Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/12/07 18:21:44.889 GMT+1

El laberinto del fauno

Espainiako gerraren ostean, faxistei aurre egiten makiak mendian ibiltzen ziren sasoian kokatu du Guillermo Del Torok El laberinto del fauno. Zaila da imajinatzea sasoi hartan fantasiazko mundu bat egon zitekeenik, baina protagonistaren irudimenari esker magiarako tartea dago filmean: gezurrak eta mina existitzen ez diren lurraldera, maitagarriak egoten diren lekura jauzi egingo du ikusleak, Ofelia neskatxaren eskutik. Bizitzea (eta sufritzea) tokatu zaion egoeratik ihesi faunoaren babesa bilatuko du Ofeliak: kapitain frankista bihozgabe bat (Sergi Lopez) da bere aitaordea eta egoera berri horren  aurka altxatuko da. Fantasiatik errealitatera bueltan, errepublikarren alde direnen artean lagun berriak topatuko ditu Ofeliak.

Badira momentu magikoak (Ofeliak gainditu behar dituen probak tartean), Tim Burtonek berak filmatuko lituzkeenak. Eta gogorrak ere bai, min egiteraino heltzen direnak. Filma hastean, mutiko baten arnasestua entzuten da bakarrik eta bukaeraraino, zenbait momentutan, egonezina da nagusi, zuzendariak ikusleen konplizitatea lortuz.

Aktore guztiak zoragarri daude: Sergi Lopez sekula baino hobeto (eta inoiz baino gaiztoago) eta Maribel Verduk ere sasoi betean dagoela erakusten du. Guztien artean aipamen berezia du neskatilaren rola egiten duen Ivana Baquerok: maitagarri bat jaio da faunoen lurraldean, zinemaren mundu magikoan.

(Gaurko Goienkarian argitaratuta)

PS. Zein ondo dagoen Oñatiko zinema aretoa! Eta ez dute palomitarik saltzen! Gipuzkoako zinema aretorik onenetakoa dela esango nuke.

Nork: edu mendibil.2006/12/07 18:21:44.889 GMT+1
Etiketak: timburton maribelverdu ivanabaquero ellaberintodelfauno sergilopez guillermodeltoro | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak