Juan Rulfo idazleak zera esan omen zuen behin: abioian zihoanean, hilerriengatik bereizten zituela Mexikoko herriak. Niri antzeko zerbait gertatzen zait…, futbol zelaiekin baina. Txikitatik daukadan debilidadetako bat. Kontua da, gertu egon arren eta askotan ondotik pasa naizen arren, egoteke nengoela Oñatiko Azkoagain futbol zelaian. Domekan han izan nintzen, Aloña Mendi eta Hondarribiaren arteko futbol partiduan. Futbol zelai polita da Oñatikoa, xarma berezia duena: paraje ederrean dago, Aloñaren azpian, Arantzazurako bidea hasten den tokian hain justu. Bere tribunatxoarekin, atsedenaldian zaleen topalekua den tabernatxoarekin, alboko marraren eta zaleen guardasolen artean (kontuz gero, epaile jauna!) tarte gutxi uzten duen futbol zelai estu horietakoa.
1949an egindakoa da Azkoagain, eta aurtengo denboraldiaren amaieran berdegunea kenduko dute, belar artifiziala jartzeko. Disgustu ona zaleentzat eta jokalarientzat! Ederto zaintzen dute Azkoagaineko berdegunea eta futbolean egiteko gogoa pizten zaizu hura ikustean. Deigarriena zera egin zitzaidan domekan: atsedenaldian eta partiduaren amaieran neska-mutikoak atera ziren zelaira, baloiarekin jolastera. Harrobia zaintzeko ideia polita. Bergaran, adibidez, ezinezkoa da hori, Agorrosin Wembley baino gehiago zaintzen dutelako. Talde nagusiak bakarrik erabiltzen du Agorrosin, hamabostean behin. Eta ez okurridu zelaira salto egitea! En fin, oñatiarrek Azkoagaineko berdeguneaz gozatzeko azken aukerak dituzte liga amaitu bitartean. Goza dezatela… eta ea bitartean Aloñak gora egiten duen.
2008/02/27 17:51:07.038 GMT+1
Azkoagain
Nork: edu mendibil.2008/02/27 17:51:07.038 GMT+1
Etiketak:
agorrosin
wembley
juanrulfo
azkoagain
aloña-mendi
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Idatzi artikulu bat