Zigarroa ahoan eta garagardoa eskuan, Serge Gainsbourg egubakoitzean Elgetan egon izan balitz, zer pentsatuko zukeen? Zein izango litzateke haren espresioa aurrean izango lituzkeen bere fan horien aurrean? Harridura agertuko luke Je t´aime, moi non plus kantu ezaguneko egileak? Zela definituko luke bere euskal jarraitzaileek eskainitako omenaldia? Comme si comme ça agian?
Juancar Landak (Sanchis y Jocanoren erdiak) debozio handia dio Serge Gainsbourg (1928-1991) artista multidisziplinarrari. Egubakoitzean entzun eta ikusitakoa ikusita, zalantzan jartzekoa da debozio hori bere lagunei transmititzeko gauza izan ote den. Gutxienez, jarrera eta ahalegina eskatu ahal zaio taula gainera igotzen den orori. Espaloiako kontzertuko gonbidatuetako askok kale egin zuten alde horretatik. Nabaria, nabariegia zen diskoaren aurkezpeneko lehen emanaldia zela, entseatu barik, gauzak lotzeke zetozela hainbat artista.
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak kaleratutako Gainsbourg gainbegiratuz diskoan 15 lagunek hartu dute parte. Guztiak ez ziren Elgetan egon. Besteak beste, Garik, Diego Vasallok edo Rafa Berriok huts egin zuten. Elgetan egoterik ez zutenentzat hitz gozoak izan zituen Landak. Bera izan zen zeremonia-maisua. Bi gitarra (akustikoa zein elektrikoa), baxua, teklista eta bateria jolea alboan zituela, banan-banan gonbidatuei eskenatokira igotzeko gonbitea egin zien. Bien bitartean, atzeko pantailan, Gainsbourgen irudi zaharrak, zuri-beltz ederrean, botatzen zituzten, jaialdia girotzeko.
Guztira, 17 kantu entzuteko aukera izan zuten Elgetara hurbildutako ikusle apurrek. Begi bistan geratu zen oraindik asko findu behar dutela ikuskizuna, datozen emanaldiei begira behinik behin. Edozelan ere, egubakoitzean izan ziren hainbat une nabarmentzekoak: Mikel Agirrek eta Amaia Intxaustik elkarrekin abestutako L´eau a la bouche; Landaren erdiak, Jocanok, abestutako Depréssion au-dessus du jardin; Saioak eta Natural Projecteko Estanisek egindako La décadense-ren bertsioa; Giorgio Bassmattiren L´hôtel particulier (beste lau ahotsen laguntzaz) edo bukaera aldera etorri zen La Marseillaise indartsua, Enrike Mingoren eskutik. Tartean une ahul ugari, amaierako Gainsbourg irratia moduan, erdi-karaokean, seriotasun gutxirekin aurkeztu zutena. Ez esan ezer, ez izan beldur, ez lotsatu nitaz dio Gainsbourgek kantu baten. Horrekin konformatzen gara hurrengorako.
(Asteleheneko Goienkaria)
2008/04/21 09:26:10.773 GMT+2
Gainsbourg gainbegiratuz (Live)
Nork: edu mendibil.2008/04/21 09:26:10.773 GMT+2
Etiketak:
saioa
espaloia
gaztelupekohotsak
naturalproject
giorgiobassmatti
mikelagirre
gainsbourggainbegiratuz
enrikemingo
amaiaintxausti
sergegainsbourg
juancarlanda
estanis
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Idatzi artikulu bat