Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/09/08 16:05:03.927 GMT+2

Atotxako lehen oroitzapena

Realaren mendeurrenaren harira, gaur eguerdian, Herri Irratian, Atotxako beraien lehen oroitzapenari buruz jardun dute Iban Oiarzabalek, Joseba Urdangarinek eta Iñigo Chaurreauk. Tio Jesus zenak (dagoen lekutik sufrituko du bai, gaurko Realarekin) eraman ninduen lehen aldiz Atotxara, 1979ko urtarrilean, hamar urte nituela. Gabonak ziren eta horixe izan da inoiz jaso dudan oparirik onenetakoa. Ordura arte, irrati bidez Josean Alkortak egiten zituen erretransmisioei esker irudikatzen nuen Atotxa, eta sorpresa galanta izan zen, begiak zabal-zabalik, lehen aldiz hura ikustea. Futbol zelaiko berde zoragarri hura, harmailak, puro usaina (tiorena tartean), horrenbeste jende harmailetan, bufanda eta bandera txuri-urdinak (non geratu dira?)… Realak 2-0 irabazi zion Bartzelonari egun hartan, eta bi golak Lopez Ufartek sartu zituen, falta bidez. Hura zen gainera nire idoloa. Atotxako estreinaldia ezin hobea gertatu zen nire kasuan.

Horixe Atotxako nire lehen oroitzapena. Eta zurea?

Nork: edu mendibil.2009/09/08 16:05:03.927 GMT+2
Etiketak: iñigochaurreau lopezufarte joseanalkorta atotxa herri-irratia ibanoiarzabal zuburrutibaserria realsociedad josebaurdangarin | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Nik ere 1979an ikusi nuen lehenengo aldiz partidu bat Atotxan. Azaroaren 11n izan zen. Real Madrilen aurka. Realaren historian mugarria izan zen partidua. Izan ere, ordura arte, oso-oso gutxitan irabazi baitzion Realak Madrili eta uste dut inoiz ez horrelako golen aldearekin: 4-0 nagusitu zitzaien zuriei. Sekulakoa izan zen.

Bi gauza gogoan dauzkat beste ezeren gainetik: batetik, Lopez Ufartek zela eskatzen zion Arkonadari baloia, txistu eginez, ezkerreko hegalean, hertzean, marra zuriaren ondoan. Eta, bestetik, zuriekin jokatzen zuen beltza: Cunningham. Madrilen fitxaketa izarra zen, baina ez zuen ezer egin gure Gajate, Kortabarria, Zelaieta, Olaizola eta abarren aurrean.

Madrilen aldetik jokatu zuten Juaninok, Santillanak, Stielikek, Pirrik, Camachok, Del Bosquek..., baina, halere, izar horien guztien gainetik pasatu ziren txuri-urdinak. Ametsa egi bihurtu zen... Realaren hamaikakoa? denok buruan daukagun hori, buruz ikasi genuena: Arkonada, Zelaieta, Gajate, Kortabarria, Olaizola, Diego, Alonso, Zamora, Idigoras, Satrustegi eta Lopez Ufarte.

Koinatuak eta haren Mutrikuko lagunek eroan ninduten partidura eta nire lagun Kuxin ere etorri zen.

Ezetz asmatu zein zen Madrilekoen entrenatzailea? "Futbol es futbol" zioen hura: Vujadin Boskov. Seguru horixe errepikatu zuela partiduaren ostean kazetari madrildarren aurrean.

Historikoa benetan!

Nork: Eneko Azkarate.2009/09/09 09:22:49.711 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak