2009/11/25 20:38:13.720 GMT+1
Biluztuz jantzi, identitate feministak sortuz, Euskal Herria aldatu!

Aurrekariak
Emakume abertzaleon lehen topaketa feministak 2001. urtean egin genituen Leitzan. Topaketa hauetan, Euskal Herriko emakumeon egoeraren gaineko diagnostikora hurbildu eta borroka feministan egon zitezkeen beharrak identifikatzen saiatu ginen. Behar horien artean, Euskal Herri osoan lanean jarduteko eragile feminista baten beharra azaleratu zen eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriko Bilgune feminista sortzeko baldintzak jartzen hasi ginen.
Handik urtebetera, Bilgune Feminista sortu genuen. Borrokaren bidea egiten hasi eta berehala gure praktika politikoan eta gure diskurtsoan aurrera pauso bat ematearen beharra sentitu genuen; eta horregatik, 2003ko abenduan Emakume Abertzaleon II. Topaketa Feministak antolatu genituen. Emakumeon zapalkuntzan identifikatu genituen eremu nagusietan emakumeon egoera aztertu eta beharren araberako lan ildoak zehaztu genituen. Hurrengo urteetarako Bilgunearen jarduera finkatu genuen.
Burutu genituen azken topaketak testuinguru politiko berezi batean egin ziren. 2005. urtean Euskal Herria bake prozesu baten atarian zegoen eta prozesu horretan emakumeon parte hartzearen inguruan hitz egitea ezinbestekoa iruditu zitzaigun.
Ordutik lau urte pasa dira eta gaur egun emakumeok Euskal Herrian ditugun arazo eta erronken inguruan gure ikuspegitik eztabaidatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Horregatik datorren abenduaren 12rako, Emakume Abertzaleon IV. Topaketa Feministak antolatu ditugu.
Zer landuko dugu?
Gure helburu nagusia jendartearen eraldaketa izanik, ezinbestean sistema patriarkalaren tresnen gaineko azterketa gaurkotu eta eragile feminista gisa ditugun erronkak identifikatu behar ditugu.
Sortu gineneko konpromezuari eutsiz borroka feminista eraginkor bat garatu nahi dugu. Horretarako, egun mugimendu feministan orokortua den eztabaida bati heldu nahi diogu; identitateak.
Euskal Herriko eraldaketa gauzatzeko zein praktika feminista behar dugu? Praktika hori aurrera eramateko, zein subjektu feminista behar ditugu? Subjektu horiek, zein identitate hautsi eta sortu behar dituzte?
Identitateen gaian sakontzeaz gain, mugimendu feministarentzako erronka inportantea denari ere heldu nahi diogu. Instituzioek bideratzen duten politika eta planek ez digutela balio esan dugu askotan. Baina nola ezaugarritu beharko genituzke plan, lege eta politika horiek benetan emakumeon egoera iraul dezaten? Zein analisietatik abiatu behar dugu, zein parte hartze eredu bultzatu behar dugu?
Gai hauen guztien inguruan eztabaidatu, formatu eta erabakiak hartu nahi ditugu. Emakume anitzentzako topaketak izatea nahi dugu, ahalik eta ekarpen gehien jaso eta topaketak ahalik eta aberatsen garatu daitezen. Beraz, EMAKUME!!
Zatoz datorren abenduaren 12an gurekin batera hausnartzera!
Egitaraua
9:00etan Izen-ematea.
9:45-11.30. Mahai inguru nagusia. “Nortasun feminista. Zer da eta Nola sorteen da identitate feminista?”
11.30-12.00. Atsedenaldia.
12.00-14.00. Hiru mahai inguru.
Euskal Herriko mugimendu feministak. Identitatea landu duten diskurtso eta praktikak.
Identitate feministarik gabe, ba al dago Euskal Herria aldatzerik?
Sexu identitateak. Eztabaida berriak.
14:00-16:00 Bazkaria
16:00-16:30 Ideia eta ondorio nagusien bateratzea
16.30-18.30. Mahai inguru nagusia.
Genero politikak vs. Analisi feministak. Euskal Herriko emakumeen egoerari begiratzeko bi modu.
18:30- Amaiera ekitaldia
Inskripzioa egiteko: www.bilgunetopaketak.mundua.com
Kontu korrontea: 3035 0134 46 1340042190 Ingresoa egiterakoan izen abizenak ipini
Prezioa: 15 euro / Langabetuak: 8 euro
Informazio gehiagorako: ehbf@bilgunefeminista.org
telefonoa: 609921373 (16:00etatik 20:30etara)
*Haurtzaindegi zerbitzua egongo da.
Nork: bilgunefeminista.2009/11/25 20:38:13.720 GMT+1
Etiketak:
jantzi
biluztuz
feministak
topaketa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/03/06 15:47:28.356 GMT+1
Abortua eskubidea den heinean, haren despenalizazioa eskatzen dugu Bilgune Feministatik 2009ko martxoaren 8 honetan.

Emakumeek bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dute aurten ere. Hori adierazi dute Bilgune Feministako kide Maider Goikoetxeak, Edurne Epeldek, Izaskun Guarrotxenak eta Miren Arangurenek, Emakumeen Nazioarteko Egunaren haritik egindako agerraldian. «Gure gorputzaren inguruko erabakiak urriak dira, eta ez Osakidetzak ez Osasunbidek ez dute kontuanhartzen emakumeon iritzia, lehentasunak aztertzeko orduan», azaldu dute.
Abortuak delitua izaten jarraitzen duela gogorarazi dute, «jendarteak kontrakoa pentsatu arren». Horren adibide gisa, iaz gertatutako kasua azaldu dute: «Abortatzea posible zen klinikak guztien jomugan jarri zituzten, eta haiek itxi eta haietan abortatu zuten emakumeak deklaratzera deitu zituzten». Legean jasota dago osasun sare publikoan aborta daitekeela, baina Hego Euskal Herriko osasun sare publiko osoak eskubide hori eragozten duela adierazi dute Bilgune Feministako kideek, «hango langile guztien kontzientzia eragozpenaren bidez». Horrela, osasun sare publikoak abortatzeko eskubidea ez duela bermatzen azaldu dute. Legeak, baina, hiru egoeretan aborta daitekeela dio; hala nola haurdun dagoen emakumearen osasun fisiko eta psikikoa arriskuan dagoenean; bortxaketa kasuan; eta fetuak malformazioren bat duenean. Hala eta guztiz ere, hiru egoera horietan ere, osasun sare publikoak abortatzeko eskubidea ez duela bermatzen salatu dute talde feministako kideek.
Abortatu ahal izateko, oztopo asko gainditu behar direla adierazi dute; oztopo legalak eta oztopo ekonomikoak -abortuen %95,6 osasun sare pribatuan egiten dira-, besteak beste. Horrez gain, informazio eta prebentzio eza salatu dute: «Emakumeen arretarako zentroak itxi egin dituzte. Horiek jasotzen zuten zerbitzua mugatu dute, eta horrek ikuspegi guztiz kliniko batetik lantzea ekarri du». Orain bi urte, esaterako, abortatu zuten emakumeen %67,4 ez ziren inolako informazio zentrotara joan.
Euskal Emakumeon Eskubide Kartak jasotzen dituen eskubideak ditu helburu Bilgune Feministak. Hau da, emakumeen gorputzaren inguruan askatasunez erabakitzeko eta aukeratzeko eskubidea eta emakumeen beharrei erantzungo dien osasun zerbitzu erabatekoa eta publikoa izateko eskubidea, besteak beste. Eskubide horiek errealitate bihurtzeko, talde feministak hainbat aldarrikapen egiten dituzte: «Abortua ez da delitua, eskubidea da. Horregatik, abortuaren despenalizazioa eskatzen dugu. Horrez gain, abortuak libre eta doakoa izan behar du; beraz, osasun zentroetan bitarteko guztiak jarri behar dira»
Krisiak erasandakoak
«Urte honen hasieratik krisiaz mintzo da mundu osoa, baina emakumeok betidanik pairatu izan dugu krisia», adierazi dute Bilgune Feministako kideek. Krisiak emakumeei erasaten diela gogorren salatu dute, «geu baikara enplegu murgilduan eta lanpostu prekarioetan lanean gabiltzanak». Krisiaren ondorioak emakumeentzat «biziki larriak» izango dira, talde feministaren iritziz. Hori horrela, emakumeek lan baldintza duinetan jarduteko eskubidea bermatu behar dela aldarrikatu dute Bilgune Feministako kideek.
(Berrian argitaratutako artikulua)
Nork: bilgunefeminista.2009/03/06 15:47:28.356 GMT+1
Etiketak:
abortua
m8
2009
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/10/07 14:35:14.444 GMT+2
Herenegun santurtzin 26 urteko emakumea erail zuen bere bikotekideak.
Aurten biolentzia sexistagatik hiltzen duten bostgarren biktima da Euskal Herrian.
Bihar (urriak 7) arratsaldeko 7:30eta konzentrazioa Herriko Plazan.
ERASO SEXISTARIK EZ!!!!!!!
Nork: bilgunefeminista.2008/10/07 14:35:14.444 GMT+2
Etiketak:
kontzentra
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/10/07 14:22:09.365 GMT+2
Aurtengo udako jaietan, eraso sexista asko jasan ditugu beste behin emakumeok. Herri, auzo nahiz txoko ezberdinetako adibide ugari eman ditzakegu, hala nola Nagoreren erailketa bortitza Iruñan edota Barañainen, Bilbo, Billabona nahiz Donostian gertaturiko bortxaketak… Gaur hemen eraso guzti hauen, publikoki atera diren eta atera ez diren guzti guztien salaketa egin nahi dugu eta gure haserrea adierazi.
(Arrasaten, Maritxu Kajoi egunean egindako kontzentrazioa)
Emakumeon kontrako indarkeria, ez da gaurko kontua. Urteetan zehar emakumeak gizonarekiko mendekotasun egoeran mantendu dira. Sexuen arteko botere harremanen ondorioz, emakumeen independentzia eta integritatea urratua izan da behin eta berriz. Urraketa honen adierazle dira indarkeri sexista bezala definitzen ditugun jarrera eta jokabideak: irainak, ukitzeak, bortxaketak eta kasurik okerrenetan erailketak.
Uda hasieran bilgune feministan kanpaina bat abian jarri genuen jaietan jazotzen diren eraso sexistei aurre egiteko. Proposamen ezberdinak jarri ditugu mahai gainean bai prebentzio eta baita erantzuna lantzeko. Emakumeenganako indarkeriarekin amaitzea jendartearen eskaera ozena izan arren, gutxi dira aurrerapausoak eta beste behin agerian geratzen da neurri eta prebentzio kanpaina eraginkorren falta.
Beraz honen aurrean, hemen bildu garen guztien izenean eta Euskal Herriko emakumeen izenean zera adierazi nahi dugu:
1) Instituzioek bere konpromiso politikoa behin eta berriro adierazten badute ere, errealitateak, gaiarekiko benetako ardura eta erantzukizunik ez dutela adierazten dute. Bada garaia, itxurakeria eta zurikeria alde batera utzi eta benetako konpromiso politikoa hartzeko.
2) Emakumeok autodefentsaren bidez eta gure arteko elkartasunean gure eskubideen alde borrokatzeko prest gaudela. Egun dagoen berdintasun faltsua desitxuratu eta indarkeri sexistari aurre egiteko gogotsu garela, egunerokotasunean jasaten ditugun eraso sotiletatik hasi eta bortizkeri kasu larrienei salaketa irmoa eginez.
3) Gure herrietan, gure espazioetan, gure lantegietan… ematen diren jarrera erasokorrak gaitzetsi eta erasotzaileak kanporatu behar ditugu. Jarrera eta eraso hauek onartezinak direla garbi esanez.
4) Denon ardura da indarkeri sexistari aurre egitea. Beraz, iraunkorki jarraitu behar dugu, urtero bezala jai batzordeek eta jendarte osoak indarkeri sexistari aurre egiteko konpromisoak hartzen. Kalera atera behar dugu erasoen tamainako erantzuna ematera. Oraindik ere eginbeharrekoen zerrenda luzea da eta pausu errealak emateko zailtasunak ugari diren arren guztion esku dago honi erantzutea.
Lan handia dugu aurretik, emakumeen eskubideen aldeko borrokak ez baitu etenik. Haserre gaude eta beste behin emakumeonganako indarkeriarekin amaitzea exijitzen dugu. Jarrai dezagun feminismotik lanean, emakumeoi zor zaiguna borrokatuz Euskal Herri feminista lortu arte!
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!!
GORA BORROKA FEMINISTA!
Nork: bilgunefeminista.2008/10/07 14:22:09.365 GMT+2
Etiketak:
sexistak
eraso
arrasate
kontzentrazioa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/09/29 14:59:17.685 GMT+2
ERASO SEXISTEI ERANTZUN!
Urriak 3, Ostirala
MARITXU KAJOI egunean, Arrasaten
19.00eta Herriko Plazan
Kontzentrazioa
Udan zehar Eraso Sexista askoren berri izan dugu zoritxarrez;
bortxaketak, jipoiak, erasoak, irainak eta baita heriotzak ere.
Euretako asko jai giroan gertatu direla kontutan hartuta, eraso hauek salatzeko eta jaiak, kaleak eta gauak emakumeonak ere badirela aldarrikatzeko,
Euskal Herriko Bilgune Feministak kontzentrazioa deitu du Arrasaten, Maritxu Kajoi egunean, 'Eraso sexistei erantzun!' lemapean.
Euskal Herriko Bilgune Feminista
Nork: bilgunefeminista.2008/09/29 14:59:17.685 GMT+2
Etiketak:
sexitak
feminista
kontzentrazioa
bilgune
maritxu
eraso
kajoi
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/07/08 14:56:36.781 GMT+2
Bilgune feminista 2002an sortutako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume anitzen gogoetatik sortutako egitasmoa. Beronen xede nagusia ez da eremu guztietan parekidetasuna lortu eta emakumeak aktibatzearen helburuetara bakarrik lotzen; feminismoa borrokatzeko, beste esparruetan eragiteko era propioan ere oinarritzen da: Emakumeon Sarea.
Sarea osatzen dugun emakumeok, bakoitza bere arlo eta ikuspegitik, bilgune feministaren proiektu eta norabidean parte hartzen dugu bakoitzak nahi dugun neurrian. Bilguneak bere burua feministatzat duten emakumeen topaleku izan nahi du, Euskal Herria ezkertiar eta feminista posible dela pentsatzen duen ororena.
Honen adierazgarri da web orri hau. Bertan Bilgunearen helburu eta proiektuen berri jaso eta berauen inguruko iritzia emateko parada izateaz gain, mundu feministen ekimenen berri jaso eta parte hartzeko bideak aurkituko dituzu.
SARTU, SALTSEATU ETA IRAULI JENDARTEA FEMINISMORANTZ!!!
Nork: bilgunefeminista.2008/07/08 14:56:36.781 GMT+2
Etiketak:
feminista
web
herriko
euskal
bilgune
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/07/08 14:46:48.349 GMT+2
Nork: bilgunefeminista.2008/07/08 14:46:48.349 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/07/07 15:01:26.337 GMT+2
Arrasateko neska gaztiak lanien hasitta gaz eta Arrasateko Bilgune Feministako blog hau honen barri emuteko aprobetxau gurou!!
Pasa dan eguakotxien Arbolapetan elkartu gitzen eta bertatik pasetan zan danai, emakume izenagatik jasaten dittuzten kargak jaurtitzeko eskatu gutzien. Danerako erantzunak jaso zien, asko jende aurrien emun biherreko itxuriaz mintzo zien (bai estetikua eta baitta "emakume indartsu-autonomo-alai..." garela emun biherra). Beste batzuk, etxeko lanak hartu zittuzten mintzagai. Jende askok parte hartu hauen mural hau osatzerako orduan... hurrengo baten horma guztiak gure errealitatiaz marraztuko dittugu!!
Eskerrik asko gerturatu zitzien guztiei..
Nork: bilgunefeminista.2008/07/07 15:01:26.337 GMT+2
Etiketak:
gazteak
arbolapeta
murala
neska
topaketa
kargak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/29 09:11:39.458 GMT+2
Berdinak garela esaten duskue eta guk, buruaz baietz eitten dou. Eskubide eta betebihar bardinak aitortzen jakula ta balixo zein esparru berdinetan hezi gaittuztela. Neska eta mutilak; mutil eta neskak. Eta esaten daue bebai, bardinak garenez, burrukarako eztauela aitzakixaik, dana lortuta dauela eta galderak eittia burua nekaketia besteik eztala. Eta guk, buruaz baietz esaten jarraitzen doula emoten dau. Zorionez edo, “gauzak dien bezelakuak” eztiela argi eta garbi ezauketan dauen jendartia da guria, kontetan danetik ezagun doun errealitatera bittartien amildegi erraldoi bat dauela jakin dakixena. Askatasunaz, justiziaz, berdinttasunaz, …sunaz, …sunaz, … mintzo die eta badakigu gezurretan dabitzela, edo behinik behin, zeoze ezkutau guran.
Berdinttasunien hezittako belaunaldixa da gaztiona, baina lehenguai helduz, badakigu gauzak ez diela saldu gura duzkuen bezelakuak; sinistera iritsi garen morukuak.
Berdin hezi bagaittuzte (hezkuntzia etxia eta eskolia baino askoz gehixau dala ulertzen doula kontutan hartuta), zegatik da goi hezkuntzako ikasketetan sexuen araberako banaketia hain nabarmena? Zelan leike adibidez ingenieritzatan nesken batazbestekua hain bajua izetia eta majisteritzan aldiz kontrara? Berdin hezi bagaittuzte, zegatik Zaldibarreko futbol txapelketan eztau jolasten dauen neska kuadrilaik? Zegatik eztaue ein aurrera berau sustatzeko saiakerek? Berdin hezi bagaittuzte, zela da posible urtero herrixen hamaika musika talde sortzia eta neskek parte hartzen dauienak gutxien gutxienekua izetia? Eta era berien, abesbatza, musika eskola eta bestelako talde kulturaletan gero ta mutil gutxiau egotia? Berdin hezi bagaittuzte, zelan leike kuadrila gehixenak mutil edo neskaz osatuta bakarrik egotia? Eta belaunaldi gaztienetan be joera hau errepikatzia?
Berdin hezittako belaunaldixa izeteko neska ta mutilen arteko ezberdinttasun larrei ez al die honeik?
Askotan kanpora begiratu ohi dou jendartian egoeriaz gogoeta eitten dounien, gure inguruai begiraketan ikesteko betaurrekuak faltako bagenittu bezela. Genero indarkerixaz arduratzen gare eta gizon-emakumien arteko soldata ezberdintxasunaz, baina gure errealitatia marrazten dauien egoeren aurrien ez ikusixana eitten dou, inporta ejakulako, interesetan ez jakulako edo pentzetia eta pentzaraztia, beste ardura ez-eroso bat bat bihurtu dalako. Eta ardurak, bistan danez, ez daz modan.
Testuinguru honetan arrasatear neska kuadrila batek galdera honein inguruan gogoetia eitteko arduria hartu gura izen dou, marraztu duzkuen errealitate hori gure koloriekin margotu biherra daukoula sinistuta. Eta pentzetan dou, marguok, feminismuan kolorien kaxatik atara biheko dittugula.
Asko gare eskubide eta betebiharrei dagokixonien berdinttasuna aldarrikatzen doun pertsonak, baina feminismo berbia agertzen danien eta beronen aldarrikapen ideologikuak azalaratzen dienien, erreakzio alergiko baten tankerako zeoze sortzen da jende askon baittan. Feminismua eta feminitatian arteko dilema antzeko batek gure barrenak aztoratzen dittuel dirudi, bixak batera fatia ezinezko bailitzan. Hori gutxi ez eta, patriarkatua gure jendartia antolatzen dauen egitura hierarkikua dala esatiak bildur antzeko bat sortarazten dau askon artien, feminismua gizonen kontrako ofentsiba antolatu bat balitz bezela. Berbia bera demonizatzia lortu da eta egun, asko die matxismuan parekotzat ulertzen daueinak. Esan ohi dan moruen ezezagutzia oso erosua da ta gainera, esango gaunke, lotsabako xamarra be badala. Holakotan, pentzetako ardura apur bat hartzia nahikua izen leike betaurreko berrixak janztian saiakeria eitteko...
Galdera eta ardura hartze honeittatik sortu da ARRASATEKO NEXKA GAZTIEN TOPAKETIA antolatzeko gogua. Zalantza eta gogoeta honeittatik abiatuta, EZTABAIDATZIA gurou, neska izenagatik bizi dittugun errealitatien inguruen berba eittia, emun biherreko aurrera pausuetaz jardutia, baina batez be, neska eta gazte izenagatik dittugun iritzi eta bizipenenak elkatrukatzia. Elkartruke horretarako gune izen gure dau topaketa honek. Horregatik, datorren zapatuan, maiatzan 31an goixeko 10.30etatik aurrera Monterrongo atien elkartuko gare, hontaz danaz berba ein ta gure errealitatiaz eta gure kontuez berba eitteko. Danok gonbidatuta zaze!!
Nork: bilgunefeminista.2008/05/29 09:11:39.458 GMT+2
Etiketak:
gazteak
arrasate
topaketak
neska
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/28 12:55:37.928 GMT+2
Gaurko egunak
ez du beharbada egutegian beste munduko garrantziarik izango, baina
emakumeon eskubideen aitortzari dagokionean, kontutan hartzeko eguna
da. Izan ere, maiatzaren 28a Emakumeon Eskubide Erreproduktiboen Nazioarteko
eguna baita.
Zertaz dihardugu
baina eskubide erreproduktiboei buruz dihardugunean?

Ezer baino lehen
giza eskubideetaz berbetan ari garela azpimarratu behar dugu. Eskubide
hauek pertsona guztiei dagozkie eta sexua, azalaren kolorea, adina,
sexu orientazio, erlijio, ideologia, etab. guztien gainetik dago. Helburua
azken batean, pertsona orok bizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatzea
da eta bidenabar, berau garatzeko duen eskubidea.
Eskubide sexual
eta erreproduktiboak giza eskubide hauen barruan sartzen dira eta helburua,
pertsona guztiek sexualitate eta erreprodukzioari dagokionean, diskriminazio,
mehatxu eta indarkeriarik jasan behar ez izateko eskubidearen oinarriak
zehaztea dela esan daiteke. Eskubideak pertsona guztientzako balio duten
arren, emakumezkoen kasuan eta erreprodukzioaren ikuspegitik ikusita,
bestelako ezaugarri batzuk nabarmentzen dira. Bizitzeko eskubidea pertsona
guztiok dugu, baina emakumezkoek haurdunaldi txar batean gure bizitza
arriskuan ez jartzeko eskubidea dugula aldarrikatu beharra daukagu.
Hezkuntza eta informazioa jasotzeko eskubidea ere behin behinekoa da,
baina emakumezkoen kasuan, ugalkortasuna kontrolatzeko bitartekoen berri
jasotzea gure burujabetzarako behar beharrezkoa da. Eskubide erreproduktiboen
baitan kokatzen da era berean, seme-alaba kopurua eta berauek edukitzeko
denbora tartearen inguruko erabakiak hartzeko eskubidea.
Euskal Herriko
Bilgune Feministatik eta testuinguru hau kontutan hartuta, emakumeon
eskubideen borrokan gure eskubide erreproduktiboen inguruko gogoeta
plazaratzea ezinbesteko ikusten dugu, eta batez ere, bi aldarrikapen
luzatu nahi ditugu. Alde batetik, ABORTATZEKO ESKUBIDEA aldarrikatu
nahi dugu. Azken hilabeteetako gertakarien ondorioz, emkumeok urte luzetan
lortutako hainbat espazio arriskuan daudela baieztatu dugu. Gobernuetatik
eta elizatik ofentsiba gogorrari ekin diote, gure gorputzaren inguruko
erabakiak hartzeko ditugun aukera murritzak ere kendu nahi dizkigutelarik.
Horregatik, ABORTU LIBREA ETA DOAINEKOA exijitzeko inoiz baino ozenago
oihu egitea dagokigu.
Bestalde, AMATASUNA
GURA DUGUN MODUAN BIZI ETA GARATZEKO eskubidea ere aldarrikatu nahi
dugu. Gure gorputzaren inguruan erabakiak hartzeko aukerak izateak,
amatasuna nahi dugun bezala garatzea suposatzen du. Pertsona osoak eta
libreak izan nahi dugu, eta horretarako guk geuk hartu behar ditugu
gure bizitzan eragingo duten erabakiak. Gure osasunaren inguruan ez
dezala inork erabaki, ez politikariek, ez instituzioek, ezta inolako
erlijio buruek. Eskubidea dugu, gure osasun fisiko zein psikikoa bermatzeko
baliabideak eskainiko dizkigun sistema publiko bat edukitzeko.
Gure gorputzaren
inguruko erabakiak, gureak izan behar baitute eta ez beste inorenak.
Nork: Arrasateko Bilgune Feminista.2008/05/28 12:55:37.928 GMT+2
Etiketak:
eskubide_erreproduktiboak
abortua
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak