
Oker ez banabil, egunkaritan nahiko modu isilean aipatu dute Andrew Wyeth margolariaren heriotza. Joan den urtarrilaren 16an hil zen, 91 urte zituela, bere jaioterrian hain zuzen, Chadds Forden, Pensilvanian. Joan den domekako El País egunkarian (zein ederrak izaten diren bertako heriotza-oharrak!) eta atzoko ABC egunkarian artikulu bana eskaini diote Wyethen heriotzari. 1977an Arts News aldizkariko kritiko batek gehien eta gutxien baloratuak ziren artistengatik galdetu zuen eta erantzun bera jaso zuen galdera bietan: Andrew Wyeth. Horrez gain, zera jakin dut aipatutako artikuluei esker: Christina´s world koadroarekin lortu zuela osperik handiena 1950eko hamarkadan eta hura margotzeko benetako irudi baten oinarritu zela Wyeth. Antza denez, gerritik bera elbarri zegoen eta gurpil-aulkia erabiltzerik nahi ez zuen Christina Olson da koadroan ageri dena. Betsy James emaztearen bitartez ezagutu omen zuen margolariak Christina Olson. Estimu handia diot koadro horri. Orain dela urte batzuk Estatu Batuetara egindako bidaia baten erosi nuen koadroaren posterra, New Yorkeko MOMA museoan. Lagun batendako erosi nuen hasieran, baina hain polita izanda, bueltako bidaian bitan pentsatu eta niretako gorde nuen.
Idatzi artikulu bat