Gaurko egunak
ez du beharbada egutegian beste munduko garrantziarik izango, baina
emakumeon eskubideen aitortzari dagokionean, kontutan hartzeko eguna
da. Izan ere, maiatzaren 28a Emakumeon Eskubide Erreproduktiboen Nazioarteko
eguna baita.
Zertaz dihardugu
baina eskubide erreproduktiboei buruz dihardugunean?

Ezer baino lehen
giza eskubideetaz berbetan ari garela azpimarratu behar dugu. Eskubide
hauek pertsona guztiei dagozkie eta sexua, azalaren kolorea, adina,
sexu orientazio, erlijio, ideologia, etab. guztien gainetik dago. Helburua
azken batean, pertsona orok bizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatzea
da eta bidenabar, berau garatzeko duen eskubidea.
Eskubide sexual
eta erreproduktiboak giza eskubide hauen barruan sartzen dira eta helburua,
pertsona guztiek sexualitate eta erreprodukzioari dagokionean, diskriminazio,
mehatxu eta indarkeriarik jasan behar ez izateko eskubidearen oinarriak
zehaztea dela esan daiteke. Eskubideak pertsona guztientzako balio duten
arren, emakumezkoen kasuan eta erreprodukzioaren ikuspegitik ikusita,
bestelako ezaugarri batzuk nabarmentzen dira. Bizitzeko eskubidea pertsona
guztiok dugu, baina emakumezkoek haurdunaldi txar batean gure bizitza
arriskuan ez jartzeko eskubidea dugula aldarrikatu beharra daukagu.
Hezkuntza eta informazioa jasotzeko eskubidea ere behin behinekoa da,
baina emakumezkoen kasuan, ugalkortasuna kontrolatzeko bitartekoen berri
jasotzea gure burujabetzarako behar beharrezkoa da. Eskubide erreproduktiboen
baitan kokatzen da era berean, seme-alaba kopurua eta berauek edukitzeko
denbora tartearen inguruko erabakiak hartzeko eskubidea.
Euskal Herriko
Bilgune Feministatik eta testuinguru hau kontutan hartuta, emakumeon
eskubideen borrokan gure eskubide erreproduktiboen inguruko gogoeta
plazaratzea ezinbesteko ikusten dugu, eta batez ere, bi aldarrikapen
luzatu nahi ditugu. Alde batetik, ABORTATZEKO ESKUBIDEA aldarrikatu
nahi dugu. Azken hilabeteetako gertakarien ondorioz, emkumeok urte luzetan
lortutako hainbat espazio arriskuan daudela baieztatu dugu. Gobernuetatik
eta elizatik ofentsiba gogorrari ekin diote, gure gorputzaren inguruko
erabakiak hartzeko ditugun aukera murritzak ere kendu nahi dizkigutelarik.
Horregatik, ABORTU LIBREA ETA DOAINEKOA exijitzeko inoiz baino ozenago
oihu egitea dagokigu.
Bestalde, AMATASUNA
GURA DUGUN MODUAN BIZI ETA GARATZEKO eskubidea ere aldarrikatu nahi
dugu. Gure gorputzaren inguruan erabakiak hartzeko aukerak izateak,
amatasuna nahi dugun bezala garatzea suposatzen du. Pertsona osoak eta
libreak izan nahi dugu, eta horretarako guk geuk hartu behar ditugu
gure bizitzan eragingo duten erabakiak. Gure osasunaren inguruan ez
dezala inork erabaki, ez politikariek, ez instituzioek, ezta inolako
erlijio buruek. Eskubidea dugu, gure osasun fisiko zein psikikoa bermatzeko
baliabideak eskainiko dizkigun sistema publiko bat edukitzeko.
Idatzi artikulu bat