Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/03/11 16:00:06.110 GMT+1

Vera Drake

Ezin da esan Vera Drake filma ikusteko aukera handirik dagoenik. Gipuzkoan behintzat Donostiako Principe aretoetan bakarrik programatu dute oraingo aste bukaerarako. Azken Donostiako Zinemaldian, irailean, Vera Drake ikusteko aukera izan nuen; ordutik ez dut haren mailako filmik ikusi. Vera Drake 1950. urtearen inguruko Ingalaterran girotuta dago. Familia xume bateko ama da Vera Drake; etxeak garbitzen egiten du lan. Horrez gain, haurdun geratzen diren neska gazteei abortatzen laguntzen die, garai hartako Ingalaterran debekatuta egon arren. Halako batean, neska bat hiltzeko zorian egon ondoren, gauzak okertu egingo zaizkio protagonistari. Hortik aurrera filmak berebiziko indarra hartzen du, eta hainbat eszenak bizarrak jartzen dizkizute. Filma gogorra da, eta aktoreen lana, zoragarria; aktoreak beharrean, garai hartako familia bat bizi-bizian ikusteko sentsazioa izan nuen proiekzioan, leihoaren zirrikitu batetik euren etxera sartzeko aukera eduki izan banu. Interpretazio maila bikainaren adierazgarri izan daiteke hori.

Mikel Leighen azken filmak Urrezko Lehoia irabazi zuen Veneziako Mostran eta Imelda Staunton aktoresak interpretazio saria eskuratu zuen. Oscarretarako ere izendatu zuten Imelda Staunton, baina azkenean Hilary Swankek irabazi zuen saria, Clint Eastwooden Million dollar baby filmean egindako lanagatik. Filma onenaren Oscarra ere Millionentzat izan zen. Filma gutxietsi nahi barik (Dirty Harry zenak ia-ia negarra eragin zidan, kabroiak!), kategoria batean zein bestean, nire ustez, hobeak dira Imelda Staunton eta Vera Drake.

Pena da gure artean Vera Drake jatorrizko bertsioan ikusterik ez izatea. Bestalde, zenbaitetan gertatzen den moduan, jatorrizko izenburua ez dute errespetatu. Oraingoan El secreto de gehitu diote aurretik. Buruargi asko dago. Ez dut ulertzen batzutan zergatik jolasten duten jatorrizko izenburuekin.

Nork: edu mendibil.2005/03/11 16:00:06.110 GMT+1
Etiketak: zinea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak