Bizikleta berria erosi nuen udaberrian. Hala ere, zaharra ez daukat saltzeko. Kariño handia diot. Izan ere, oker ez banabil, 1985etik nirekin izan dut. Museorako pieza ia-ia. Autoak ez dira historiko bilakatzen 25 urte egitean, ala? Kontuak kontu, aurten berriro itzuli naiz errepidera, rockero zaharren antzera. Girotzeko-edo, udan irakurritako liburuetako bat Tim Krabbéren El ciclista izan da. Asko gozatu dut irakurketarekin. Tim Krabbék berak 1977an korritutako lasterketa bateko bizipenak eta txirrindularitzaren gaineko kontuak tartekatzen ditu.
Txirrindulari historiko dezente aipatzen ditu, haien gaineko kontu bitxi ugari. Bernard Hinaulten pasadizo bat ere ekartzen du gogora. Oh la la, Hinault! Nire txikitako idoloetako bat. Tim Krabbék kontatzen duenez, 1977ko Dauphiné Libéré lasterketan, lider zihoala, istripu ikusgarria izan zuen Hinaultek. Telebistatik lasterketa jarraitzen ari zirenek susto galanta hartu zuten Hinault amildegitik behera erortzen ikustean. Baina..., ale-hop! Han azaldu zen berriro Bretainiako txirrindulari zangarra, paretan gora eskalada egiten. Bizikleta aldatu ondoren, etapa irabazi eta Dauphiné Libéré eskuratu zuen Hinaultek. Beste bi aldiz irabaziko zuen aipatutako lasterketa. Krabbek zera aipatzen du: txirrindulari moduan joan zela Hinault amildegian behera, eta vedette moduan azaldu, betirako izar bat. Aipatutako irudiak ikusteko kuriositatea neukan eta, nola ez, youtuben aurkitu ditut. Irudiok, hemen. Ikusgarria benetan. Allez, Hinault!
PS. Txirrindularitzarekin jarraituz, Erlea kultura aldizkariaren bigarren zenbakian (Interneten ez dut topatu) Marino Lejarretari egindako elkarrizketa ederra dator. Horri esker jakin dut nire lagun batek gaztetxotan janzten zuen kamisetako irudi politx hura Jose Luis Zumetak egindakoa zela.
2010/10/01 13:31:57.824 GMT+2
Allez, Hinault!
Nork: edu mendibil.2010/10/01 13:31:57.824 GMT+2
Etiketak:
timkrabbe
bernardhinault
elciclista
marinolejarreta
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (1)
Errenferentziak:
...zun hori, La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina, El ciclista, Erreferentzia: Liburu on! - Mathiasen kopilotua 2010/12/17 12:05:36.430 GMT+1
Idatzi artikulu bat