Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/03/04 21:28:25.339 GMT+1

Musika analogikoaren xarma

Musika analogikoaren xarma

Musika digitalaren kontsumitzaile bezala ikusten dut nire burua. Ez daukat binilorik eta CD gutxi ditut hautsaren zain nire apalean. Ordenagailuan ordea, milaka diskoko datu basea daukat eta egunero ematen diot erabilera. Gizartearen gehiengoa ari da aldaketa digital honetara gehitzen eta askotan guzti honen abantailak aldarrikatzen ditugunez, gaur desabantailak komentatzea erabaki dut.

Disko bat, esperientzia bat da. Honen azala eta diskoa edo biniloa martxan jartzeak suposatzen duen erritualak esperientzia ugaldu eta asetzen du. Artxibo digital batek ezingo du inoiz hori ordezkatu.


Horrez gain, nire ustez, oraindik ere garrantzitsuagoa den musika entzuteko era aldatzen ari da.

Gure gizarte kapitalistan, gauzak muxutruk direnean balorea galtzen dutela uste dugu. Inkontziente egiten dugun erreakzioa da, baina horrela izaten da. Kontzertu berdin baten aurrean, hau ordaindu edo muxutruk bada, lehen aukerak gehiago asebetetzen gaitu. Diskoa ordaindu ez dugunez, gainetik entzun eta lehen entzunaldian gustuko ez badugu zakarrontzi digitalera botatzen dugu.

Inori ez zaio  gustatzen garagardoa, kafea edo tool lehen aldiz kontsumitzen duenean. Musika disko batzuk ezin dira lehen entzunaldian asimilatu, ezta ere diskoko single-a bakarrik entzunda. Osotasunean entzun behar dira.

Inori ez zaio bururatzen film baten eszena aurrera pasatzea gustuko batera heldu arte edota bazkari batetan lehen bi platerak alboratu eta zuzenean postrera joatea. Babarrun barik postreak ez du zentzurik. Diskoa liburu bat da eta bertako orriko paragrafo batetan amesten badugu, aurreko orri guztien esfortzuagatik da.

Ezagunen Ipod-ean kuxkuxeatzean, musika digitalaren sindromea pentsatu baino asimilatuago dugula konturatu naiz. Diskoko kantak bilatzean, bakoitzeko single-a bakarrik du jende askok. Euskadi gazteak babestutako erreproduktoreak dirudite.

Nire ohiturei begiratzean ere, errudun sentitzen naiz. Askotan jausten naiz random deabruaren funtzioan. Autobusean egunero disko oso bat entzuten saiatzen naizen arren, atzamarra next botoitik oso gertu dago eta askotan jausten naiz bekatu digitalean.

Gazteagoa nintzenean izan nuen musika irakasle batek, musika gutxiesten dugula esan zigun klase batetan. Bere ustez, gaur egun, musika gehigarri bezala erabiltzen dugu. Supermerkatuan atzealdean dago, etxeko lanak egiteko, nabigatzen gabiltzan bitartean, korrika egiteko… baina jende gutxi jartzen da musika bakarrik entzuten. Bere teoria entzun nuenean barre egin nuen, gaur arrazoia ematen diot.

Musika prostituitu egin dugu eta ez diogu duen garrantzia ematen. Eskerrak, oraindik ere, benetako melomanoak existitzen direla, horren adierazle hurrengo kanpaina.


Oharra: Barre egiteko gogoarekin gelditu bazarete, hemen gai honi buruzko, Manuel Bartual-en bineta batzuk:

1 - 2 - 3 - 4 - 5 - 6 - 7 - 8 - 9 - 10

Nork: Demonocrazy.2010/03/04 21:28:25.339 GMT+1
Etiketak: biniloa musika nostalgia analogikoa diskoa digitala | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (1)

Erantzunak

Ona artikulua, nahiko aos nago. Nik ia beti entzuten ditut diskoak osorik eta ipod-ean dauden talde guztien disko bat gutxienez badaukat. Hori bai, aspaldian ez det aipatzen dezuna in: musika besterik gabe entzun. Lehen egiten nuen baina gaur egun ikasten, zerbait egiten edo autobusean entzuten dut ia beti. Baina beno, ohera joan eta ordu t´erdi musika entzuten egotea ere ez zait arrotza egiten.

Ona artikulua eta gauza bat ez ahaztu: geroz eta esfortzu handiagoa, orduan eta sari handiagoa. (musikarekin behintzat, adibidez: Neurosis edo between the buried and me)

Nork: tellychavalas.2010/03/04 22:28:42.286 GMT+1
testicularsoundexpress.wordress.com

Idatzi duzunarekin identifikatu naiz %100ean. Ni ere garai digital honen biktima naiz eta ez nuen horren inguruan pentsatu duela gutxi arte. Hain zuzen ere, Anariren azken diskarekin ohartu nintzen abesti baten eta bestearen arteko lotura hori ederra dela, diska bere osotasunean dela artelan bat eta kantuak ez direla pintzelkada soilak baino. Geroztik saiatzen naiz osorik entzuten.
Gezurra esango nuke musika gehigarri bezala erabuiltzen ez dudala esango banu. Niregan asko eragiten duen zerbait da musika, eta nire egoera pertsonala ere alda lezake kantu batek. Horregatik, zerbait idatzi aurretik eta askotan idatzi bitartean ere bai, musika edukitzen dut xuabe xuabe jarrita.
Hala ere, ohean etzan eta besterik gabe musika entzuten aritzen naiz azkenaldian. Gauza ederra da.

Nork: ostolaza.2010/03/05 13:57:24.524 GMT+1
http://ostolaza.mundua.com

Nik ere disko kontzeptuarekin jarraitzen dut oraindik. Diskak osorik entzutzen ditut (ez naiz random zalea). Hori bai, beste zerbait egiten ari naizen biratean...

Nork: indezent.2010/03/06 19:08:28.992 GMT+1

Nik ere digitalera jotzen dut. Jada ez ditut cd-ak erosten ezta biniloak ere, eta egia esan, nire iritziz ez da etzan, begiak itxi eta cd edota biniloak oso osorik entzutea baina oberiz. binilo bat entzuteko gogoa ipini zait.

Nork: olatzartola.2010/03/08 11:42:47.192 GMT+1

Ai, ai, ai… ez dakit ba! :-)
Ni ere %100 identifikatua sentitzen naiz, baina ez nago ados post-arekin.

Hau da, nire musika entzuteko modua erabat aldatu da baita ere, baina ni ez naiz ‘errudun’ sentitzen youtubeko hamar leiho batera bideoklipekin irekitzeagatik (ez dut uste random funtzioa duenik nire mp3ak) eta ez dut uste ‘bekatu digital’ bat egiten ari naizenik, edo ‘deabruaren’ ez dakit zer. Kulpabilitatea = Zero :-)

Hau da, nire ustez, hasieran aipatzen duzun diskaren 'azala eta diskoa edo biniloa martxan jartzeak suposatzen duen errituala...' erabat ordezkagarria da. Erabat. Eta ez dut uste aipatzen dituzun ‘aldaketa digitala’-k desabantailak dituenik (horrela, gainetik). Gauzak aldatu dira, baina ‘ni mejor, ni peor. diferente’ :-)

Gu gauza batzuekin jartzen ginen ‘katxondo’ (portadak, libretok…), eta oraingo gazteak berriz, ba beste batzuekin. Baina ziur nago, beraiek ere plazerra sentitzen dutela musika entzutean. Nik oraindik plazerra sentitzen dudan bezala, nahiz eta disko puta bat ere ez erosi eta abestiz abesti saltoka ibili.

Bestalde, posible da musika gutxiesten dugula estaea. OK. Ados. Baina gutxiespen hori ez dator musika formatuaren aldaketak bultzatua, ezta anplifikatua ere.  (nik musika entzuteko modua aldatu dut, baina ez dut musika gutxiesten) Bere barnean musikaren beharra sentitzen duen edonork hor izango ditu nahi adina maisulan, nahi dituen formatuetan, nahieran entzuteko. Musikaren beharra, ‘deia’, kuriosidadea… sentitzen ez badu, ez da formatuaren errua. (HEZKUNTZARENA akaso. Maiuskula handiekin :-)

Eta azkenik, ez dut uste Vinilo salbatzaileak musika zaleak direnik inondik inora, fetitxistak baizik. Musika maitatzea beste zerbait da ene idurikotz.

Nork: borthuzai.2010/03/12 09:28:45.908 GMT+1
http://www.blogak.com/antzigarra

"...ene irudikotz"?. K nibel!

Nork: indezent.2010/03/12 18:15:57.959 GMT+1

Errenferentziak:

...oan alperrikako hausnarketa Aurrekoan demonocrazyren blogean binilo eta musikari buruzko post bat irakurri nuen. Bertan, musika, musika entzuteagatik soilik entzuteari ut...

Erreferentzia: Ostegun arratsaldeko inora ez doan alperrikako hausnarketa - The Indezents bloga >> 2010/03/11 19:56:54.401 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak