Klaipeda Lituaniak Baltikon duen
hiririk garrantzitsuena da eta handik hegoalderantz
barne itsaso bat hedatzen da, hondarrezko arku batek Baltikotik bereizten
duena. Kondairaren arabera, Neringa jainkosak sortu zuen 100 km-ko luzera eta
km eta erdiko zabalera daukan istmo hau arrantzaleak
itsasoaren haserrealdietatik babesteko. Dunaz osatutako lur zati horretan Courlandia Istmoko Parke Naturala dago;
horregatik, Klaipedako portuan hartzen den ferrytik jaitsi eta Neringan lehen
km-ak egin ondoren, parkean sartzeagatik berriro ordaindu behar da. Aurrera
jarraitu eta pinuen artean doan errepide batetik herrixka batzuk zeharkatzen
dira, duela gutxi arte arrantzale-herriak izandakoak, gaur egun turismoak
zeharo eraldatuta, baina beren xarma gordetzen dutenak. Horrela Nidaraino heldu
ginen eta handik aurrera Errusiako muga topatu genuen; izan ere, istmoaren
beste erdia Errusiak Baltikorako irteera bat ziurtatzeko, Polonia eta
Lituaniaren artean duen eskualdearen barnean dago: Kaliningradon. Atzera egin genuen eta Nidan geratu ginen hurrengo
egunean Parnidis duna ikusi nahi genuen eta. Baita ikusi ere, baina itsasaldean
euria ari zuen eta haize hotza zebilen; orduan, iparralderantz jarraitu bitartean,
barnealdera sartzea eta Lituaniako beste alde bat ezagutzea pentsatu genuen.
Salantai inguruan Orvydas museoa
ikusi genuen. Han, lorategi zabal batean, Kazys Orvydas eskultorearen eta haren semearen lanak daude erakusgai eta
guri Txillida Leku gogorarazi zigun; ideia, noski, obrak zeharo ezberdinak dira
eta. Egurrezko irudi batzuk dauden arren,
harrizkoak dira gehienak. Batzuetan harri pilaketa hutsak direla esan
liteke, baina hain modu berezietan kokatuta, non antzinako hilerriak, basoan
galdutako tenplu aztekak edota Indiako
aztarnak ematen duten. Irudi erlijiosoak
semearenak omen dira, frantziskotarra berau, eta aitaren hilobia ere
(1905-1989) ikus daiteke. Beste konposaketa
batean herdoildutako misil bat dago eta sarreran tanke sobietar batek garai
hartako errepresioa eta haren kontra artista hauek izan zuten jarrera irmoa
erakusten du.
Gero
Plateliai aintzira, Telsiai eta Siauliai-tik igaro ginen. 100 km-tan etxaldeak
baino ez genituen ikusi. Ia denak egurrezko etxeak, horiz margotuta, eta uralitazko
teilatu ia bertikalak gainean. Ez ziren oso handiak, baina inguru ezin ederragoa
zuten: ondoan lore morez jositako zuhaixkak apaingarri gisa, lurrin oso goxoa
botatzen dutenak. Zelaietan abere asko
ibiltzen ziren eta galsoroetan zikoinak elkartzen ziren dozenaka. Poloniako ezaugarria
direla diote, baina Lituanian askoz gehiago ikusi genituen.
Siauliai tamainaren arabera, Lituaniako
laugarren hiria da eta iparraldean dagoen gune kultural eta ekonomikorik
garrantzitsuena. Eguzkiaren hiria esaten diote eta oinezkoentzako boulevarretan
eta bertako lakuetan distiratsu zegoen udaberri hartan. Bestalde, 1998 urteaz
geroztik txirrindularientzako bidegorriak ari dira zabaltzen etengabe eta bizikleta
hiri honetako ikur bilakatu da, inolako zalantzarik gabe. Siauliaik duen beste erakarpen
bat Gurutzeen Muinoa da. Hiritik 11 km-ra dago; eta, diotenez, 100.000 gurutze
baino gehiago daude jarrita muino bakarti horretan; munduko ia herri guztietakoak,
gainera. Deboziozko gurutze horiek jartzea 1850. urtetik datorren katolikoen
ohitura izan da orain arte, behintzat. Baina 1993an Joan Pablo II.a aita santua
hara joan zenez geroztik, fededunak ez ezik turista asko ere hurbiltzen dira
argazkiak ateratzeko edota sarreran saltzen dituzten itxaropenezko gurutzeak
jartzeko asmoz.
Idatzi artikulu bat