Harrigarria: Antonio Zabalak ikusteke zuen film bat ikusi berri dut. Zinema aretoetan bota zutenean ez nuen *Ibrahim y las flores del Corán* ikusi eta aurrekoan Irunen bizi den lagunak DVDa utzi zidan (hain zuzen ere, Irungo lagunarena eta Antoniorena dira nire konfiantzazko bideo-klubak). Kontuak kontu, film ederra da Ibrahimena, bai jauna! "François Dupeyron":http://www.filmaffinity.com/es/search.php?stype=director&stext=Fran%E7ois+Dupeyron zinemagilearen bi film nituen aurretik ikusiak: batetik 1999an Urrezko Maskorra irabazi zuen *Qué es la vida? (azken urteotan Urrezko Maskorra irabazi dutenetatik gehien gustatu zaidana) eta bestetik Inguélézi (Clandestino)*, horrenbeste kamara mugimendurekin iazko Zinemaldian jota mareatuta utzi ninduena.
*Ibrahim y las flores del Corán* 2003an filmatu zuen Dupeyronek, Eric-Emmanuel Schmitt idazlearen eleberrian oinarrituta. Antzerki lana egin du orain "Centro Dramático Nacionalek":http://cdn.mcu.es/home.asp, Gerardo Veraren zuzendaritzapean (azaroaren 27ra arte Madrileko María Guerrero antzerki aretoan iragarrita dago).
Dotore filmatutako istorio ederra da Ibrahim jaunarena. 1960 urte inguruko Parisen girotuta dago (Frantzian gaurkoa baino giro lasaiagoa bizi zutenean); hango auzo baten bizi da Momo gaztetxoa aitarekin (ama missing dago), inguruan ibiltzen diren prostitutak eta Ibrahim (Omar Sharif) etorkina lagun dituela. Ibrahimek denda txiki bat dauka eta harreman berezia sortuko da Momo eta dendariaren artean. Momoren aitak alde egiten duenean Ibrahim izango da gaztetxoaren zaindaria.
Bi elipsis (horrela izendatzen ez badira norbaitek zuzentzea eskertuko nuke) zoragarri daude filmean: batetik Momo lehen aldiz emakume batekin oheratzen denean. Mutikoaren itsulapikoak zeresana badauka eszena horretan. Bestetik, Ibrahim jaunak eta Momok autoa hartu eta Turkia aldera abiatzen direnean. Ibrahimek Momori herrialde bateko eta besteko azalpenak ematen dizkion bitartean, zerua eta lainoak besterik ez dira ikusten.
Bizitzarako lezio ederrak ematen dizkio Ibrahimek Momori. Besteak beste, zoriontasunaren gakoa geldotasuna dela esaten dio. Lasaitasuna eta bizi poza ekartzen duen film horietakoa da eta musikak protagonismo berezia du.
Kreditu tituluetan Isabelle Adjani agertzen zela irakurri nuen. Despiste ona! Ez nuen ikusi Greziako zerura begira egongo nintzen. Han jendea zoriontsua dela esaten du Ibrahim jaunak.
Idatzi artikulu bat