Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/06/24 16:31:15.436 GMT+2

WROCLAW

Wroclaw Poloniako hego-mendebaldean dago eta Historian zehar Txekia, Prusia, Austria eta Alemaniaren menpe egon da, II Mundu Gerraren ostean berriro Polonian sartu zen arte. Horregatik, garaiaren arabera, izen ezberdinak izan ditu (Breslavia, Breslau...) Gaur egun Wroclaw bada ere, “brosuaf” edo antzeko zerbait ahoskatu behar da. Bai zaila dela hiri honen izena egoki esatea!

Gure ibilbidetik kanpo geratzen zen, oso mendebaldean, baina batzuek Praga Berria edota Poloniako Venezia deitzen ziotela jakin ondoren, km batzuk desbideratu eta haraino joan ginen. Bestalde, guztiz harrigarria zen gaur egun halako konparazioak entzutea, azken batean, II Mundu Gerra bukatutakoan, hiriaren hiru laurdenak suntsiturik geratu ziren. Horrez gain, 90ko hamarkadan, berriztapen lanak ia bukaturik zeudela, uholdeak izan ziren eta stare miasto-a ere oso kalteturik geratu zen. Baina dagoeneko ez da hondamendi horien guztien arrastorik ikusten eta Poloniako hiririk ederrenetako bat da.

Wroclaw (Udaletxe zaharra) (2) (800x592)

Lehenengo Rynek-era joan ginen eta han koloreak ziren nagusi, inguruko etxe errenazentistenak batez ere. Erdian Udaletxe Zaharra dago, oso deigarria eta zatika egina balego bezala. XIII. mendean hasi ziren erakuntza lanak eta 250 urte iraun zuten; beraz, garai ezberdinetako estiloak nahastu ziren denbora horretan zehar. Gotikoa oso nabarmena da eta eman dioten okre koloreak berez duen xarma areagotzen du.

Wroclaw (Katedrala) (800x600)

Gero  ibaia eta kanalak ikustera abiatu ginen. Hiriaren zati handi bat Odra ibaiaren erdian dauden irletan eraikia dago eta alde  batetik bestera pasatzeko I00 zubi baino gehiago daudela diote. Guri alde modernoan dagoen Grunmaldzki zubia gustatu zitzaigun gehien. XX. mendearen hasierakoa bada ere, harrizko egitura dauka, hau da,  harrizko arku angeluzuzen batzuk gainean eta kate urdinak aldamenetan zintzilika. Antza denez, altxatu egiten da itsasontzi handiei pasatzen uzteko. Katedralera joateko beste zubi ospetsu bat zeharkatu genuen, Tumski izenekoa. Oinezkoentzat da, eta hurbildu ahala, katedralaren ikuspegirik ederrena izan genuen begi aurrean, ibaiaz bestalde haren dorre gotikoak gora, zerurantz,  eta uretan islaturik ageri baitziren . Dena oso polita, perfektuegia agian.

Hala ere, historia eta monumentuak baino askoz gehiago du Wroclaw-k, esaterako,  Poloniako unibertsitaterik garrantzitsuenetako bat  eta milaka ikasle. Egunez  hainbeste gazte-jende kalean ikustea beti izaten da pozgarria; eta gauean, nonbait, kriston giroa egotan da, baina guk ez genuen ezagutu, nahiko goiz oheratzen ginen eta.

 

Nork: Krutxo.2009/06/24 16:31:15.436 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak