Zein aspergarriak diren hauteskunde kanpainak! Ez dut esango garai batean megafonoarekin kalez kale mezu zaratatsuak igortzen ibiltzen ziren autoak faltan botatzen ditudanik, baina gaurkoa ere aspergarria egiten zait. Futbolean bezala, marketingak agintzen du neurri batean politikan ere, eta mitinek, adierazpenek, inkestek, esloganek (erotiko-politikoa Ibarretxerena: Elkarrekin egingo dugu) eta abarrek hotz lagatzen naute. Sikiera, aurten egindako inkestak sinesgarriagoak gertatuko zaizkit. Gure aitari deitu zioten zapatuan, boto-historiala eta A-17rako boto intentzioaren gainean galdezka. Nahiko nota txarrak eman zizkien aitak gure politikariei. Ados berarekin.
Edozein modutan, kanpaina bizitze aldera-edo, reality-txouak modan diren honetan, zergatik ez dute estilo horretako saio bat egiten? Hautagai guztiak, aukera guztiak, Ajuria Enea birtualean sartu eta ikusleek erabaki dezatela hautagairik gustukoena. Botoa ematera joan beharrean SMS mezuen bidez egingo genuke aukeraketa.
Horrez gain, San Gilen setazko pijamak, Madrazoren etxeko lanetarako abilezia, Lopezen siestak, Ezenarroren firin-farana, Ibarretxeren fitness saioak edota Otegiren mus hordagoekin gozatzeko baliagarria izan liteke. Norbait ideiarekin interesatuta egonez gero, horra hor saioarendako izen posibleak: Anaia Handia: Madril; Lehendakari, el conquistador del fin del mundo edota Ajuria Enea, la casa de tu vida.
(Gaurko Asteleheneko Goienkarian argitaratutako zutabea)
Idatzi artikulu bat