Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/07/11 11:45:18.129 GMT+2

VARSOVIA

Varsovia (Zamkowy plazatik) (2) (800x597)

Poloniako hiriburua autopista, lur azpiko pasabide eta zubiz jositako makrohiria da. Trafiko handiaren erdian zaudela, tranbia edo autobusen bat hartu eta barruan babesteko gogoa ematen du, hiria tokatzen zaizun leihatila- zatiaren aurrean pasatzen ikusteko. Guk beti bezala tranbia nahiago genuen, baina ez genuen ondo asmatu eta autobusez joan ginen kanpinetik  erdigunera. Hurbildu ahala, ageri zen lehen gauza aipagarria Kultura eta Zientzia jauregia izan zen. Gaur egun etxe orratz gehiago daude Varsoviako zerumugan, baina 1955ean errusiarrek poloniarrentzako opari gisa dorre hau egin zutenean, bakarra zen eta Europako garaiena. Bloke komunista erori zen garaian, askok behera bota zezaten eskatzen zuten, baina zutik dirau eta bertan erakusketa, kontzertu eta antzezlan asko antolatzen dituzte urtean zehar.

Behin alde zaharrera helduz gero, dena zeharo aldatzen da eta beste hiri bat dirudi. Stare Miasto-n kaleak oinezkoentzat dira eta adokinak daude; handik ibiltzea guztiz atsegingarria izaten da. Rynek-en edo Merkatuko plaza zaharrean oraindik ikus daitezke 1945ko argazki batzuk, II Mundu Gerraren osteko hondamendia erakusten dutenak. Naziek behin eta berriro bonbardatu zuten Varsovia, batez ere 1944ko altxamenduan eta lurrarekin berdindua geratu zen hiri osoa. Armistizioan Poloniako gobernuak berehala ekin zion berreraikuntzari. Lehenengo hiritarren etxeak eta mota guztietako azpiegiturak egin zituzten; eta, azkenik, 70ko hamarkadan Gazteluaren txanda izan zen. Lanok 1988ra arte iraun zuten eta urte horietan zehar varsoviar asko hara joaten ziren beren  denbora librean, kanpin dendak jarri eta musutruk lan egitera Gaztelua izandakoa hurrengo belaunaldientzat berreskuratzeko. Behar zuten dirua lortzeko poltsa bat jarri zuten eta jendeak ahal zuen diru-kopurua botatzen zuen, Estatu Batuetako eta Kanadako erbesteratuengandik ere  diru laguntza asko jaso zituzten.

XVIII. mendean Canalleto margolariak pintatu zituen Varsoviako irudiak eta geratzen ziren garai hartako plano eta marrazki guztiak erabili ziren berreraikuntzen nondik norakoak  zehazteko eta bukatu zutenean,  gezurra bazirudien ere,  hantxe zegoen berriro,  errautsetatik sortua bezala, Varsoviako Gaztelua. Zamkowy plazara heltzean,  alde zaharreko ikuspegirik ederrena genuela begi aurrean konturatu ginen: eskuinaldean Gaztelua, berriztatutako burgesen etxeen gainetik San Juan katedraleko teilatua eta dorrea, eta erdian Segismundu erregea  zutabe garai baten gainean. Handik Krakowiskie kalean behera jarraitu genuen, Varsoviako garrantzitsuenetako bat, bertan hainbat monumentu eta ondare historiko baitaude -antzinako elizak, jauregiak, Unibertsitatearen sarrera nagusia eta bukaeran Koperniko Staszic jauregiaren aurrean eserita-.  Kalea ez da oso luzea eta oinez lasai ibil daiteke. Erdibidean Namiestnikowski jauregia dago, Presidentearen egoitza gaur egun.  Baina ez genuen ikusi, ez. Handik sartu eta irten zebiltzan auto ofizialei begira geratzen ginen ea bera zihoan; baina ez, batzuek Japoneko enbaxadakoak ziruditen, beste batzuk gizon trajedun dotoreak ziren, baina bera ez.

Nork: Krutxo.2009/07/11 11:45:18.129 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak