Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/10/07 14:22:09.365 GMT+2

ERASO SEXISTEI ERANTZUN!

Aurtengo udako jaietan, eraso sexista asko jasan ditugu beste behin emakumeok.  Herri, auzo nahiz txoko ezberdinetako adibide ugari eman ditzakegu, hala nola Nagoreren erailketa bortitza Iruñan edota Barañainen, Bilbo, Billabona nahiz Donostian gertaturiko bortxaketak… Gaur hemen eraso guzti hauen, publikoki atera diren eta atera ez diren guzti guztien salaketa egin nahi dugu eta gure haserrea adierazi.

 (Arrasaten, Maritxu Kajoi egunean egindako kontzentrazioa)

 

 

 

Emakumeon kontrako indarkeria, ez da gaurko kontua. Urteetan zehar emakumeak gizonarekiko mendekotasun egoeran mantendu dira. Sexuen arteko botere harremanen ondorioz, emakumeen independentzia eta integritatea urratua izan da behin eta berriz. Urraketa honen adierazle dira indarkeri sexista bezala definitzen ditugun jarrera eta jokabideak: irainak, ukitzeak, bortxaketak eta kasurik okerrenetan erailketak.

 

Uda hasieran bilgune feministan kanpaina bat abian jarri genuen jaietan jazotzen diren eraso sexistei aurre egiteko. Proposamen ezberdinak jarri ditugu mahai gainean bai prebentzio eta baita erantzuna lantzeko. Emakumeenganako indarkeriarekin amaitzea jendartearen eskaera ozena izan arren, gutxi dira aurrerapausoak eta beste behin agerian geratzen da neurri eta prebentzio kanpaina eraginkorren falta.

 

Beraz honen aurrean, hemen bildu garen guztien izenean eta Euskal Herriko emakumeen izenean  zera adierazi nahi dugu:

 

1)     Instituzioek bere konpromiso politikoa behin eta berriro adierazten badute ere, errealitateak, gaiarekiko benetako ardura eta erantzukizunik ez dutela adierazten dute. Bada garaia, itxurakeria eta zurikeria alde batera utzi eta benetako konpromiso politikoa hartzeko.

 

2)     Emakumeok autodefentsaren bidez eta gure arteko elkartasunean gure eskubideen alde borrokatzeko prest gaudela. Egun dagoen berdintasun faltsua desitxuratu eta indarkeri sexistari aurre egiteko gogotsu garela, egunerokotasunean jasaten ditugun eraso sotiletatik hasi eta bortizkeri kasu larrienei salaketa irmoa eginez.

 

3)     Gure herrietan, gure espazioetan, gure lantegietan… ematen diren jarrera erasokorrak gaitzetsi eta erasotzaileak kanporatu behar ditugu. Jarrera eta eraso hauek onartezinak direla garbi esanez.

 

4)     Denon ardura da indarkeri sexistari aurre egitea. Beraz, iraunkorki jarraitu behar dugu, urtero bezala jai batzordeek eta jendarte osoak indarkeri sexistari aurre egiteko konpromisoak hartzen. Kalera atera behar dugu erasoen tamainako erantzuna ematera. Oraindik ere eginbeharrekoen zerrenda luzea da eta pausu errealak emateko zailtasunak ugari diren arren guztion esku dago honi erantzutea.

 

Lan handia dugu aurretik, emakumeen eskubideen aldeko borrokak ez baitu etenik. Haserre gaude eta beste behin emakumeonganako indarkeriarekin amaitzea exijitzen dugu. Jarrai dezagun feminismotik lanean, emakumeoi zor zaiguna borrokatuz Euskal Herri feminista lortu arte!

 

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!!

GORA BORROKA FEMINISTA!

 

 

 

Nork: bilgunefeminista.2008/10/07 14:22:09.365 GMT+2
Etiketak: sexistak eraso arrasate kontzentrazioa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak