Diogenes digitala
Azken urtetako iraultza digitalak, kultura kontsumitzeko eredu zahar guztiak apurtzeaz gain, kultura biltegiratzeko eta bereganatzeko kontzeptu guztiak aldatu ditu.
Edozeinek dauka gaur egun, P2P sareei esker, Alexandriako artxiboa barregarri utziko lukeen erregistroa etxean.
Soulseek, Emule, Pando, Rapidshare, Mediafire, Megaupload, Torrent, MoorHunt... Programa, zerbitzu eta webgune mordoa erabiltzen ditugu egunero errubera digitalaren barruan harrapatuta gelditu garen gazte askok. Baina beti bezala, muturreko jarrerak ez dira batere egokiak eta gero eta jende gehiagok sufritzen du Diogenes digitala, hau da, disko gogorra zaborrez beteta edukitzea, inoiz kontsumituko ez duten informazioa pilatzea, filmari baino garrantzia handiago ematea zenbat denboran deskargatzen den, edukiari garrantzia eman beharrean deskargatzen lehenak izaten saiatzea...

Friki/geek perfileko “gaixotasuna” dirudien arren, gure sistema materialista barruan jaio eta internet duen edozein jauzi daiteke.
Arazo bat dugunean lehena arazoa onartzea dela esan ohi dute adituek, beraz nire ordenagailuan ditudan artxiboak aztertuko ditut kultura kontsumitzeko dudan gaitasuna aztertuz, nire ordenagailuan inoiz kontsumitzeko gai izango ez naizen zaborra dudan edo gutxika aseko nauen multimedia artxiboak ditudan zehazten saiatzeko.
Momentu honetan dudan erregistroa:
Pelikulak: Pelikulak DVDtan gordetzen joaten naiz, urteak daramazkit sistema berbera erabiltzen, oraintxe bertan 329 pelikula ditut.
Musika: Disko gogorraren laurdena baino gehiago musikarentzat daukat, urte asko noa musika deskargatzen, guztira 60 GB ditut, 1200 diska baino gehiago.
Argazkiak: 4 GB, 5000 argazki baino gehiago.
Telesailak: 8 telesail desberdinen kapitulu guztiak.
Liburu/Komikiak: 2 liburu eta 5 komiki.
Kontsumitzeko gai naizena:
Pelikulak: Bataz beste astero bi film ikusten ditut, dena den, momentuaren arabera film mota desberdin bat aukeratzen dut, beraz, normala da kontsumitzeko gai naizena baino film gehiago edukitzea, dena den deskargatzen ditudan filmen ehuneko 80a ikusten dut 2 hilabete baino lehen.
Musika: Egunero 2 diskotik gora entzuten ditut, baina normalean diska zaharrak (Lehenago deskargaturikoak) entzuten ditut, album asko ditut deskargatuta eta oraindik Zip artxibo bezala, inoiz entzungabe.
Argazkiak: Album handia eduki arren, argazki gehienak pertsonalak dira, eta etorkizunean ikusteko besterik ez dute balio.
Telesailak: Atal honetan bekatzen dut, deskargatzen ditudan telesailak DVDtan grabatzen ditudan arren, behin bakarrik ikusten ditut, ondoren tarrina batetan hautsa jasotzen gelditzen dira.
Liburu/Komikiak: Ditudan liburu eta komikietatik ez dut inoiz osorik ezer irakurri, ez naiz kapaza ordenagailu bidez irakurtzeko. Bi kasutan irakurtzen hasi eta gustoko nuenez komikia erosi beharra izan dut.
Ondorioak:
Diogenes digitalaren sintoma asko ditudan arren, uste dut kontrolaturik dudala gaitza eta ez doala gehiagora, alderantziz, azken aldian disko gogorreko zabor asko borratzen ibili naiz eta musika asko entzuteko Spotify erabiltzen hasi naizenez osasuntsu nago digitalki.
Bukatzeko, sarrera hau idazteko inspirazioaren iturriak azalduko ditut, kuadrila artean sortu zen eztabaida batetik dator kontua, bi muturren arteko eztabaida batetik, lagun batek dena online egiten duela esan zuen, etorkizuna hortik datorrelako. Lagun honek musika entzuteko Spotify, Last Fm, Youtube, Myspace, Playlist, Goear… erabiltzen ditu eta filmak ikusteko cinetube edo horrelako zerbitzuren bat, beste laguna ordea disko gogorren artean bizi da, gero eta film gehiago deskargatzen ditu, gutxienez 15 telesail oso ditu, talde bat gomendatzen diotenean ezer entzun hasi baino lehen diskografia deskargatzen du… Ta beraien artean ni nengoen, beti bezala bi aldetatik kolpeak jasotzen. Azkenean garbi atera genuen bakarra gauza bat izan zen, bakoitza libre da bere menu kulturala kudeatzeko, gauza pertsonal bat da eta SGAEk aurkakoa esaten duen arren legalki eskubide guztiak ditugu bi eratan funtzionatzeko.


Idatzi artikulu bat