Abortua eskubidea den heinean, haren despenalizazioa eskatzen dugu Bilgune Feministatik 2009ko martxoaren 8 honetan.
Emakumeek bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dute aurten ere. Hori adierazi dute Bilgune Feministako kide Maider Goikoetxeak, Edurne Epeldek, Izaskun Guarrotxenak eta Miren Arangurenek, Emakumeen Nazioarteko Egunaren haritik egindako agerraldian. «Gure gorputzaren inguruko erabakiak urriak dira, eta ez Osakidetzak ez Osasunbidek ez dute kontuanhartzen emakumeon iritzia, lehentasunak aztertzeko orduan», azaldu dute.
Abortuak delitua izaten jarraitzen duela gogorarazi dute, «jendarteak kontrakoa pentsatu arren». Horren adibide gisa, iaz gertatutako kasua azaldu dute: «Abortatzea posible zen klinikak guztien jomugan jarri zituzten, eta haiek itxi eta haietan abortatu zuten emakumeak deklaratzera deitu zituzten». Legean jasota dago osasun sare publikoan aborta daitekeela, baina Hego Euskal Herriko osasun sare publiko osoak eskubide hori eragozten duela adierazi dute Bilgune Feministako kideek, «hango langile guztien kontzientzia eragozpenaren bidez». Horrela, osasun sare publikoak abortatzeko eskubidea ez duela bermatzen azaldu dute. Legeak, baina, hiru egoeretan aborta daitekeela dio; hala nola haurdun dagoen emakumearen osasun fisiko eta psikikoa arriskuan dagoenean; bortxaketa kasuan; eta fetuak malformazioren bat duenean. Hala eta guztiz ere, hiru egoera horietan ere, osasun sare publikoak abortatzeko eskubidea ez duela bermatzen salatu dute talde feministako kideek.
Abortatu ahal izateko, oztopo asko gainditu behar direla adierazi dute; oztopo legalak eta oztopo ekonomikoak -abortuen %95,6 osasun sare pribatuan egiten dira-, besteak beste. Horrez gain, informazio eta prebentzio eza salatu dute: «Emakumeen arretarako zentroak itxi egin dituzte. Horiek jasotzen zuten zerbitzua mugatu dute, eta horrek ikuspegi guztiz kliniko batetik lantzea ekarri du». Orain bi urte, esaterako, abortatu zuten emakumeen %67,4 ez ziren inolako informazio zentrotara joan.
Euskal Emakumeon Eskubide Kartak jasotzen dituen eskubideak ditu helburu Bilgune Feministak. Hau da, emakumeen gorputzaren inguruan askatasunez erabakitzeko eta aukeratzeko eskubidea eta emakumeen beharrei erantzungo dien osasun zerbitzu erabatekoa eta publikoa izateko eskubidea, besteak beste. Eskubide horiek errealitate bihurtzeko, talde feministak hainbat aldarrikapen egiten dituzte: «Abortua ez da delitua, eskubidea da. Horregatik, abortuaren despenalizazioa eskatzen dugu. Horrez gain, abortuak libre eta doakoa izan behar du; beraz, osasun zentroetan bitarteko guztiak jarri behar dira»
Krisiak erasandakoak
«Urte honen hasieratik krisiaz mintzo da mundu osoa, baina emakumeok betidanik pairatu izan dugu krisia», adierazi dute Bilgune Feministako kideek. Krisiak emakumeei erasaten diela gogorren salatu dute, «geu baikara enplegu murgilduan eta lanpostu prekarioetan lanean gabiltzanak». Krisiaren ondorioak emakumeentzat «biziki larriak» izango dira, talde feministaren iritziz. Hori horrela, emakumeek lan baldintza duinetan jarduteko eskubidea bermatu behar dela aldarrikatu dute Bilgune Feministako kideek.
(Berrian argitaratutako artikulua)
Idatzi artikulu bat