Uztailaren amaierarekin bat etorriko da pol-pol tabernaren amaiera. Bergarako taberna famatuenak agur esango du 28 urteko ibilbidearen ondoren.
Elizarena omen da eraikina (lehenago Juven gaztetxea ere bertan kokatzen zen) eta San Pedro elizan egin behar dituzten obrak ordaintzeko dirua, eraikina inmobilaria bati salduz lortu nahi dute.
Taberna bat baino askoz ere gehiago da pola, pertsonalitatedun elkargunea da. Edozein motatako musika jartzen dute, edozein motatako pertsonak egoten gara bertan eta inor ez da at sentitzen. Kuadrilla itxien filosofiaren aurkako taberna da. Kontzertuak, hitzaldiak, ipuin kontalariak… kulturalki ere bapo hornitzen du herria.
Bihar izango da agur festa, bazkaria eta kontzertuak plazan eta gabean DJ Elvis Caino Bergarako gaztetxean, dagoeneko bazkarirako tiketak agortuta daude.
Jabeek beste taberna bat zabalduko dutenaren zurrumurrua oso handia den arren, ez da berdina izango. Belaunaldi askoren gotorlekua itxiko dute eta tamalez, herriaren bizitzarekin jokatzen ari dira.
Dagoeneko asimilatuta daukat uda herrian pasako dudala. Hala ere, egun gutxitan egongo naiz geldi, hondartza, mendia, egun bateko txangoak, festak eta nola ez, kontzertuak.
Kontzerturik ez galtzeko helburuarekin, gaurko goiza, udako kontzertuen agenda egiteko aprobetxatu dut.
Ostegunean hasiko gara Krilin eta Cohen-ek Laino skateparkean eskainiko duten kontzertuekin. Donostiarrek “When The Time Comes, There Will Be No Time” diska atera dutenetik, ez ditut zuzenean ikusteko aukerarik izan, beraz, kontzertu interesgarria.
Ostirala deskantsatu eta Gau magikoak munibeko plazan ikuskizunaz disfrutatzeko aprobetxatuko dut. Larunbatean ordea, Arrasateko San Juanetara gerturatzeko asmoa daukat, bertan Governors, CoolCircus eta Loscretinos-en kontzertuak bait daude.
Lehen asteburuari amaiera ezin hobea emateko, domekan arratsaldeko 20:00retan txapa irratiak bergarako gaztetxean antolatu duen Anariren kontzertua izango dugu.
Arnasa hartzeko denborarik gabe, astelehenean, behingoz, rock & roll-eko mito bat ikusteko aukera izango dut. AC/DCrekin disfrutatzera goaz eta katedralera.
Astearterako ere badut plana, ekainak 29an Anger-ek eta Governors-ek Eskoriatzan joten dute eta.
Bi eguneko eten musikala izan ondoren, berriz ere gure bergarako kartzela zaharrera bueltatzea tokatuko zaigu, bertan ska festa interesgarria izango da eta uztailak 2 ostiralean. Valentziako Ki Sap talde dantzagarria eta Donostiako Skasti.
Larunbatean ere, San Martzial bezperan, gaztetxetik atera gabe, kontzertu berezi batez gozatzeko aukera izango dugu. Hardflip bergararrek, arratsaldez beraien “Ke Kereis” lehen diskoa aurkeztuko digute eta.
Uztailak 9an kobetamendin lehen aldiz egoteko ohorea izango dut, BBK musikaldian, bereziki, Pearl Jam ikusteko gogoz, baina gustura ikusiko ditut Aliceinchains, PaulWeller, Gogolbordello, Coheedandcambria, BiffyClyro, Dropkickmurphys, Gomez, Wildbeasts, Capsula…
Eskoriatzan uztailak 24ean egun berezi bat izango da, Bizardunak-ek errekan gora jaialdian barruan egingo duen kontzertua. Arratsaldez eta paraje ezin hobeago batean, horrez gain, gabean ElvisCaino handiaz gozatzeko aukera. Egun horretarako plan hoberik ezingo da aurkitu.
Gasteizeko aste nagusiko bi kontzertu apuntatu ditut, lehena, AlphaBlondy-rena, Bergarako mundumiran egon zenean ondo disfrutatu genuen eta errepikatzeko gogoz nago. Bestea klasiko bat, BerriTxarrak, uda guztian aire librean egingo duten kontzertu bakarra izanda, auto-engainatzeko aitzakiarik ez zait falta.
Donostiako eta Bilboko aste nagusietara ere, egun batez bada ere, beti joaten gara, oraindik ze kontzertu dauden ez dakidan arren.
Uda amaitze aldera, Osintxuko jaietako kontzertuak etortzen dira beti, aurten Emon izango dugu.
Udarako aurreikusitakoa egunero handitzen joango dela ere badakit, oraindik denbora asko falta da eta abuztuan ez dira kontzertuak faltatzen, beraz, denborarekin agenda handitzen joango da.
Aurrera begira, U2k anoetan emango duen kontzertuko eta Cock Sparrer-ek Durangon emango duen kontzerturako sarrerak erosita ditut, baina horiek, beste urtaro bateko kontuak dira.
Umorea gustuko dut. Historiak umore beltzez, ironiaz eta inteligentziaz kontatzen duen jendea estimatzen dut.
Buenafuenteri entzun nion behin umorez egiten diren kritikak era bikoitzean asimilatzen ditugula. Ideia bat indar handiarekin zabaltzen da irribarreen bidez.
Horregatik dira Antena 3eko berriak diren bezalakoak eta horregatik existitzen da Intereconomia katea.
Sistemaren aurka, umore kritikoa egiten dutenak ere existitzen dira. Gertuko famatu gutxi ezagutzen ditudan arren, estatubatuetako bi adibidekin etortzea nahi izan dut gaurkoan.
Bill hicks eta George Carlin. Beraien aurkezpen gutun bezala, onena bakoitzaren bideo bat jartzea izango da.
Bill aurkezteko, berari buruz egin zen dokumental baten trailerra ikustea aproposa dela uste dut.
George aurkezteko, bere bakarrizketa ospetsuena ikustea izango da aproposena:
Biak daude hilak baina desberdintasun batekin, Bill oso azkar joan zitzaigun(32 urterekin) eta George orain dela gutxi, 2008. urtean 71 urterekin hil zen.
Bien umorea gustatzen zaidan arren, ni Bill Hicksen zale amorratua naiz. Tool-en Ænima diskaren kontraportadan irakurri nuen ohorezko nota bategatik ezagutu nuen Another hero dead eta hortik aurrera sarean dauden bere ikuskizun eta testu gehienak aztertu nituen.
Carlinen umorea asimilatzeko errazagoa da, estilo komertzialagoa zuen eta bere saioak oso borobilak izaten ziren. Hicks-ek estilo punkyago zuen eta aurrez inork kritikatu edo ezbaian jarri ez zuena aztertzen zuen. Horrez gain, musikazale amorratua zen.
Gaurko bi protagonisten bideo batzuen loturak uzten dizkizuet, guztiak dituzte gaztelerazko azpitituluak. Ingelesarekin ondo eramaten bazarete, material mordoa dago youtuben eta P2P sareetan.
Pasa den
larunbatean, Bergaran, erramu zapatua ospatu genuen. Goizean feria eta gabean azken
urteetan esponentzialki hasten doan festa.
Ekimen berri eta
ezohiko bat ere izan zen, zabalotegi aretoan 12-14 urteko gazteendako disko
jartzaile bat jarri zuen udaletxeak. Ideia interesgarria eta berritzailea
iruditu zitzaidan. Adin horretako jendearendako gauza gutxi daude eta ondo
akordatzen naiz, orain dela urte batzuk, galduta ibiltzen ginela egitarauan
guretako zerbait bilatzen.
Arazoa edo nire
kezka ordea, DJak zer musika mota jarriko zuen zen. Makurtuta bertaratzea ere
pentsatu nuen SGAEko estupa baten antzera, baina normala den bezala ez nintzen atrebitu.
Gaur
goiena.net-en festaren irudi batzuk jarri dituzte eta bertan susmatzen nuena baieztatzen
da. Patxanga festa izan zen.
Aspertuta nago
egoera musikal honekin, larunbatetan musikaz kexatzen naizenean, gehiengoak
Lady gaga, parrapapa edo reggaetona gustatzen zaiola argudiatzen didate lagunek
eta beste musika estiloak ez direla festarako esaten didate.
Galdera betikoa
da, gehiengoari patxanga gustatzen zaiolako jartzen da patxanga? edo patxanga
jartzen delako gustatzen zaio gehiengoari musika estilo hori? Rock, folk, punk,
jazz, pop, hardcore, heavy, thrash, rap, techno edo beste mila etiketatako
kanta dantzagarri asko daude eta 40
principales edo gazteak-en
anplifikadore izatea ez da aukera bakarra.
12-14 urtetako
gazte guztiei parrapapa festa bat
antolatzen badiegu, musikazaleen harrobiak hartuko duen norabidea argia izango
da. Beharrak sortu egiten ditugu.
Teknologia
berriek imajinatu ere ezin dugun musika kantitate eta barietatea eskaintzen
diguten bitartean, horrelako ekimenek, artaldea 4 hit-ekin asearazten dute eta
hori ez da batere aberasgarria.
Urte gutxi barru,
gazte horiek batxilergora joango dira eta bertan, alternatiba musikalak
aurkituko dituzte, ardi beltz ugarik utziko du artaldea baina beste askorentzako
berandu izango da.
Eskerrak, txosna,
gaztetxe eta taberna alternatiboak ditugula, fast food musikatik aldendu eta gauak kulturizatzen dituztenak.
Amaitzeko, Berri txarrak-en SMT (Shitty Music Tavern) kantarekin
uzten zaituztet.
Zenbat pijada entzun behar diren gure inguruko tabernetan telebistako kateak bailiren horteroen lehiaketak
Aspertuta gaude egoerarekin rock falta honekin
Eta iragarki komertzialek markatzen badizuete ildoa esango hemengo taldeek zertan dute ba geroa
Nazkatuta
Are gehiago esango nuke eta ez gaizki hartu hemen rocka hasi zenetik hogei urte pasa badira esaidazue zergatik jaialdietan beti berdina entzuten da ez al gaude eszenaren alde?
Barkatu ez bazaizu gustatzen baina jotzera goaz inoiz baino altu eta ozenago eta zikinago
Musika digitalaren
kontsumitzaile bezala ikusten dut nire burua. Ez daukat binilorik eta CD gutxi
ditut hautsaren zain nire apalean. Ordenagailuan ordea, milaka diskoko datu
basea daukat eta egunero ematen diot erabilera. Gizartearen gehiengoa ari da
aldaketa digital honetara gehitzen eta askotan guzti honen abantailak
aldarrikatzen ditugunez, gaur desabantailak komentatzea erabaki dut.
Disko bat,
esperientzia bat da. Honen azala eta diskoa edo biniloa martxan jartzeak
suposatzen duen erritualak esperientzia ugaldu eta asetzen du. Artxibo digital
batek ezingo du inoiz hori ordezkatu.
Horrez gain, nire
ustez, oraindik ere garrantzitsuagoa den musika
entzuteko era aldatzen ari da.
Gure gizarte
kapitalistan, gauzak muxutruk direnean balorea galtzen dutela uste dugu.
Inkontziente egiten dugun erreakzioa da, baina horrela izaten da. Kontzertu
berdin baten aurrean, hau ordaindu edo muxutruk bada, lehen aukerak gehiago
asebetetzen gaitu. Diskoa ordaindu ez dugunez, gainetik entzun eta lehen
entzunaldian gustuko ez badugu zakarrontzi digitalera botatzen dugu.
Inori ez zaio gustatzen garagardoa, kafea edo tool lehen aldiz kontsumitzen duenean. Musika
disko batzuk ezin dira lehen entzunaldian asimilatu, ezta ere diskoko single-a
bakarrik entzunda. Osotasunean entzun behar dira.
Inori ez zaio bururatzen
film baten eszena aurrera pasatzea gustuko batera heldu arte edota bazkari
batetan lehen bi platerak alboratu eta zuzenean postrera joatea. Babarrun barik
postreak ez du zentzurik. Diskoa liburu bat da eta bertako orriko paragrafo
batetan amesten badugu, aurreko orri guztien esfortzuagatik da.
Ezagunen Ipod-ean
kuxkuxeatzean, musika digitalaren sindromea pentsatu baino asimilatuago dugula
konturatu naiz. Diskoko kantak bilatzean, bakoitzeko single-a bakarrik du jende
askok. Euskadi gazteak babestutako erreproduktoreak dirudite.
Nire ohiturei
begiratzean ere, errudun sentitzen naiz. Askotan jausten naiz random deabruaren funtzioan. Autobusean
egunero disko oso bat entzuten saiatzen naizen arren, atzamarra next botoitik oso gertu dago eta askotan
jausten naiz bekatu digitalean.
Gazteagoa
nintzenean izan nuen musika irakasle batek, musika gutxiesten dugula esan zigun
klase batetan. Bere ustez, gaur egun, musika gehigarri bezala erabiltzen dugu.
Supermerkatuan atzealdean dago, etxeko lanak egiteko, nabigatzen gabiltzan bitartean,
korrika egiteko… baina jende gutxi jartzen da musika bakarrik entzuten. Bere
teoria entzun nuenean barre egin nuen, gaur arrazoia ematen diot.
Musika
prostituitu egin dugu eta ez diogu duen garrantzia ematen. Eskerrak, oraindik
ere, benetako melomanoak existitzen direla, horren adierazle hurrengo kanpaina.
Oharra: Barre egiteko
gogoarekin gelditu bazarete, hemen gai honi buruzko, Manuel Bartual-en bineta
batzuk:
Aurtengo edizioan agertu eta esandakoa ordea, nire ustez,
inoiz sortu duten egoera barregarri eta interesgarriena da.
Dena Andeka
Rico Bilbotarra programara heltzen denean hasten da, onena bideoa ikustea
izango da (2’ 54’’ momentutik aurrera hasten da zati interesgarria)
Banderaren anekdotak, egia esan niri bost axola dit. Sinboloek
egiten dute min gurean, hori behin eta berriz ikusi dugula uste dut.
Bideoko momentu interesgarria, nire ustez, Korta eta
Juanito politikaz hitz egiten hasten direnean sortzen da. Lehendakaria eta
identitate normaleko gizarte berriari buruz berbetan hasten direnean, zehazki 4’
33’’ momentuan Eusko Legebiltzarraren aurkako zirian.
Denborak erakutsiko du, Andeka pertsonaiaren etorkizuna
nolakoa izango den reality honetan.
Printzipioz horrelako ausardia edo lotsagabekeriarekin joaten diren denak,
azkar eramaten dute beraien ternua etxera.
Gainera, pentsamendu politikoaz gain, ez dirudi oso adimentsua.
Bizitza honetan ezin da anti ezer
izan dio Bilbotarrak, Andeka kontuz pentsamendu horrekin,antien antia paradoxan jausteko arriskua duzu eta. Guztiok gara
zerbaiten aldekoa eta beste gauza batzuen aurkakoa, pentsamendu kritiko eta
irekia duela erakustea nahi duen batek, bere sinesgarritasun guztia galtzen du
Madrileko tatuaia harropuzkeria horrekin erakustean. Izan eta pentsatu nahi
duzuna, baina koherentzia mantendu mesedez …
Pena, sare sozialetan Andekari eta bideo honi ematen
dioten tratamendua. Programa ikusten ez duen jende askok ikusi du momentu hau
eta Korta eta Juanito aurrez ezagutu gabe, testuinguritik guztiz atera dira
beraien hitzak. Dena den, horrelako hitz batzuk ETBren barruan entzute soila,
gaur egun garaipentzat jo dezakegu.
Gaur, Otsailak 2, egun berezi bat da. Nire film gustukoenetariko batetan azaltzen den marmotaren eguna da. Groundhog day filma, gazteleraz Atrapado en el tiempo bezala itzuli zena.
Phil eguraldiko gizona Punxtawnwey herrira bialdu dute marmotaren egunaren gorabeherak jasotzera, itzuleran ekaitz batek ezustean hartzen dio. Hurrengo goizean, ohetik jaikitzean Philek irratian aurreko goizeko programa berdina entzuten du.
Filma ohitura batetan oinarritzen da
Gaur Punxsutawney eta beste hiri batzuetan zelebratzen den festa bat da. Bertan, marmota batek, negua amaitu den edo ez adierazten du, bere itzala aztertuz. Phil marmotak neguak aurrera jarraituko duela uste badu, negua beste 6 astez luzatzen da.
Nork aukeratzen du neguak jarraitzea?
Kontuan hartuta, gaurkoan pelikula aztertzen nabilela, filmean argi ikusten da Phil marmotari adjudikatzen badiote erabakia ere, bera txotxongilo bat besterik ez dela. Bere atzean korporazio bateko jendea dago, trajedun jaunek aukeratzen dute negua noiz amaitu.
"Salbuespen egoerak negua du betikotzen"Kuraia (Akerbeltz)
Bide guztiak probatu
Phil-ek, pertsonaiak ez marmotak, (bien artean desberdintasunen bat baldin badago) denetarik egiten du zikloarekin amaitzeko: Tonelada pastel jan, suizidatu, larrua jo, pianoa joten ikasi, izotzezko estatuak egiten ikasi, kotxez trenbidetik ibili, egunean hamar zigarro pakete erre… eta halere osatugabe sentitzen da, hilezkorra da baina ez zoriontsua.
Putzu berdinean hanka sartu
Bide desberdinak probatzen dituen arren, behin eta berriz putzu berdinean sartzen du hanka.
Ez balego etorkizunik?
"Etorkizuna ikusi dezakedala sinesten dut, egun guztiak berdinak bait dira" NIN (Every day is exactly the same)
Zer gertatuko zen lau urtaroak neguak izango balira? egun guztiak beltzak balira? etorkizunik gabeko herri batean biziko bagina? Otsailak 2 etengabe batean biziko bagina?
Bere itzala baino gehiago ikusi
Zikloari amaiera emateko, negu gorriarekin amaitzeko aukera bakarra. Itzalaz haratago ikustea da, egozentrismoa ukatu eta eskuzabal jokatzea. Benetan berriak diren bideak aukeratzea, amodioa indargune duen bidea eta ez gorrotoa. Horrek amaitzen du neguarekin eta bestela galdetu gure Phil maiteari.
Egun berezia gaurkoa. Gazako sarraskiaren urtemugara heldu bait gara. Egutegian gorriz markatuta dagoen egun hau "ospatzeko" antolatu dute gaurko, “Global screening” izeneko iniziatiba. Bertan To shoot an elephant dokumentala, gaur, mundu guztian proiektatuko da.
Nik atzo eduki nuen, hau ikusteko ohorea. Gaztetxeko zineklubean egun bat aurreratu ginen eta atzorako antolatu genuen proiekzioa.
“Gaza hiri osoa bonbardeatzen ari dira eta hau hasiera besterik ez da…”
Horrela asten da filma. Dokumentala gogorra da. Oso gogorra.
Bertako umeek, ez dute grabazio hau ulertzen, ez dakit bertako egoera dagoeneko normal bezala hartzen duten, gauza da, gerra erdian kamarak beraie enfokatzerakoan, behien eta berriz “Jauna, zergatik grabatzen diguzu?” galdera egiten dutela. Erantzuna dirudiena baino askoz ere zailagoa da.
Guk badakigu zer gertatu zen, zer gertatzen ari den, eta tamalez, oraindik, zer gertatuko den. Badakigu, bertako medikuei tirokatzen zaiela, badakigu fosforo bonba ilegalak erabiltzen direla, badakigu zibilak direla helburu, badakigu Israelek lege guztiei muzin egin eta sudur puntan jartzen zaiona egiten ari dela.
Irudi gogor hauek ikusi gabe ordea, ez gara kontzientziatzen. Zenbat aldiz entzun dugu, telebistan agertzen ez dena, ez dela existitzen? Horregatik grabatu zaituzte ume, errealitate bat, mundu guztiari helarazteko. Egoera gazi horren irudiek munduari buelta emateko.
Irudi batek, mila hitz baino gehiago balio duela esan ohi da. Ikustea nahi ez duena baino itsuagorik ez dagoela ere esan ohi da, ordea.
Horretarako antolatu da “Global screening” iniziatiba, gure mundu itsuari gauzak garbi erakusteko.
Gure bizitza moderno eta komodoa eten, eta gure buruari galdera batzuk egiteko.
Aprobetxatu aukera, gaur egun berezi bat da, onartu egin diguten oparia eta ikusi dokumentala. Aukera asko daude:
Zuzeneko proiekzio batera joatea. 33 estatu baino gehiagotan proiektatuko da gaur. Euskal Herrian, proiekzio asko antolatu dira. Gaztetxe, antzoki… eta bestelakoetan egongo da TSAE ikusteko aukera. Ikusi hurrengo estekan, etxetik gertuen duzun proiekzioa.
Beste aukera bat, gabean Hamaika telebistan ikustea.
Beraz, ez dago aitzakiarik, Creative Commons lizentziapean hedatu da lana eta honek distribuzioa ikaragarri ugaldu du. Filma ingelesez dago, 16 azpititulurekin, beraien artean euskara.
Mohammad Rujailah dokumental guztian gidari bezala agertzen den gaztearen hitzekin uzten zaituztet:
Gazako zerrendan bizitza normala eraman nahi duen, 24 urteko pertsona normal bat baino ez naiz. Zaila da ordea... Hortaz, ez dakit zer gehiago nahi duten nik egitea... Ni ez naiz Hamasekoa, eta jendearen gehiengoa ere ez. Beraz, zer gertatzen da nirekin? Zer gertatzen da hemen, Gazan, dagoen ni bezalako jendearekin? Esaten baita erasoen helburua Hamas eta Palestinako beste fakzio batzuk direla. Zer gertatzen da bederatzi urteko gure anaiarekin? Eta gure arrebarekin? Nik uste dut erokeria dela. Neure burua biktimatzat ez naiz erakusten saiatzen ari. Nire ustez mundu honetan zuzena eta bidezkoa izan beharra dago, ez besterik. Jendeak nahi duen bizitza aukeratzeko paradaz eta jendeak nahi dituen ordezkariak aukeratzeko paradaz ari gara hizketan. Ez dut uste Israel, Espainia, Amerika edota Frantziaren arazoa denik.
Gurea da, barrenekoa. Beraz, nire ustez jendeak utzi beharko lioke palestinarrak salatzeari eta estereotipoen bitartez epaitzeari
Listekin jarraituz, gaurkoan, urteko kontzertuak aztertzea erabaki dut. Beste listak baino pertsonalagoa izango da, denok ez ditugulako kontzertu berak ikusi. Seguru nago ordea, kontzertu bereziren batean kointzidituko dugula.
Argazkia: @zipotz jaiak| Flickr.com (Beste kontzertu batekoa)
Irunen, Moskuko jaietan, askotan izan dut Matxet eta lagunak zuzenean ikusteko aukera, baina hau berezia izan zen. Inoiz baino indartsuago azaldu ziren.
Beste taldeak ere ez ziren gaizki ibili (Adrift, El Paramo, Layo raser). Willis Drummond da nire ustez, zuzenekoetan osasuntsuen dagoen euskal taldea. Dena ematen dute, eta horregatik izan zen berezia kontzertu hura.
Argazkia: @gauilunak| Flickr.com (Beste kontzertu batekoa)
Festa eta horrelako kontzertu bat batzen diren udako gabak dira honenak. Gainera, binomio horri portu ondoan Ekon-en Su festari, itsasoa atzean genuela gehitzen badiozu…
Aurten, Payolaren gira aprobetxatuz, lau aldiz ikusi dut Lekunberriko taldea. Guztiak egon dira ondo, baina bat aukeratzekotan, Eskoriatzarekoarekin gelditzen naiz. Set-list perfektua, giro ederra, etxetik gertu…
Argazkia: @kopretinka| Flickr.com (Beste kontzertu batekoa)
Sua eta erokeria. Gazteagoa nintzenean, asko entzuten nuen talde bat zen. Nostalgia eta espektakulu gosearekin joan ginen BECera. Espektakulu handia espero nuen, eta gehiago jaso genuen. Dudarik gabe, bizitzan gutxienez behin ikusi behar den taldea da.
Aurrerago azalduko dudan beste kontzertu bat ikustera gerturatu ginen Madrilera. Bidaia aprobetxatuz, diskoan grazia handirik egiten ez didan talde hau ikustea erabaki genuen. Baita ondo erabaki ere. Ikaragarriak, zuzenean esponentzialki hasten diren horietakoak. Kontzertuan sartu eta espazio/denboran galdu ginen, gainera kontzertuari, Madrileko txango guztia gehitzen badiogu, asteburu borobila izan zela esan dezaket.
03 - Azkena rock 09[Gasteiz (Mendizorrotza) - 2009/05/15 - 65€]
Musikaldietara, normalean, talde zehatz baten bila joaten naiz. Aurten ordea, ARF-ra ondo pasatzeko helburu hutsarekin joan nintzen. Gertuko areto batera etorri eta ikusiko ez nituzkeen talde famatu asko ikusi nituen (Alice cooper, New Christs, Toy dolls, Black Crowes…), horrez gain, ezezagunak ziren eta gaur egun nire musika bilduman dauden talde asko ezagutu nituen (TSOOL, Mike Farris,The Zombies…). Asteburu borobila izan zen, ea 10. ediziora gerturatzen garen.
02 - Nine Inch Nails[Portugal (Paredes de Coura) - 2009/07/31 - 70€]
Estatutik kanpo, kontzertu bat ikusten egon naizen lehen aldia. Abuztuan, Portugal goitik behera bisitatzen ibili ginen eta txango guztiari hasiera, musikaldi honek eman zion. Dudarik gabe, urteko esperientzia handienetariko bat. Bere burura, melomanotzat duen edonor, behartuta dagoParedes de Coura-ra joatea. Guzti horri, NIN, nire talde gustukoenetariko bat gehitzen badiogu…
01 - Muse[Madrid (Palacio de los deportes) - 2009/11/28 - 40€]
Disko berriaren gira Euskal Herritik pasatuko ez zela jakin nuenean hasi nintzen Madrilera joateko aukera aztertzen. Azken diskoa espero baino txarragoa izan arren, Muse nire talde gustokoena da. Kontzertua azal ezina da, inoiz ikusi dudan espektakulu onena.
Zuretzat, zein izan da 2009ko kontzertu gustokoena?
Bigarren dekalogoarekin nator gaurkoan, urteko film onenen lista batekin hain zuzen ere. Bi ohar txiki eta listarekin hasiko gara.
Lehena, nire filmak ikusteko sistemagatik, (Dvd Rip-ak bakarrik deskargatzen ditut) zineman ikusi ditudan filmak edo urte hasieran atera zirenak bakarrik aztertu ditzaket. Aurtengo film asko falta zaizkit ikusteko, beraz lista ez da behin behinekoa izango.
Bigarren oharra, film bat ikusi-gabe baldin baduzu, ez irakurri nik film horri buruz idatzi dudana, spoiler arriskua egon daiteke.
Besterik gabe, hasi dadila festa:
10- Pagafantas
Umorezko film natural bat. Berritzailea, kalitatezkoa. Eskerrak noizean behin etxetik gertu horrelako filmak egiten diren.
09- Angeles y demonios
Entretenigarria. “El código Da Vinci”-rekin gelditzen naiz, baina hau ere, oso gustura ikusten da.
08- Enemigos públicos
Dillinger-ek, gutxienez, horrelako film bat merezi zuen. Pelikulan sartu, eta bukatu arte bertan gelditzen zaren horietako bat.
07-RocknRolla
Guztiz Guy Ritchieanoa. Kalitatezko entretenimendua, “Lock & Stock” edo “Snatch”-en azpitik gelditzen den arren, ondo betetzen du bere papera. Ea noiz dugun bigarren zatia ikusteko aukera…
06- Up
Pixar-ekoek ez dute atsedenik hartzen. Historia polita, amesteko bezalako. Begiendako jaki gozoa.
05- Avatar
Atzo ikusi nuen, eta oraindik amesten nabil. Kritika asko irakurri ditut, onak batzuk, gehienak txarrak. Nire ustez, historia egingo duen film bat da. Efektuak, agertokiak, pertsonaiak… eta gainera, hain beste kritikatzen den argumentuari ere, ez diot akats askorik ikusten.
04- El curioso caso de Benjamin Button
Efektu berriak, zinema zaharra. Guztiok dugu bihotzean, Benjamin Button bat. Argumentua entzun nuenean, ezin interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Oraindik ere berdina pentsatzen dut, urteko film bat izan da, dudarik gabe.
03- Slumdog Millionaire
Zer esan daiteke? Mundu guztian arrakasta izan duen filma da. Historia gogor batekin datorren pelikula. Argazki ezin hobea duen film bat. Zinematik gorputza atera eta burua bertan gelditzea lortzen duen horietakoa. Merezita, izan duen arrakasta.
02- Malditos Bastardos
Tarantino burutik jota dago. Ez dut beste azalpenik ulertzen. Frantziako nazien historia bat landu, eta historia kontatu beharrean, vendetta itsu batean zentratu. Horrelako film gehiago eskatzen diot nik.
01- Watchmen
Bizitza guztia noa, komikiaren handitasunari eta edertasunari buruz irakurtzen. Indiferente uzten ez duen film bat iruditu zait. Batzuk ez dira ados egongo lehen postu honekin. Nire ustetan ondo merezitako postua da. Super-heroien film bat baino askoz ere gehiago da. Atzeko galdera filosofikoak, argazkiaren edertasuna… Berriz ikusteko gogoarekin nago. Zeinek zaintzen du zaintzailea?
Ez nuen espero, baina film dezente gelditu zaizkit errekamaran (Man on wire, Lobezno origenes, Home, Ice age 3, Push, Bruno, Futurama: Hacia la verde inmensidad, F.A.Q. about time travels …)
Zein da zuen lista? Ze film botatzen duzue faltan? Ze pelikula kenduko zenuten?
Erantzun komentarioetan, nik opari bat ekartzen dizuet eta, aurtengo film guztiekin egindako bideo muntaia bat: