
Diego Armando Maradona Kolonbian dago egunotan. Munduko futbol jokalari onena izandakoa noraezean dabil aspaldian. Orain, obesitatearen aurkako tratamendua jasoko du Cartagenan. Medikuen arabera, urtebeteko epean, 121 kiloko pisua izatetik 70 kilo pisatzera pasatu ahal izango da argentinarra.
Donostiara etorri zen lehenbiziko aldian Maradona ikusteko zortea izan nuen. Aitak eraman ninduen Atotxara. Bartzelonarekin jokatzen zuen orduan Maradonak eta Realak irabazi zuen partidua, 1-0. Sevillarekin ere jokatu zuen Atotxan, beranduago, lodiago. Futbol zaleen artean beti egon da jokalari onena zein izan den erabakitzeko eztabaida: Di Stefano, Pele, Cruyff, Maradona, Lopez Ufarte (eztabaidarako nire ekarpena), Ronaldo, Zidane... Nire ustez, Maradona izan da onena. Munduko txapelketa da futbolarien eskaparaterik onena eta inork ez du Maradonak 1986ko Mexikoko mundialean egin zuena berdindu. Txapelketa hartako partidu guztietan sekulako erakustaldia egin zuen, eta final laurdenetan Ingalaterrari egin zion gol hark ez dauka parekorik; zelai erdian baloia jaso eta sei jokalari atzean laga ondoren gol mundiala egin zuen. Partiduak garrantzi berezia zuen, zituen konnotazio politikoengatik (Malvinaseko gerra atzean zegoen). Gerra hura galduta, futbolarekin nolabaiteko mendekua hartu zuten argentinarrek. Maradonak orgasmo kolektibora eraman zituen bere herrikideak. Final erdietan beste bi gol egin zizkion Belgikari. Maradonak eta beste hamarrek txapelketa eskuratu zuten, finalean Alemaniari 3-2 irabazi ostean.
Hala ere, atzean geratu dira Maradonaren egunik onenak. Magikoa zelaian eta txoriburua zelaitik kanpo. Nagusiki, drogekin izan dituen arazoengatik agertu izan da medioetan erretiratu zenetik. Ospitale psikiatriko baten ere egon izan da Argentinan, eta handik irteterakoan anekdota bat azaldu zuen Pelusak, zenbaitetan burua argi daukala azalduz. Era askotako gaixoekin elkartu omen zen psikiatrikoan eta Maradonak esan zuenez, batek Carlos Gardel zela uste zuen, beste batek Napoleon Maradonak Maradona zela esan eta barre egiten zioten denek.
Erantzunak
Egia da bai Maradona futbol jokalari onenetarikoa izan dela. Eta egia da baita azken aldian Maradonaren inguruko berriak beti tankera berdinekoak direla.
Hala eta guztiz ere, Argentinan lehen bezain besteko izen ona izaten jarraitzen du. Idoloa da Argentinan.
Nik alde batetik ulertu dezaket, jokalari ezinobea izan da eta. Baina bestalde, azken urteetan egin dituen aldrebeskeria guztiekin, nekez ulertu dezaket jada fenomeno hau.
Aurrerantzean ere izango ditugu Maradonaren bizitza aldrebesaren kapitulu gehiago. Ni bitartean Maradona zergatik askorentzat idolo izaten jarraitzen duen galdetzen segituko dut.
Nork: Ima.2005/03/08 10:17:24.191 GMT+1
Haiek bai garai onak! Non zinen eta non zara, Maradona!
Argazki polita, benetan. Ikusteke neukan. Revival-a egitea ondo dator batzuetan.
Nork: Leire.2005/03/08 10:18:59.480 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/arrosaklatan
Drogen gainean hasi zarete berbetan baina azken hilabeteotan beste kontu batengatik ere izan da albiste Maradona. Argentina aldean, batek baino gehiagok pentsatuko du, eta galdetu selekzioko hautatzaile ohiari bestela (Bilardo??? Hori Edun kontura) hobe izango litzatekeela Dieguito kokainaz lepo bete egongo balitz, horrela dagoenean non dagoen ere ez daki-eta. Behin espabilatuko, eta Brasilekoei lasaigarriz nahastutako ura eman zietela esateko. Brancok nabaritu zuen zerbait...
Nork: Xabi.2005/03/08 12:12:52.936 GMT+1
Albiste on bat: lehengunean irakurri nuenez, Emir Kusturica hasi da dagoeneko Maradonari buruzko dokumentala errodatzen. Futbolzale amorratua izateaz gain, gehiegikeriak ondo baino islatzen dakiela azaldu du Kusturicak behin baino gehiagotan (Gato negro, gato blanco).
Ez dago zinegile aproposagorik Maradonari buruzko lan hori egiteko. Antza denez, Manu Chao ere azalduko da aipatutako dokumentalean.
Santa Maradona
Nork: edu.2005/06/27 11:36:25.759 GMT+2