Telebistari begira pasa nuen atzoko egun gehiena. Kirolarekin gozatzeko moduko egun aproposa zen. Egun euritsua izan balitz, egun borobila etxean gozo egoteko... Eguerdian Real Madrid-Barcelona saskibaloi partidua jarraitu nuen tarteka. Deigarriena zera egin zitzaidan: Pedro Bartheren ahotsa ez entzutea (TVEko enplegu erregulazioaren beste biktima bat) eta Joan Plaza Real Madrileko entrenatzaile katalana ingeles zuzentzea bere jokalariei. Estatistikak nagusi dira saskibaloi partiduetan. Tira, hortxe bat: play-offak izan diren 23 aldietatik 21 alditan txapeldun izan da lehen partidua irabazi duen taldea. Madrildarrek irabazi zuten lehen partidua (69-62).
Bazkalostean, ez nuen albiste onik espero Valentziatik. Nahiago izan nuen pilotako finala ikusi, Dauphiné-Libéré lasterketarekin kuluxka bat egin ostean. Tarteka ligako emaitzen berri ematen zuten Euskal Telebistan eta han konfirmatu ziren nire susmorik txarrenak. Barriolak zazpigarren tantoa egin zuenean, ez zen tantoaren amaiera ondo ikusi, justu momentu horretan ligako behealdeko sailkapena zertan zen jarri zutelako pantailan. Ezin zuten tantoa amaitu arte itxaron? R2D2 xarmangarriaren itxura zuen kamara txiki bat jarri zuten frontisaren goialdean atzo eta hor tantoa eraman zuten ETBkoek. Susmagarria, dena den, Olaizolaren alde zegoen neska morena-eder-begi politx batenganako errealizadoreak erakutsitako fijazioa. Aimarren neskalaguna zen, ala? Emaitzen berri emateko Gaston D'Etxart Hasparrengo xaxaria izan zuen alboan Euskitzek. Sakeaaaak 22 erreferaaaak 10. Hala bukatu zen partidua. Dena dela, zalantzak ditut telebistarako egokia ote den emaitza kantatzeko modu bitxi hori. Realarena espero banuen, sorpresa izan zen niretako Barriolak txapela ez janztea. Txapelketa bikaina egin du, lehen txapela eman zion jokoa berreskuratuz, baina finalean ez zuen bere maila onena erakutsi. Izango ditu aukera gehiago etorkizunean. Edozein modutan, txalotzekoa partiduaren amaieran erakutsi zuen dotorezia. Aupa Abel!!!
Hain justu, dotorezia hori falta zaie Telecincoko esatariei… eta Fernando Alonso berari. Karrera hasi bezain pronto porra egin zuten (¿!) eta, nola ez, Fernando Alonso zen euren faborito nagusia. Azkenean Hamiltonek irabazi zuen Indianapolisen, Alonsoren presioari ederki eutsita. Alonsoren bertuteak izango zirenak maniobra susmagarriak dira Hamiltonenak Telecincokoentzat. A la porra! Podiumean, bere taldekidearekin bizi duen tentsioa nabaritzen zitzaion Alonsori atzo ere.
Bukatzeko, Bernabeuko emaitzaren berri izan (0-1) eta taberna baten jarraitu nuen bigarren zatia. Real Madrilen hiru golak sufritzea tokatu zitzaidan. Zenbat madridista Bergaran, laletxe! Maltzurkeria apur batez, bere lagun Beckham animatzera etorritako Tom Cruiseren malkoekin amesten nuen… baina realzale txuri-urdinonak etorri dira aurten. Keler garagardoak atera duen publizitate kanpaina ederrarekin geratzen naiz; gaurko prentsan zera irakur daiteke bandera txuri-urdin baten gainean: Ehun urte betetzear den taldea da gurea. Ez da jausten garen lehen aldia eta ez da izango altxatzen garen lehenbizikoa ere. Bien bitartean, izan untsa!!!
2007/06/18 19:08:52.864 GMT+2
Etorriko dira egun hobeak
Nork: edu mendibil.2007/06/18 19:08:52.864 GMT+2
Etiketak:
aimarolaizola
pedrobarthe
indianapolis
etxart
xabiereuskitze
ligaacb
abelbarriola
joanplaza
dastond
realmadrid
fernandoalonso
keler
dauphiné-libéré
tomcruise
lewishamilton
realsociedad
davidbeckham
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
Erantzunak
Gaurkoa egun hobeagoa izango zen (kirolari erreparatuz gero). Eibar igo da eta datorren urtean derbi politak izango ditugu Anoetan eta Ipuruan.
Animo.
Nork: iturri.2007/06/24 22:17:38.600 GMT+2
http://www.eibar.org/blogak/iturri
Ba bai, egun ederra atzokoa… Ipuruan egon ginen (giroa, sekulakoa) eta ederto ospatu genuen Eibarren igoera. Ea hurrengo urtean beste igoeraren bat ospatzen dugun…
Ondo segi eta laster arte.
Nork: Mathiasen kopilotua.2007/06/25 18:07:01.380 GMT+2
http://www.goiena.net/blogak/edu