2008ko Martxoak 8a
Beste urte batez gainean daukagu martxoak 8ko eguna. Mundu osoan zehar milioika emakumek ospakizun ezberdinak egingo dituzte aurreko mendeetatik datorren borroka aldarrikatzeko. Euskal Herriko emakumeok asko daukagu ospatzeko, emakumeon borrokak fruitu garrantzitsuak eman baititu aurten. Horren adibide da Emakumeen Martxarako Euskal Herriko Plataformak horrenbeste esfortzuren ostean aurreko asteetan aurkeztu duen Euskal Herriko Emakumeeon Eskubideen Karta. Dokumentu honetan mugimendu feministak egungo errealitatearen diagnostikoa egiten du, eraiki nahi den jendarte berriarentzako oinarri batzuk zehaztuz, herritartasunaren gainean hausnarketa eginez eta emakumeon eskubideak zehaztuz. Karta honek emakumeon eskubideen aldarrikapenerako tresna izatea du helburu.
Borroka eta aldarrikapen feministak ez dira berriak. Egia da aurrerapausoak egin direla berdintasunerako bidean, sufragio unibertsaletik gure egunerokotasunean eragiten duten hainbat lege aldatzeraino. Hala ere azpimarratu beharrean gaude oraindik ere emakumeok bigarren mailako biztanleak kontsideratuak garela eta emakume jaiotzeagarik, gizonek ez bezala, gure eskubideak borrokatu eta irabazi egin behar ditugula, batez ere arlo publikoan. Horretarako, askatasunean, parekidetasunean eta elkartasunean oinarritutako harreman erlazio berriak eraikitzea beharrezkoa da, gure eskubideak zapaltzen dizkigun eredu patriarkala errotik eraldatuz jendarte parekideago bat sortu eta erralitate berriak marraztea.
Borrokan jarraitzeko hamaika arrazoi dugu. Oraindik orain legeak sexuen arteko berdintasuna bermatu nahi badu ere, errealitatean ez da hala gertatzen. Bestela, nola azaltzen da horrenbeste indarkeria sexista? Zergatik da oraindik orain gizonezkoen kopurua nagusi botere eta erabaki guneetan? Zergatik ez zaie gehinetan emakumeek egiten dituzten zainketa lanei merezi duten balioa ematen? Ikasketa mailan inoiz baino prestatuago gauden garai honetan zergatik ditugu emakumeok lan kontratu prekarioenak eta langabezia tasa altuenak? Gure eskubideak zergatik jarraitzen dute sistematikoki zapalduak izaten?
Azken honen adibiderik garbiena abortuaren kriminalizazioa dugu. Desorekatutako emakumeentzat irtenbide bezala planteatzen du legediak eta ez gure gorputzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubide gaitasun bezala. Osasun zerbitzu publikoak era berean ez du abortatzeko bermerik eskaintzen, tramitazioa hainbeste luzatzen denez klinika pribatuetara jo behar izaten baitute ia emakume guztiek. Gurean kasurik larriena Nafarroakoa da. Estatu mailan legeak hiru kasu berezietan bakarrik onartzen du abortua; bortxaketa kasuan eta amaren osasuna edo umearen osasuna arriskuan dagoenean. Nafarroan hiru kasu hauetan ere ez da abortua onartzen. Abortu askea, publikoa eta doakoa aldarrikatu nahi dugu emakume guztientzat, gure gorputzaren eta amatasunaren inguruko erabakiak gurea izan behar duelako.
Guzti hau eta beste hainbat zapalkuntza, diskriminazio eta ikusezintasun egoera salatzeko, emakumeon eskubide eta beharrak aldarrikatzeko eta orain arte mugimendu feministak egin dituen lanak ospatzeko, martxoak 8an herrietan egingo diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, itotzen gaituen eredu patriarkala kolokan jarri eta jendarte berri bat sortu eta asmatu behar dugula aldarrikatzeko.
Idatzi artikulu bat