasle batzuek elkarrizketa egin zioten eta aldizkari batean ateratzea lortu genuen, "Argia"n uste dut. Zelako pertsona ona zen Imanol. Eta zenbat gauza nozitu behar izan zuen politika kontuengatik. Zenbat boikot ez ote zioten egin. Ikastetxera etorri zitzaigunean bere famaren erpinean zegoen eta frontoiak betetzen zituen. Zelako heriotza bakartia eta urruna izan zuen gizagaixoak.

[Etorriko haiz nirekin?] Eleberria argitaratu zen garaian nire lagun batzuek eta editoreak gutun anonimoak jaso zituzten, non haietaz gaizki esaka nenbilela eta ganbaratik jota nengoela esaten baitzen. Nire editorea izan zen anonimo gehien jaso zituena. Urte dezente iragan ostean ere iritsi zitzaion azkena. Eleberria argitaratu baino lehen ETAren kontrako artikulu batzuk idatzi nituen, "Euskaldunon Egunkaria"n argitaratu zirenak; "ETAren kontra, negoziaketaren alde" izan zen lehenengoaren izenburua. Berehala atera zen beste artikulu bat erantzun gisa: "Mikel Hernandez Abaituaren kontra, negoziaketaren alde". (...) Eleberri hartan musikak berebiziko garrantzia zuen. Protagonistek maketa bat grabatzen zuten, aurreko urteetan neuk etxean egindakoaren antzekoa hain zuzen ere. Elkarrek diskoak ere ateratzen zituelako, eleberriarekin batera nik grabatutako maketa argitaratzea agian onartuko zidatela pentsatu nuen. Inoiz ez zen euskal eleberri bat disko batekin batera kaleratu (diskodun poesia liburuak bai) eta berrikuntzak ilusioa egiten zidan. Xabier Mendiguren Elizegiri ideia ona iruditu zitzaion eta Elkarrekoak konbentzitzea lortu zuen, baina baldintza batzuekin, bostehun ale aterako zituzten soilki, lehen bostehun erosleei opari moduan emateko, eta kasetean ez zen Elkar argitaletxearen izena inon agertuko. Eleberria 1991n kaleratu zen eta oso salmenta onak izan zituen, forma aldetik hain zaila eta gai aldetik hain deserosoa zen eleberri baterako behintzat. Hiru edizio atera ziren eta ia lau mila ale saldu.

Nork: edu mendibil.2011/07/08 13:47:54.273 GMT+2
Etiketak: mikelhernandezabaitua azukrexeheagatzlarria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak