2011/12/22 09:32:52.970 GMT+1





Aurten irakurritako liburuen artean bereziki hiru nabarmenduko nituzke, hirurak gustura irakurtzen diren
pisuzko nobelak, mardulak
(liburu
digitalik ez dut dastatu oraindik), azkenera arte gogoz eta aldi berean
penaz (bukatzearren hain zuzen) irensten direnak. Niri dagokidanez
behintzat, Urteko Liburuaren saria
ex-aequo hirurentzat.
La fiesta del Chivo (2000). Aspalditik neukan irakurtzeko gogoa eta pazientzia handiarekin nire
zain izan dut etxean urtetan. Azkenik, udaberrian heldu nion,
kasualitatez Trujilloren hilketaren 50. urteurrenean. Beldurgarria
benetan Vargas Llosak kontatzen duen istorioa, lehen orrialdetik
akaberara arte harrapatzen zaituena. Ez nuen ezagutzen Trujilloren
ibilbidea, Galíndezen hilketarengatik zeharka ez bazen ere.
1961ko maiatzaren 30eko Trujilloren kontrako atentatuari buruzko orrialdeak biziki hunkigarriak dira
, eta gogorra benetan Uraniak amaieran egiten duen aitorpen modukoa. 2010eko Nobel Saridunaren maisu-lana, zalantzarik ez. Benetan zuzen zebiltzan liburua behin eta berriz gomendatu zidatenak.
Viaje con Clara por Alemania (2010). Bidelagun izan nuen (Clara ez, liburua) udan Alemaniara egindako
bidaia baten. Clara, Alemaniari buruzko gida idazten ari den idazlea eta
Ratón, haren senarra, dira protagonistak eta
Ratón bihurriak egiten
duen kontakizuna da haria. Bikote baten harremana ederki islatzen duen
nobela. Bide batez, Alemaniako gida moduan ere erabili daiteke. Fernando Arambururen libururik ez neukan irakurrita eta
egilearen argazkia ikusita, ez nuen uste hain dibertigarria izan
zitekeenik. Narratzailearen hainbat konturengatik berehala identifikatu
nituen
Ratón eta Aramburu bera,
Javier Cercasen nobeletan gertatu izan
zaidan moduan. Joan den abuztuan bereziki lagungarri gertatu
zitzaizkidan Hanburgon kokatutako pasarteak. Guztiz gomendagarriak.
Liburua zein Hanburgo.
El hombre que amaba a los perros (2009). Liburua irakurtzen nenbilela, Fernando Arambururi zera irakurri nion
artikulu batean:
"
Raro será que a una obra rica en pensamientos complejos, en datos
históricos, en aciertos formales y hondura humana no la preceda un
sostenido esfuerzo que fácilmente pudo prolongarse por espacio de varios
años". Leonardo Paduraren lana baino adibide hoberik, zaila...
Trostki, haren hiltzaile Ramón Mercader eta Kuba
maisuki gurutzatzen ditu egileak. Utopien hutsegiteen eta gupidaren
gaineko orrialde hunkigarriak daude liburuan eta Iván protagonistaren
belaunaldiaren ametsak zelan zapuztu ziren/zituzten ikustea mingarria
gertatzen da.
Trotski hil zuten etxean (goiko argazkian) egon nintzen orain dela urte mordoa eta orain
Asaltar los cielos dokumentala berriro ikusteko gogoa piztu zait. Bere
garaian, aipatutako dokumentala
zerrenda hartan gehitzea ahaztu nuen.
Fernando Arambururen liburu ederrean aipatzen den moduan,
blam uneak
izan ditzazuela 2012an eta ondo-ondo pasa Gabonak. Besarkada handi bat hona gerturatu
zareten guztioi.
Nork: edu mendibil.2011/12/22 09:32:52.970 GMT+1
Etiketak:
fernandoaramburu
mexicodf
leonardopadura
ramonmercader
trotski
vargasllosa
elhombrequeamabaalosperros
javiercercas
viajeconclaraporalemania
asaltarloscielos
trujillo
galíndez
lafiestadelchivo
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/12/19 13:44:29.058 GMT+1
Casale zaharra hil zela 40 urte betetzen dira gaur. Casale zaharrak
ziurrenik
El Trinche ikusiko zuen jokatzen noizbait. Casale zaharrak
zortea ekartzen omen zion Central bere bihotzeko taldeari.
Horregatik hain zuzen bahitu zuten El Coloradok, Miguelitok eta haien
lagunek Casale zaharra 1971ko abenduaren 19an. Egun horretan jokatu
zuten
Ñulsek eta
Centralek, Buenos Aireseko
Monumental
estadioan. Centralek irabazi omen zuen, 1-0, eta
kanallen garaipena ospatzen
heriotza gozoa
izan zuen Casale zaharrak;
¿Qué más quería que morir así ese hombre? ¡Ésa es la manera
de morir para un canalla! Bihotzak huts egin zion Casale zaharrari.
19 de diciembre de 1971 Roberto Fontanarrosa handiak
idatzitako istorio zoragarria da. Inoizko futbol-ipunik onena dela
entzun nion lagun bati aspaldi. Litekeena da laguna zuzen ibiltzea.
(Juan Carlos Rimoldi lagun rosarinoari eskainitako posta)
Nork: edu mendibil.2011/12/19 13:44:29.058 GMT+1
Etiketak:
newell´soldboys
rosariocentral
eltrinchecarlovich
estadiomonumental
buenosaires
robertofontanarrosa
elviejocasale
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/12/16 09:54:42.283 GMT+1
Fellini Donostian dabilela eta, aspaldi nire arrebak oparitu zidan
liburu bat irakurtzen nabil. Urtetan zain izan ondoren, ematen du
liburuek beraiek deitzen dizutela batzuetan. Halako baten, liburutegiko
apaletatik Fellini deika zebilela iruditu zitzaidan:
"Psshhhi...
Bambinooooooooo!!!". Arrebak blog hau irakurtzen ez duenez, eta oparia jaso nuenetik ia 20 urte igaro direnez, trankil asko
esan dezaket:
liburuak itxura ona bai, baina eduki aldetik... tira!
Biografietan gertatzen den bezala, honek ere Felliniren gaineko kontu
bitxi ugari dakar.
Anekdoten artean, John Baxterrek apokrifoa izan daitekeela aitortu arren, ondorengoa mundiala da benetan:
Fellinik
Las noches de Cabiria filma eskaini omen zion Goffredo
Lombardiri eta honek zera erantzun: "
Lehenbizi, alferren eta marikoien film bat;
jarraian ijito maltzur bat eta emakume tuntun bati buruzkoa; hurrengo
iruzurgile batzuk; eta orain, emakume zoro batzuk atera nahi zenituen eta
azkenean prostitutak izango direla; zer etorriko da gero?". Eta
Fellinik: "
Produktoreei buruzko bat".
Esan bezala, Donostian Fellinirekin gozatzeko aukera bikoitza dago
orain: alde batetik, San Telmo museoan Felliniri eskainitako
erakusketa (guztiz gomendagarria!) eta bestetik,
film zikloa eguaztenero
Principal antzokian.
Fittipaldi bolidoen, abiaduraren sinonimo
bihurtu den moduan, Felliniren izenak zuzenean eramaten gaitu zinemaren
mundu magikora. Viva Fellini!!!
Nork: edu mendibil.2011/12/16 09:54:42.283 GMT+1
Etiketak:
federicofellini
johnbaxter
lastrada
ivitelloni
lenottidicabiria
ilbidone
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/12/02 09:36:55.994 GMT+1
Michael Laudrup da nire beste
debilidadetako bat. Atzo gauean,
zapeatzen
nenbilela, hura elkarrizketatzen ari ziren Punto Pelotako
pelotek.
Ikaragarri gustatu zitzaizkidan Laudrupen adierazpenak eta baita esateko modua ere. Betitik iruditu zait tipo jatorra, argia, zintzoa,
dotorea. Etxerako modukua esango zuen batek baino gehiagok. Realerako
modukua diot nik. Zin egiten dut: noizbait Realera etorriko balitz,
berriro egingo naiz Realeko bazkide; hori bai,
kafre haiengandik ahalik
eta urrunen. Hortxe atzo gaueko
elkarrizketa, hainbat zatitan banatuta. Zelaian eta zelaitik
kanpo,
chapeau Laudrup.
Nork: edu mendibil.2011/12/02 09:36:55.994 GMT+1
Etiketak:
puntopelota
michaellaudrup
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2011/11/24 12:00:56.335 GMT+1
Beti esan ohi da futboleko atezainak tipo bereziak direla. Haien bakardadea, maniak,
penaltyaren aurreko beldurra eta beste hamaika topiko. Zaleen biktimak izateko ere beste edozein jokalari baino
boleto gehiago
dituzte, nekez hasten ditugulako atezainen
huts nabarmenak. Argi dago jokoa jarraitzeko eta aztertzeko leku pribilegiatuan daudela
arqueroak
(Argentinako berba izugarri polita da, ala?) eta defentsari aginduak
emateko orduan ere ez dira kikiltzen; entrenatzailea baino zeresan
gehiago daukate askotan. Hori dela eta, ohikoa izaten da atezaina taldeko kapitaina ere izatea. Nortasun kontua gehienetan. Halere, bitxia bada ere,
gutxi dira entrenatzaile izatera heltzen diren atezainak. Ricardo
Zamora,
Marcel Domingo (beharbada emaitza onenak lortu zituen
atezain-entrenatzailea), Iribar, D'Alessandro, García Remón,
Dino Zoff, Walter Zenga, Julen Lopetegui, Abel Resino edo Lavolpe dira
horietako batzuk. Ez dute jokalari bezala egindakoa hobetu eta hor
nonbait dabiltza, aukera berri baten zain zenbait kasutan. Realera
etorritako
Montanier entrenatzailea ere atezaina izandakoa da.
Caen, Toulouse eta Nantes taldeetan jokatu zuen, besteak beste. Orain,
Realaren ibilbide eskasa dela eta, kolokan dago frantziarra. Aurrekariak
ez daude bere alde. Erratuta egon nahi nuke, baina... Montanier,
alea jacta est.
Nork: edu mendibil.2011/11/24 12:00:56.335 GMT+1
Etiketak:
abelresino
walterzenga
philippemontanier
d
marceldomingo
platini
arconada
julenlopetegui
alessandro
iribar
lavolpe
ricardozamora
garciaremon
realsociedad
dinozoff
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/11/04 09:01:44.511 GMT+1
Hemen da
Zilarrezko Meloiaren VII. ekitaldia. Berlinen
futbol-espioi lanetan daukadan agentearen azken informearen zain, hortxe
aurtengo hautagaien zerrenda:
Keirrison (Barçarekin debutatuko du inoiz?), Real Madrileko hirukote germaniko-nibelungoa
(Sahin, Altintop eta Khedira), Drenthe (hobe Alicante aldean azaltzen
ez bada, ezta Benidormeko txiringito baten ere), Parejo (Valencian,
missing),
hiru
txoritxoak (Chori Domínguez, Chori Castro eta
Chori Buru),
David Navarro,
Altidore,
Iban Zubiaurre (munduko fitxaketarik garestienetakoa, norena eta bilbotarrerena,
of course: lau denboralditan, lau partida Athleticen),
Iñigo Díaz de Cerio (Numanciarekin golik ez oraindik),
Castillo (gainbehera nabarian), Forlán (
Urrezko Baloirako hautagaien
artean, zelan?), Fran Mérida (aspaldiko promesa, urtetan gora doana),
Perea (zelan sufritu duen Atleticoko zalegoak harekin!), Juanma
(Osasunatik Atleticora, madrildarrekin ezer egiterik ez dagoela
frogatuz), Raul García (bikain orain Osasunan, Atletico utzi eta gero,
noski), Godín,
Van Nistelrooy (han eta hemen horrenbeste gol
sartu eta gero lehortea aurkitu du Malagan), Marchena zikina,
Matusalen Rivaldo, Edmilson, Güiza,
Φρανθίσκο Γέστε erbesteratua,
Camoranesi, Fernando
Torres (
blue ex-red), Tévez,
Roque Santa Cruz (Betisen utzita... eta eserita), Mariga, Realera etorritako ustezko perla hori...
Betiko moduan, edozein ekarpen eskertzen da. Oraingoz, irabazlea erabakiko duen epaimahaian Herrman germanofiloa eta
biok gaude. Epaimahai
inconstitucional horretako kide nahi izanez
gero, test txiki bat gainditzea baino ez da behar.
Don Balón hil denez (agur eta ohore),
Panenka
aldizkariko O zenbakian zetorren test
psikologiko-futbol-eroa erabiliko
dugu galbahe gisa, gutxieneko maila bat mantentzearren, baina inoiz ez
Punto Pelota saioko goren-mailara iristeko atrebentziaz. Eskatzen dugun mailaren ideia bat izan dezazuen, hauxe da galderetako bat:
Zure lehen futbol oroitzapena, zein?
a- Maradonaren gola Ingalaterrari,
"cuando dejó en el camino a tanto inglés".
b- Irrati esatariaren oihua:
"¡¡¡Gooooooool en Las Gaunaaaaaaas!!!".
c- Centro Montañés taldeko kamiseta bat, 7 zenbakiarekin.
Esandakoa: Zilarrezko Meloiaren VII. ekitaldian parte hartu nahi duzuenok, idatzi ondoko helbidera eta test osoa bidaliko dizuegu:
komandopetaka@hotmail.com
Meloi uzta ondo joan denez, testa betetzen duten lehenbiziko hamarrek meloi bat jasoko dute etxean.
Nork: edu mendibil.2011/11/04 09:01:44.511 GMT+1
Etiketak:
zilarrezkomeloia
panenka
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/09/26 19:20:30.939 GMT+2
Zinemaldian ohi baino gutxiago ibili naiz aurten eta beraz bitan
pentsatu dut zer ikusi. Horrenbeste film egoten da aukeran, eta tartean somnifero ugari egoten denez... Bi kasutan behintzat
bete-betean asmatu dut.
Bertsolari dokumentala ikaragarri gustatu
zitzaidan. Momentu benetan ederrak ditu: filmaren hasiera, Miren
Amurizak zinema aretoko ikusleei
zuzendutako bertsoa botatzen duenean; amildegiko irudiak (nire ustez
unerik politena,
aukeratzea zaila izan arren); Zarauzko hondartzakoak, Oteizaren hitzekin
lagunduta, Amuriza uretan
sirenatxoa balitz agertzen denean;
Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña jendearen
kontra dabiltzanean; Principal antzokian
harrizko bertsolariak baino ez agertzen direnean; BECeko finala eta hango emozioa; txapela egiteko prozesuarenak...
Herrikojak taldearen musika ere nabarmentzekoa da eta bereziki gustatu zitzaidan baita bertsotan hasi aurreko
isiltasun-tentsioa nola islatzen duen
Kixik. Barrea ere eragin
zidan, Andoni Egaña ikerketa baterako makina
barruan bertsotan hasten denean edota kosmonauta itxurarekin
azaltzen denean gero, burua kablez josita... Egaña Gagarin! Hitzek,
nola ez, berebiziko garrantzia daukate filmean eta Egaña, Lujanbio eta
Jon Sarasua hirukotearenak txapela kentzeko (ala janzteko?) modukoak dira. Txaloak, era
berean, Zinemaldiarentzat, filma sail ofizialaren barruan botatzeagatik.
The artist filmean, berriz, ez dago hitzik, lan mutua da, zuri-beltz
dotorean filmatutakoa eta soinudun zinemaren agerpena eta honek
eragindako
kalte kolateralak islatzen duena. Zein ondo dagoen
girotua orduko Hollywooden eta zelako zinema areto dotore agertzen diren!
Protagonistek elkar ezagutzen dutenean eta handik gutxira, errodaje
platoan, George Valentin zinema mutuko izarrak neska dantzan harrapatzen
duen unea mundialak dira. Baita kamerinoan, protagonistak soinua,
zarata deskubritzen duenean. Jean Dujardin aktorearen lana saritu zuten
azken Canneseko jaialdian eta ez da harritzekoa. Bérénice Bejo
aktorearena ere saritu zezaketen..., eta Uggy txakurrarena, zergatik ez.
Noizko interpretazio sari bat animali batendako? Sinestezina txakurrak
egiten dituenak. Edozelan ere, chapeau! filmeko guztiendako. Publikoaren
saria eskuratu dute Donostian. Aspaldian ez nuen film batekin
horrenbeste gozatzen.
Nork: edu mendibil.2011/09/26 19:20:30.939 GMT+2
Etiketak:
kixi
zinemaldia
herrikojak
bertsolari
theartist
asieraltuna
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/09/19 12:09:10.496 GMT+2
Hogetabost urte bete dira aurten Maradonak Ingalaterrarari, Azteca estadioan,
gol gogoangarri hura sartu zionetik. Bueno, partidu hori berean bi izan ziren Pelusaren aparteko jokaldiak, lehenbiziko maltzurkeria Jainkoaren esku utzi bazuen ere... Jaungoiku maitia! Maradonak egun hartan jantzi zuen kamisetak auskalo zenbat balioko zuen gaur merkatuan. Munduan futbol-ero asko dago-eta... Aipatutako kamisetarekin topo egin dut ustekabean udan, non eta Nottinghameko gazteluan. Brian Cloughen arrastoaren atzetik joan Nottinghamera eta Maradonaren kamiseta aurkitu. Harrigarria benetan.
Bost pound eta erdi ordaindu eta gero, saski-naski bitxia aurkitu nuen Nottinghameko gazteluan: koadroak (horietako batzuk benetan ikusgarriak), jantzi eta tresna militarrak (
Robin Hood Rifles konpainiaren historiak presentzia nabarmena dauka), publizitateari eskainitako txokoa..., eta ezinbesteko opari denda eta kafetegia, nola ez.
Halako batean, gazteluan barrena nenbilela, eskopeta, kasaka eta bestelakoen artean, Maradonaren armadura ikusi nuen zintzilikatuta.
Aibadios! 1986ko
Mexikoko bataila hura ingelesek galdu zuten eta beharbada horregatik
jarriko zuten han, partiduaren
kutsu militarrari eutsita. Baina ez.
Hango azalpenari esker, zera jakin nuen: partiduaren ostean Steve Hodge
Ingalaterrako jokalariak Maradonarekin elkartrukatu zuen kamiseta eta
pieza kotizatua eraman zuen etxera. Izan ere,
The man with Maradona´s shirt
izenburua jarri zion Hodgek bere autobiografiari. Beharbada Maradonari
bostekoa eman eta haren kamiseta eskuratzea izango zen Hodgeren futbol
ibilbideko lorpenik handiena, auskalo. Ondoren, Britainia Handiko futbol
museoari utzi omen zion kamiseta, ongi ulertu banuen, eta Nottinghamera eraman dute orain. Hango gazteluan
Maradonaren
mamua agertu zitzaidan nonbait.
Bisita amaitutakoan, eguraldi ona aprobetxatuta, siestatxoa bota
nuen gazteluko parkeko banku batean, keizpetan. Amets bat ere izan nuen; hurrengo
baten kontatuko dizuet.
PS. Nottinghameko gazteluko saloietako baten esaldi eder hau dago
idatzita:
The cure for boredom is curiosity... There is no cure for
curiosity.
Nork: edu mendibil.2011/09/19 12:09:10.496 GMT+2
Etiketak:
maradona
enricgonzalez
brianclough
themanwithmaradonasshirt
nottinghamforest
stevehodge
nottinghamcastle
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2011/07/08 13:47:54.273 GMT+2
Mikel Hernandez Abaituaren arrastoaren bila feisbuken saiatu
behar naiz hurrengo, aspaldian ez daukat-eta haren berririk. Agindutako
bezala, gure irakasle ohiaren azken liburua irakurri dut orain gutxi.
Di-da baten, irakurketa laga ezinda leitzen da, eta oso gustuko izan
ditut Mikelen oroitzapen autobiografiko-sentimentalak, irribarrea piztu
didatenak, nahiz eta liburuan zehar badiren batere atseginak ez diren
oroitzapenak baita. Hortxe lau apuntetxo, liburua irakurtzeko gogoa emango dizuetelakoan...
Errobiren pop-rocka ere oso gustuko nuen, baina ezinezkoa zen hura
gitarra espainiar batekin jotzea. Errepertorio luzea kantatzen nuen
orduan euskaraz, ingelesezko abestiekin batera. Berrehunetik gora
nekizkien buruz. Ez dakit zein abesti jo nituen azkenean egun hartan,
baina klaseekin eta hitzaldiekin baino arrakasta handiagoa lortu nuen
zalantzarik gabe. Asko dibertitu nintzen. Lauzpabost aldiz kantatu dut
agertoki baten gainean jende aurrean, eta harritzekoa da
publikoarengandik jasotzen den energia eta bukatutakoan sentitzen den
euforia. Orgasmikoa da ia.
Bergaran pasatu nituen urteak oso onak izan ziren, arrazoi
askorengatik, bertako euskara entzuteko eta ikasteko aukeragatik
esaterako. Ez zen Elgoibarko bizkaiera bezalakoa. Hori bai, zetak
ahoskatzeko eta idazteko zailtasun berbera zuten hango ikasleek ere. Ez
nuen modurik aurkitu ongi ikas zitzaten. Erakusleei dagokienez berdin.
Gainera, zer gauza bitxia, Bergarakoei ia dena nahiko ongi ulertzen nien
bitartean, Osintxu eta Antzuolakoei, ordea, ez nien ia ezer
endelegatzen. Hura beste hizkuntza bat zen niretzat. Katalana eta
galegoa askoz errazago ulertzen nituen, ezer jakin gabe ere. Bergarako
ikasle haiei esker ikasi nuen apur bat eskolak ematen. Zorte ona izan
nuen.
[Bergaran, Henry Bengoa inventarium] Ikuskizuna amaitu zenean
afaltzera gonbidatu genituen. Horrela Jean Phocas soinu-teknikariarekin
hitz egiteko aukera izan nuen, euskal disko bikain askoren grabazio
arduraduna eta Errobiren lehen diskoan baxua jo zuena (teknikari lana
egiteaz gain). Egun hauetan nire idoloetako bat zen Jean Phocas. Imanol
etorri zenean, kontzertuaren bukaeran Mikel Laboaren abesti bat
kantatzen ausartu nintzen. Ikasle batzuek elkarrizketa egin zioten eta
aldizkari batean ateratzea lortu genuen, "Argia"n uste dut. Zelako
pertsona ona zen Imanol. Eta zenbat gauza nozitu behar izan zuen
politika kontuengatik. Zenbat boikot ez ote zioten egin. Ikastetxera
etorri zitzaigunean bere famaren erpinean zegoen eta frontoiak betetzen
zituen. Zelako heriotza bakartia eta urruna izan zuen gizagaixoak.
[Etorriko haiz nirekin?] Eleberria argitaratu zen garaian nire lagun
batzuek eta editoreak gutun anonimoak jaso zituzten, non haietaz gaizki
esaka nenbilela eta ganbaratik jota nengoela esaten baitzen. Nire
editorea izan zen anonimo gehien jaso zituena. Urte dezente iragan
ostean ere iritsi zitzaion azkena. Eleberria argitaratu baino lehen
ETAren kontrako artikulu batzuk idatzi nituen, "Euskaldunon Egunkaria"n
argitaratu zirenak; "ETAren kontra, negoziaketaren alde" izan zen
lehenengoaren izenburua. Berehala atera zen beste artikulu bat erantzun
gisa: "Mikel Hernandez Abaituaren kontra, negoziaketaren alde". (...)
Eleberri hartan musikak berebiziko garrantzia zuen. Protagonistek maketa
bat grabatzen zuten, aurreko urteetan neuk etxean egindakoaren antzekoa
hain zuzen ere. Elkarrek diskoak ere ateratzen zituelako,
eleberriarekin batera nik grabatutako maketa argitaratzea agian onartuko
zidatela pentsatu nuen. Inoiz ez zen euskal eleberri bat disko batekin
batera kaleratu (diskodun poesia liburuak bai) eta berrikuntzak ilusioa
egiten zidan. Xabier Mendiguren Elizegiri ideia ona iruditu zitzaion eta
Elkarrekoak konbentzitzea lortu zuen, baina baldintza batzuekin,
bostehun ale aterako zituzten soilki, lehen bostehun erosleei opari
moduan emateko, eta kasetean ez zen Elkar argitaletxearen izena inon
agertuko. Eleberria 1991n kaleratu zen eta oso salmenta onak izan
zituen, forma aldetik hain zaila eta gai aldetik hain deserosoa zen
eleberri baterako behintzat. Hiru edizio atera ziren eta ia lau mila ale
saldu.
Nork: edu mendibil.2011/07/08 13:47:54.273 GMT+2
Etiketak:
mikelhernandezabaitua
azukrexeheagatzlarria
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/03/29 23:01:23.850 GMT+2
Ikasle garaiko irakasle kuttunen artean daukat Mikel Hernandez Abaitua.
Euskara irakasle izan genuen Bergarako institutuan, 1980ko hamarkadan.
Besteak beste, Ruper Ordorika deskubritu izana zor diot orduko irakasle
modernoari. Eta berak argitu zidan Tom Simpson ziklista nola asfixiatu zen Mont Ventoux mendian gora, eta ez Aubisquen. Akordua daukat zenbaitetan gitarra eta guzti etortzen zela
klasera... Handik urte batzuetara tailer literario bat eman zigun
Bergaran eta harrezkero oso gutxitan ikusi dut, harik eta zapatuan,
prentsan, berriro Mikelekin topo egin arte. Karolina Almagiak
Noticias de Gipuzkoa egunkarian egiten
zion elkarrizketa,
Azukre xehea, gatz larria bere azken liburuaren harira (elkarrizketa
missing dago Interneten).
Aurretik hainbat lan idatzitakoa da Hernandez Abaitua eta urte asko dira
Etorriko haiz nirekin?
irakurri nuenetik. Aipatutako liburua kasete batekin saltzen zuten, non
Mikelek zortzi kantu batzen zituen, horietako batzuk izenburu bitxiekin:
Beirazko telefonoak,
Felpazko etxetxo ttipia,
Estupido horiek
edota
Propaganda subertsiboa. Etxean topatu dut zinta eta bertan jartzen duenez, idazle/musikariak bere etxean grabatu zuen,
ahotsak, bajo elektrikoa, gitarra akustiko eta elektrikoak sartuta eta
bateria programaketak eginez. Orkesta gizona tipoa! 20 urte igaro eta
gero, etxera bidean, autoan, berriro entzun dut. Gora kasete subertsiboak! Egia esateko, zaila egin zait Mikelen ahotsa ezagutzea...
Negu nahiko ilun baten
ondoren, udaberriarekin batera berpiztu naiz eta
Azukre xehea, gatz larria irakurriko dut hurrengo, parke loretsu baten ahal badut.
PS. Zapatuko elkarrizketan, Ramon Saizarbitoriaren
Hamaika pauso
nobela mugarritzat jotzen du Mikelek. Hori ere irakurri
beharko dut azkenean, joan den mendetik apalen artean hautsa hartzen
dago-eta.
Nork: edu mendibil.2011/03/29 23:01:23.850 GMT+2
Etiketak:
mikelhernandezabaitua
etorrikohaiznirekin
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak