Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/12/21 18:30:34.553 GMT+1

La noche de Linares

Euskal Telebistako misterioen artean bi obsesio dauzkat aspaldian: batetik Firin Faran saioko publikoak zer demontre egiten duen ez dakit. Zertarako daude han? Benetakoak dira tertulianuen atzean tragoa hartzen azaltzen direnak? Zer edaten dute? Bestetik, Felix Linaresek aurkezten duen saioa ikusten dudan bakoitzean istorio harrigarriekin egiten dut topo.

Atzoko saioaren aurretik La gula del norte saltzen azaldu zen Felix Linares. Argiñanoren hizkera erabiliz, iazko Gabonetan gulak modu tradizionalean gertatu zituela esan zigun:

- Con su ajito, con su guindillita... y a triunfar!!!

Ondoren, Los reyes del crimen filmaren aurkezpenean, aipatutako film hori egiten ari zirela, Kevin Costner aktorea (patilak eta ilea zeuzkan orduan) trafikante batekin nahastu zutela esan zuen (CONFUNDIDO CON UN NARCO letra larriz azaldu zen pantailan, Linaresen saioko estiloari eutsita). Kevin zintzoa haurrei droga saltzen zebilela uste zuten Costneren semearen eskolako gurasoek... Bestalde, Robin Hood, príncipe de los ladrones Ingalaterran filmatu zuenetik, Costner Arsenal futbol taldeko jarraitzailea sutsua (HINCHA DEL ARSENAL) omen da. Ez dut imajinatzen Costner Highburyn, gunnersak animatzen Reyesen kamiseta jantzita. Zineman, film porno batean (PLAYA ARDIENTE) debuta egin zuela jakin genuen baita. Kamiseta barik azaltzen zen han.

Elvis jantzita, lapurretak egiten dituzte Los reyes del crimen filmeko protagonistek. Hori dela eta, Elvis eta Priscilla Presleyren arteko amodio istorioa gogora ekarri zuten atzo, Love story izeneko sailean: Alemanian soldadutza egiten ari zela ezagutu zuten elkar Elvisek eta Priscillak, artean Priscilla adin txikikoa zela (DELITO). Hori dela eta, 20 urteko kartzela zigorra jasotzeko arriskuan egon zen Elvis. Eta Priscillaren ugazaita (militar bat) bere alabatxoaren harremana onartu beharrean egon zen, Elvisek desertzioarekin mehatxatu zuelako. Hori ikusita, goi mandoek Priscillaren aita (OBLIGADO POR SUS SUPERIORES) mehatxatu zuten.

1967an ezkondu eta gero eta Michael Jacksonen emaztea izango zena jaio ondoren, Elvisen eta Priscillaren arteko harremana hozten hasi zen (DEJÓ DE ACOSTARSE CON PRISCILLA). Elvisen gainbehera etorri zen (37 PASTILLAS AL DIA), baina erregeak ez zituen emakumeak albora laga (DE 3 EN 3)... Egoera horren aurrean, Priscilla Elvisen karate irakaslearekin joan zen (SE FUGÓ). Biak akabatzeko agindua eman ei zuen Elvisek... Priscilla bizi da; karate irakaslea, ez dakigu: eta Elvis hilda dagoela oraindik zalantzan jartzen dute batzuek...

Aurreko saio baten Frank Sinatra, George C. Scott eta Ava Gardner hirukotea izan zen istorio bateko protagonista. Antza, Patton jenerala izandakoak egurtu egiten zuen Ava Gardner (PEGAR A AVA GARDNER). Tartean, Mogambo filmeko korte bat jarri zuten, Ava Gardnerena, gustu txarreko txiste bat eginez:

- Vaya semanita que me espera...

Horren aurrean, Sinatrak hiru lagun (TRES MATONES) bidali zituen Scotten etxera. Scott han ez zegoenez, bere armairuko alkandora guztiak txikitu zituzten (ARRANCAR LAS MANGAS).

Ejem... igual bekatu txikia izango da hau esatea, baina batzutan kosta egiten zait han esaten dituzten guztiak sinistea.

Lapurretak egiteko orduan zineman gehien erabili izan diren mozorroen hit-paradea egin zuten atzoko saioan. Badakizue zein agertzen zen top-1ean? Santa Clausen mozorroa! Kontuz beraz Gabonetan... Eta ondo-ondo pasau!!!

Nork: edu mendibil.2005/12/21 18:30:34.553 GMT+1
Etiketak: telebista | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (1)

Erantzunak

Linaresen programan nik ere gusturago ikusten ditut filmaren aurrekoak, filma bera baino. Eta askotan pentsatu izan dut, nola dakite hori dena? Egia izango da? Izan ere, zaila izaten da den-dena sinistea.

Santa Claus jantziarekin ibiltzen dira Gabonetan lapurrak. Euskal Herrian, orduan, lapur gutxi edo Olentzero jantzia aukeratzen dute? ;-))

Ondo pasau Gabonak zeuk be!

Nork: Uxo.2005/12/22 09:56:44.790 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/tuttifrutti

Errenferentziak:

...a>? Noiz amaituko da Goenkale? Nork hil zuen Laura Palmer? Mundiala irabazi barik erretiratuko al da Jose Angel De la Casa? Zein da Felix Linaresen eztarri sakona? Erosi al du inork ordu txikietan iragartzen dituzten fitness

Erreferentzia: 27 galdera - Mathiasen kopilotua 2006/10/11 11:38:26.347 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak