Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/07/04 18:02:53.975 GMT+2

POZNAN, GNIEZNO, TORUN ETA GDANSK

Hiriez gain, Polonian beste hainbat herri  bisitatzea ere merezi du- hegoaldean Zakopane eta Chocholow ikusi gabe utzi genituen eta Krakovia inguruan Pszczyna eta Czestochowa, esaterako- baina guztietan geratzea amaiezina izango zelakoan, iparralderaino hiriz hiri joatea erabaki genuen. Bestalde, ordura arte ikusitakoak izugarri gustatu zitzaizkigun. Egun horietan egiten zuen udaberriko giroak ere lagunduko zuen, noski, eta horregatik egongo ziren hain animaturik. Kontua da kalean jende asko zebilela eta toki askotan kontzertuak eta jaialdiak iragartzen zirela; beraz, joateko garai oso aproposa zela zirudien eta aprobetxatu behar genuen.

Behin ibilbide berria zehaztuz gero, Wroclaw-tik Poznan-era joan ginen, handik 50 km-ra dagoen Gniezno-ra eta Torun-era, Gdansk-en bukatzeko iparralderainoko etapa hau.

Poznan (Rynek) (3) (600x800)

Poznan-en inguruan laku ederrak daude, Kierskie da handiena, baina gu Malta lakuan dagoen kanpinean sartu ginen, erdigunetik hurbilen dagoena baita. Tranbian joaten ginen alde zaharrera eta bidean San Pedro eta San Pablo katedral gotikoa ikusten genuen joan-etorri guztietan. Diotenez, hantxe lurperatu zituzten poloniarrek aukeratu zuten lehen erregea, Boleslaw, eta haren aita, Mieszko dukea.

Katedralaz gain, Poznan-eko monumenturik garrantzitsuena 16.mendeko udaletxe errenazentista da. Rynek-en dago, antzinako merkatarien etxeek inguraturik, eta denak II Mundu Gerraren ostean berriztaturik.

Polwiesjska-n ere izan ginen, gehienbat hango giroa ikustearren. Dendari kalea da, baina taberna eta jatetxe asko ere badaude. Bukaeran merkataritza zentru berri bat egin dute eta halakoak sekula gustatu ez bazaizkit ere, horrek bazeukan zerbait. Alde batetik, diseinua oso erakargarria ze, adreilu gorriz egina, kristala eta burdina ere tartekatu zituzten eta antzinako lantegi birmoldatua zirudien; barruan tximinia eta labe bat ikus zitezkeen, behintzat. Bestetik, tokia ondo pentsatuta zegoen, hiritik kanpo egon beharrean, beste dendarien ondoan egin baitute, hiriko merkataritza gunea osatuz.  Litekeena da Polonian hainbeste berreraikuntza egin behar izanaren ondorioz, gaur egun arkitektura goien mailan egotea eta ikusi genuena horren adibide argia baino ez izatea.

Torunerako bidean Gniezno-n ordu pare batez geratu ginen. Hiri hau Poloniaren sorrerari lotua dago eta horren inguruan Jesus Mari Olaizolak, Txilikuk, “Bizitza eredugarriak” liburuan oso istorio polita kontatzen du. Bidaiarako  ekarri nituen liburuen artean zegoen eta Poloniara gindoazela Rufin Piotrovski-ren ihesaldia irakurtzen ari nintzen gau batean lehenengoz jakin nuen Gniezno herriaren berri, familia eslaviar txiro bateko hiru semeen kondaira  irakurtzean, hain zuzen, eta egileak esandakoa ez  desitxuratzeko hitzez hitz jarriko dizuet:

 

“Txirotasunak zein abenturazaletasunak mundua korritzera bidali zituzten Lech, Czech eta Rus anaiak, eta munduan zebiltzala, ilunabar ekaiztsu batean, arrano zuri bat ikusi zuten; arrastiriko argi gorriaren magiak liluratuta, agian, hiru mutilak arranoaren atzetik abiatu ziren eta muino bateraino jarraitu zioten: tximistak zauritutako haritz zahar baten gainean zuen habia harrapariak. “Gniezdno” esan zuen Lechek ahopean, hau da, arrano-habia, eta han bertan geratzea erabaki zuen, herri bat han sortzea –gaur egungo Gniezno herria, Varsoviatik mendebaldera dagoena-. Lech eta haren ondorengoak inguru  haietan geratu omen ziren, eta baita beste hainbat lurraldetara hedatu ere. Horietako asko nekazaritzatik bizi ziren zelai zabaletan (poland izenekotan), eta poland hartu zuten herriaren izendatzeko era ere: Polonia. Tribuaren ikur adierazle gisa arrano zuri hartu zuten, gaur egun ere Poloniaren ikur den arranoa. Beste bi anaiek aurrera egin zuten, nork bere aldetik: Czechek hegoaldera, eta han sortu zuen txekiarren herrialdea; Rusek, hirugarrenak, ekialdera, Errusia eta Bielorrusiako lurraldeetara “

 

Beste kondaira batek dioenaren arabera, Gniezno-tik hurbil dagoen Lednica lakuaren aldean jaio zen Poloniako lehen erregea. Auskalo, dena den, bertan gelditzea eta osteratxo bat egitea merezi duela uste dugu, argazki batzuk ateratzeko bai, behintzat. Eta horretan ari ginela bidegurutze batean auto-istripu bat gertatu zen. Bi autok talka egin zuten, batek stopa egin ez zuelako. Ez zen batere larria izan, txapa besterik ez, baina bataren aurrealdea eta bestearen eskuinaldea hondatuta geratu ziren. Kontua da gidariak, nahiko gazteak biak, kanpora irten eta ezer baino lehen bostekoa eman ziotela elkarri, gero oso lasai biak mugikorra atera eta deika hasi ziren. Gu aho bete hortz geratu ginen  beste espaloitik hori dena ikustean.

Torun (3) (800x600)

Azkenik, Torunera nahiko berandu heldu ginen; hala ere, gau hartan irteteko gogoa genuen eta kanpinetik alde zaharrera oinez joan zitekeenez, 8ak aldean hara abiatu ginen. Bidean zeharkatu genuen zubitik hiri zaharra ikusten zen, itxura batean, Torun-en irudirik adierazgarriena zen hura: ibaiaz bestaldean Erdi Aroko harresiak eta haien gainetik teilatu gorriak eta dorreak. Ikusgarria zen, baina arrats hartan  ez genuen askoz gehiago ikusi; izan ere, Kopernika kalean Kopernikoren etxearen bila genbiltzala, ondoko taberna batetik musika entzuten zen; kontzertua zegoen eta ia pentsatu gabe sartu ginen. Hasieratik gustatu zitzaigun, oso giro ona zegoen, jende askok abestiak ezagutzen zituen eta bandak oso ondo jotzen zuen, gitarra joleak batez ere, Josuren ustez. Abeslariak ahots indartsua eta berezia zuen; egia esan, kontzertua primerakoa izan zen. Geroago jakin genuen Raz Dwa Trzy taldea ikusi genuela, Polonian oso ospetsuak.

(Youtubetik ateratako bideoa)

Hurrengo goizean ikusi genuen Kopernikoren omenezko estatua Rynek-en edo Merkatuko plaza zaharrean. Astronomoa hainbat hiritan gogoratzen  dute, bertan ikasi edo irakatsi  zuelako, eta beste arrazoi askorengatik, noski; baina non jaio zen jakin ez arren, Torun hiriari eman diote ohore hori; azken finean, haren familiak bertako alde zaharrean etxe bat  zuen  garai hartan. Ikasle festaren bat zen eta mozorro bat jarrita atera genion argazkia. Beraiek ere mozorrotuta zebiltzan kalean diru eske. Azkenean, ez genuen jakin zer ospatzen zuten, baina moja, drakula, sendagile eta halako mozorro guztiek hiriari oso irudi alaia ematen zioten.

 

 GDANSK

Gdansk (2) (599x800)

 

“Be careful” esan zigun Torun-eko kanpinean agurtu gintuen bikote holandarrak, Gdansk-en lapurreta asko egiten zirela eta kontuz ibiltzeko. Egia esan, hirian sartzean auzo txiroak ikusi genituen eta gauza biak oso lotuta daudela uste dut. Dena den, izan genuen arazo bakarra eguraldia izan zen: euri txaparradak  batzuetan eta tenperaturak behera egin zuen nabarmen, horregatik azkenean ez ginen Hel penintsularaino igo.

Gdansk, Sopot eta Gdynia Baltikon daude eta hirurak jarraian,  horregatik esan ohi da Gdansk hiri hirukoitza dela. Sopot hondartzara joateko primeran dago; Gdyniako portua, ordea, igande goizean osteratxo bat egin ondoren, bertan dauden jatetxeetako batean bazkaltzeko. Guk  jangelak zuen itsas giroa ikusita, Coock Kapitaina aukeratu genuen zer edo zer jateko. Gdansk azkenerako utzi eta egun oso bat eman genuen hiria ikusten. Zoragarria iruditu zitzaigun.

Batetik bestera trenez joaten ginen eta Gdansk-eko geltokira heldu baino lehen 1980an bertako langileek egin zuten borrokagatik mundu zabalean hain ospetsuak bihurtu ziren untzioletan bizpahiru bider gelditu zen trena;  izan ere, izugarri handiak dira. Gero Dluga kalea bilatu eta Erdi Aroko hirian sartu ginen. Hasieran harresietako ateak eta espetxeko dorrea- gaur egun anbar museoa- daude eta kalean behera Udaletxea, gutxienez 80 m-ko dorrea duena; ikusgarria, zinez. Hortik aurrera Dlugi kaleak jarraitzen du eta erdian Neptuno iturria ikus daiteke. Antzinako merkatarien eta aberatsen etxeei begira  egin genuen kalean behera eta  bukaeran Ate Berdea topatu genuen. Hiriaren beste sarrera bat da, nahiz eta etxe handi eta dotore bat irudi. Izan ere,  bertan geratzen ziren errege-erreginak  etortzen ziren bakoitzean.

Gdansk (7) (800x592)

Handik Gdansk-eko kaira irten ginen, guztiz berriztaturik dago eta   ehunka turista ibiltzen dira gora eta behera. Aurrera jarraituz, Gdansk-eko Garabia ikusi genuen. XIV. mendeko tramankulu hau   hiriaren ikurra eta Europako bakarra dugu,  egurrezkoa da eta aldamenetan adreiluzko bi dorrek eusten diote. Zama lanak egiteko eta ontziei mastak jartzeko erabiltzen zuten. Kaira ematen duten etxeetan pasabide eta hirirako sarrera gehiago daude eta horietako batetik Mariacka-n agertu ginen, Gdanskeko kalerik politenetako bat. Etxe guztiak berriztaturik daude eta atariak espaloia baino gorago geratzen dira, terrazak bailiran. Behaldeak turistentzako dendak dira eta anbar edo Baltikoko urrea saltzen dute gehienbat. Gogoan daukat arratsaldeko ez dakit zer ordutan, oraindik hor bueltaka genbiltzala, euria hasi zuela eta korrika batean tren geltokirantz abiatu ginela  Sopoteko kanpinera joateko. Bidean ez genekien zer egin; hurrengo egunean Gdansk-era itzuli ala  pentsatuta genuen bezala, Varsoviara joan. Baina egunak aurrera zihoazen eta azkenean bidaia jarraitzea erabaki genuen.

Nork: Krutxo.2009/07/04 18:02:53.975 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak